ZIBERGELA. Berehalako mezularitza asko garatzen ari da

Berehalako mezularitza oso erabilgarria izan daiteke: lagunekin eta familiarekin hitz egiteko, laneko harremanetarako... Interneteko lehen solasguneak sortu zirenetik hona, sistema eta aplikazio asko agertu dira, eta zenbaitetan posta elektronikoa baino eraginkorragoa izan daitezke.

2010eko urriaren 20a
00:00
Entzun
Berehalako mezularitza kontzeptu zaharra da Internet munduan. Izan ere, 90eko hamarkadan eta XXI. mendearen lehenengo urteetan, chat-ek eta chat gune zein chat gelek arrakasta izugarria lortu zuten. Gero, norberaren mintzaideekin mintzatzeko sistema eta beste zenbait aplikazio ateratzen joan ziren. Eta dagoeneko egungo sare sozial gehienek ere beren webgunean bertan kontaktuekin hitz egiteko aukera ematen dute.

Berehalako mezularitza zertarako

Berehalako mezularitza posta elektronikoa baino eraginkorragoa da kasu batzuetan. Elkarrizketa azkarrak eta berehalakoak izateko aukera ematen du; komunikazio sinkronizatu bat, alegia. Posta elektronikoarekin, ordea, elkarrizketa bat izatea astun samarra izan daiteke, komunikazio asinkrono bat eskaintzen duelako. Hala, bakarrik nerabeen artean eta anonimotasunaz baliatuta alfer denbora igaro nahi zuten Internet zirikatzaile batzuen artean izan zuten benetako arrakasta IRC edo chat sistemek hasieran.

Berehalako mezularitzaren erabilera leku zabalagoa hartu du azken urteetan. Eta egun, bai aisialdian eta bai lan arloan ere erabiltzen da. Oso baliabide aproposa bihurtu da hainbat egoeratan: urrun dauden senide eta lagunekin mintzatzeko; nerabeek edo gazteek beren lagunekin hitz egiteko; lankideen artean elkarrizketa azkarrak edo galdera arinak egiteko, batez ere bulego banatan badaude; edo enpresa bateko baino gehiagoko langileen artean ere komunikatzeko.

Izan ere, askotan, azkarragoa izaten da klik egitea kontaktu batean eta galdera azkar bat egitea, telefono bera hartzea eta deitzea baino. Gainera, ez da telefonoa bezain intrusiboa; norbait momentu txarrean, batzartuta edo lanpetuta harrapatuz gero, elkarrizketari ahal duenean ekingo dio.

Norberaren egoera ere erakutsi ahal da, hau da, konektatua, eskuragarri, lanpetua, aldendua edo deskonektatua dagoen. Horrela, aurretik jakin ahalda mintzaide baten egoera be-rarekin hitz egin nahi izanez gero.

Aplikazio eta sistemak

Windows Live Messenger da Microsoftek eskaintzen duen aplikazioa eta berehalako mezularitzarako sistema, lehen MSN Messenger zena. Windows Live Messenger MS Windows sistema duten PCetan eta Windows Mobile duten sakelako telefonoetan erabiltzeko prestaturik dago. Berehalako mezularitzaz gain, bideo eta audio elkarrizketak ere eskaintzen ditu, eta ordenagailuetara zein telefonoetara deitzeko aukera ere bai. Erabili ahal izateko, Windows Liven izena eman behar da, http://login.live.com helbidean. Ez da hotmail.com edo live.com posta kontua izan behar; norberaren posta helbidea ere erabil daiteke. Aplikazioa MS Windows sistemetan instalatua dator, baina bestela, hemendik har daiteke dohainik: http://explore.live.com/ windows-live-messenger.

Googlek ere berehalako mezularitza sistema eskaintzen du: GTalk, alegia. Zerbitzu hori GMailen (http://mail.google. com) integratzen da; hau da, Googleren posta web zerbitzuan. Erabili ahal izateko, beraz, GMail edo Google kontu bat erabili behar da, baina hori dohainik sortu ahal da hemendik: https://www. google.com/accounts/NewAccount. Bideo eta audio elkarrizketak ere eskaintzen ditu, eta orain dela gutxi Google Voice ere integratu diote, telefono deiak egin ahal izateko. Zerbitzu hau, esan bezala, on-line erabili ahal da edo mahaigaineko aplikazioen bitartez. MS Windowserako Googleren mahaigaineko aplikazio ofiziala hemendik har daiteke: http:// www.google.com/talk/. Android sistema eragilea duten sakelako telefonoetan ere GTalk erabili ahal da. Google Talkek XMPP protokoloa erabiltzen du. Protokolo hori berehalako mezularitzarako sistema irekia da.

Yahoo! Messenger da Yahook eskaintzen duen berehalako mezularitza zerbitzua; erabili ahal izateko, webgune honetara joan behar da: http://messenger.yahoo.com/. Eta hor Yahoo! ID kontu bat sortu ahal da, edo edukiz gero, saioa hasi behar da. Aplikazio hau on-line edo mahaigaineko aplikazioekin erabil daiteke .

Facebook eta MySpace moduko sare sozialek ere eskaintzen dute berehalako mezularitza kontaktuekin.

Pidgin berehalako mezularitzarako software libre eta doakoa da; gainera, euskaraz dago eta MS Windows, Mac Os X eta Ubuntu moduko GNU/Linux sistemetan erabili ahal da. Mezularitza sistema asko eta hainbat kontu erabili ahal dira batera: AIM, ICQ, Google Talk, Jabber/XMPP, MSN Messenger, Yahoo!, MySpaceIM eta beste hainbat. Hemendik har daiteke:http://pidgin.im/ download/.

Skype eta halako VoIP apli-kazio batzuek ere eskaintzen dute berehalako mezularitza. Skype doako aplikazio bat da,eta hemendik har daitekeMS Windows, GNU/Linux eta Mac Os X sistemetarako zein sakelako telefono batzuetarako: http://www.skype.com



LibreOffice, bulegotika proiektu librea, Oracleenpresatik at

Software librearen komunitatean Oraclerekiko mesfidantza dago, eta alternatiba sortu dute
J. A. S.

Oracle oso enpresa ezaguna da informatika munduan, Oracle (http://www.oracle.com/) datu baseari esker. Baina, azken bolada honetan, software librearen munduan ere pil-pilean dago Oracle. Izan ere, Sun Microsystems enpresa erosi zuen 2010eko urtarrilean. Sun Microsystems entitatea Java garapenerako sistema eta Solaris sistema eragilearen proiektuen jabe zen, besteak beste. Gainera, MySQL datu base librea eta OpenOffice bulegotika aplikazio multzo librea kudeatzen zituen, eta Oracleren erosketaren ondorioz, haren esku gelditu dira software librea diren proiektu esanguratsu horiek.

Software hauek libreak dira oraindik ere, baina Oracle, orain arte, ez da izan bereziki ereduzko entitate bat software libreari dagokionez. Beraz, software librearen komunitatearen kide batzuek mesfidantza daukate entitate horrek zer egingo ote duen. Bi proiektu hauek arriskuan ikusten dituzte, alegia; batez ere, OpenOffice bulegotika proiektua. Horrenbestez, LibreOffice adarra sortu dute. Hau da, LibreOffice, OpenOfficetik abiatuta, Sun eta, beraz, Oracletik at dagoen proiektuaren adarra da, baina OpenOfficeren ezaugarriak eta erabilera ditu. Hori bai, hemendik aurrera bere bideari jarraitu beharko dio.

Oraindik soilik beta bertsioa dago, baina dagoeneko har daiteke hemendik, GNU/Linux, Mac Os X eta MS Windows sistemetarako: http://www.documentfoundation.org/download/.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.