Edo Morrosko. Jose Madriletan. Joxe Manuel etxean. Jose Manuel Ibar Azpiazu, dokumentu ofizialen arabera. Urtain kirol gaitzizenez. Boxeolaria. Europako txapelduna pisu astunetan. 71 borroka guztira. 56 irabazi. Tongoaren mamua horietako askoren gainean. Aurretik, harri-jasotzailea. Espainolez ere hitz egiten ez zekiena. Vascongaden independentziaren aurka fermuki agertu zena. Francorekin argazki bat atera omen zuena. Erabilia. Usatua. Behin eta berriz engainatua, traizionatua, saldua. Harrika botea. «Zer egin dut nik egiten dudan guztia hain zikina izan dadin?», haren izatea laburbiltzen duen galdera.
Urtain antzezlanarekin ibili zen hainbat denbora Animalario konpainia espainiarra. Arrakasta handiarekin ibili ere, Espainiako antzerkia saritzen duten Max sariei kasu eginez gero. Asteazken gauean, ordea, telebistaz pasa zuten, antzerki lan grabatua telebistaz. Estudio1 saio mitiko berreskuratuan. Teatroa telebistan, bai. Eta aitor dut, Estudio1-ko lehen garaien ikusle ez izanik, beldur apur batekin hurbildu nintzela Urtain hori ikustera. Antzerki lan grabatu bat, ez dakit, ez ote zen futbol partida bat grabatuta ikustea bezala. Hots, egingo nukeen azken gauza, a priori, zuzenekoan, bat-batekotasunean, bertatik bertara gertatzen den horretan baitute izatea, grazia bi-biek. Internet bidez ere ezin dut ikusi futbola, badakidalako segundo gutxi batzuk beranduago ari direla.
Baina, aldiz, modu positiboan harritu ninduen Urtain telebistaz ikusteak. Tranpa pixka bat ere badu. Ez da antzerki saio baten grabazio huts-hutsa, telebistak berezko dituen baliabideak erabiltzen dituelako —ez antzerki lanaren kaltean, bai ordea telebista emankizunaren mesedetan—: goi bereizmenean grabatua, errepikapenak, plano diferenteak, ikuspuntu askotarikoak ematen diote faktura telebisibo bat antzerki lanari. Eta ez du segur aski antzerki lan bat in situ ikusteak ematen duen sentsazioa erdietsiko, baina telebistarako produktu gisa funtzionatzen duela iruditzen zait, balekoa dela oso, lortzen baitu ikuslea kateatzea, kolpatzea, lurrari lotuta dagoen sofa bera ere inarrostea.
Telebistan hazi zen Urtain eta telebistan ikusi ahal izan dugu haren bizitza orain, haren naufragioa, haren azkena. Eta antzerki lan baten bitartez egin ahal izan dugu. Jarrai dezala funtzioak, beraz.
Komunikazioa. Ekografiak
Zestoako tigrea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu