Zer da argia? zergatik da zerua urdin kolorekoa? zergatik osatzen da ostilika? zergatik ikusten dira izar batzuk besteak baino gehiago? zergatik argi gehiegi dagoenean ezin ditugu izarrak bistatu?... Zeruko argien inguruko hamaika zergatiei erantzuten saiatzen da Iruñeko Planetarioan zabaldu duten Unibertsoaren kolorea. Zeruko argiak erakusketa. Argiaren bidez Kosmosa hobeki ezagutzeko aukera eskaintzen du erakusketak.
Lurretik harago dagoenari buruz gizakiek duten informazioa, hein handi batean, argiari esker lortzen dute. Gizakia, besteak beste, ilargian egona da, baina zientzialariek ezin dituzte urrutiko astroak ukitu eta unibertsoaz ikasten dutena, jasotzen duten argia ikertuz egiten dute. Izan ere, Unibertsotik bueltan Lurrera iristen den informazioa beti uhin elektromagnetikoen bidez ailegatu izan da, hau da, argiaren bidez. Horregatik, ezinbestekoa da ulertzea argiak uhin elektromagnetikoen bidez nola ematen duen informazioa.
Erakusketak galdera asko azaleratzen dituen bezala, itaun horiek erantzuten saiatzen da. «Unibertsoa argiaren bidez mintzatzen da eta erakusketa hizkera hori ulertarazten ahalegindu da», dio Javier Armentia Iruñeko Planetarioko zuzendariak.
Ohol elkarreragileen bidez, argia zer den eta nola antzematen dugun azaltzen da. Uhin elektromagnetikoen esanahia, eta zergatik diren energia transmititzeko gai adierazten da. Halaber, gauzen kolorea antzemateko tenorean, energia ezberdineko uhinen nahasketek duten zerikusia azaltzen da.
Horrela, jasotzen den argiaren kolorea aztertuz, argia duen objektuan gertatzen ari dena jakin daiteke. Hori gertatzen da izarrekin. Horretarako, erakusketaren erdian ezarri duten kupula batean azaltzen da izarrek zergatik hartzen dituzten kolore ezberdinak. «Nolakoak diren izarrak, zergatik hartzen dituzten kolore jakin batzuk, eta nola sortzen eta desagertzen diren azaltzen saiatzen da erakusketa», azpimarratu du Armentiak.
Zeruko argien historia ere bildu da Planetarioan. Ohol ezberdinetan, zeruko gorputzek botatzen duten argia nola ikertzen den azaltzen da. Ikerketa horien bidez, izarren historia eta izar-lainoen formak ezagutzeko aukera eskaintzen da; eta baita ere, eguzkia duela 5.000 milioi urte jaio zela eta beste hainbeste iragan aurretik hilen dela.
Uhinak ere argi dira
Unibertsoak bidaltzen dituen mezu ugari gizakiarentzat ikusezinak diren uhin-luzeratan iristen dira. Horiek kontuan hartuko ez balira, gorputz astronomiko asko ez lirateke ezagutu ere eginen; haiek igorritako erradiazioa X izpi, infragorri, ultramore, irrati-uhin edo mikrouhin moduan iristen direlako Lurrera. Erakusketan horien irakurketa nola egiten den ere ikus daiteke. Sabaian zintzilikatutako hiru behatoki astronomikoen bidez, Unibertsotik heldu den argia modu eraginkorrean iritsi dela ikusteko aukera eskaintzen da.
Azkenik, urte osoan zabalik egonen den erakusketan, hirietako argi kutsadurak zeruko argiak bistatzeko eta ulertzeko garaian sortzen dituen arazoak ere islatu dira muntai batean. Izan ere, hirien argiztatze desegokiak ez du zerua egoki ikusten uzten.
Zeruko argien istorioak
Iruñeko Planetarioan zabaldu duten 'Unibertsoaren kolorea. Zeruko argiak' erakusketak argiak kosmosari buruz ematen duen informazioa nola interpretatu azaltzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu