ZIBERGELA. Domeinuak eta ostatatze zerbitzuak

Webgune bat martxan jarri behar izan duen elkarte, enpresa edo banako orok domeinuak eta ostatatze zerbitzuak zer diren ikasi behar izan du: zer da, zein aukeratu, zer hartu behar da kontuan...

2010eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Webguneak sareratzeko edo eraikitzeko, badaude doako guneak, baina izen edo domeinu propio batekin webgune bat argitaratu nahi duenak domeinu bat eta ostatatze zerbitzu bat izan behar ditu, orokorrean. Hain zuzen ere, behar horretan gertatu dira hainbat enpresa, elkarte edo banako webgune bat ireki beharra edo nahia heldu zaienean.

Domeinua eta ostatatze zerbitzua zer diren

Domeinua Internet dagoen ordenagailu baten helbidea da. Beraz, Interneten ostatatze zerbitzu edo ordenagailu batera iritsi nahi denean, beste guztiez bereizteko, domeinua erabiltzen da. Adibidez, nabigatzailearen helbide barran idatz daiteke webgune bat ikusteko, «www.domeinua.com», edo posta elektronikorako aplikazioan posta nori bidali nahi zaion adierazteko, «[email protected]». Hala, bada, normalean, domeinua ostatatze zerbitzu batean ostatatzen da eta ostatatuta dagoen ordenagailu horri erreferentzia egiten dio. Ordenagailu edo ostatatze zerbitzu horietatik webguneak, posta elektronikoa eta beste zerbitzu batzuk eskaini ahal dira.

Ostatatze zerbitzua (hosting ere esaten zaio), beraz, ordenagailu bat edo ordenagailu baten lekuaren zati bat eta azpiegituraren zati bat da Interneten zerbitzuak emateko gai dena.

Ostatatze zerbitzu batean domeinu bat baino gehiago ostata daiteke. Horrek esan nahi du ostatatzen den domeinuetatik iritsi ahal izango direla ostatatuaren zerbitzu berdinetara, edo domeinu bakoitzetik zerbitzu ezberdinetara. Era berean, erosi ahal dira domeinuak inongo ostatatze zerbitzutan egon gabe. Batzuetan, torkizunean erabiltzeko domeinu bat gordetzeko egiten da hori; erregistratzen da domeinua eta horrela beste inork ezin du hartu. Baina ostatatze zerbitzurik gabe, nahiz eta domeinua eduki, ezin da inolako webgunerik ostatatu edo posta elektronikorik eskaini; izena baino ez da.

Domeinua zein ostatatze zerbitzua epe zehatz batean kontratatzen dira; urte batez edo bi urtez, normalean. Beraz, epeka ordaintzen eta berritzen da, nolabait esateko. Ez da erosten behin eta akabo, baizik eta alokatzen edo kontratatzen dela esan daiteke.

Ostatatze zerbitzua ere enpresa batean edo etxe batean ere eratu ahal da. Izan ere, ordenagailu batekin, Interneterako sarbidearekin eta Routerrean zein ordenagailuan konfigurazio batzuekin, ostata daiteke domeinu bat eta Interneteko zerbitzuak eman. Baina ez da arruntena. Normalean, kanpoan kontratatzen da. Etxean egin nahi duenarentzat ondo dago ikasteko eta probak egiteko, eta enpresa batean bertan eduki nahi izanez gero, azkenean, enpresa handia ez bada, askoz erosoago eta merkeago ateratzen da kanpoan kontratatzea. Izan ere, enpresako norbait arduratu behar da zerbitzariaren mantenuaz, beti urteko egun guztietan 24 orduprest egoteko, eta ziurtasun kopiak egiteaz, eta Interneteko banda zabalera zein zerbitzari jator bat izan behar da Interneteko erabiltzaileen trafikoa jasan ahal izateko. Beraz, esan bezala, askoz erosoagoa eta merkeagoa ateratzen da kanpoan hartzea zerbitzu hori enpresa txiki edo ertainentzat, elkarteentzat edo banakoentzat.

Kontuan hartubeharrekoak

Domeinua hartzerakoan, zein izen eta zein luzapen aukeratuko diren erabaki behar da. Izena aukeratzeko orduan oreka bilatu behar da, motza eta gogoratzeko erraza izan dadin, eta, bide batez, bilatzaileentzat hitz egokiak dituenak. Pentsatutako izenarekin, domeinuaren luzapena aukeratu behar da. Luzapen bakoitzak bere esanahia dauka. Esaterako: .com hasiera batean helburu komertzialetarako pentsatuta bazegoen ere, gaur egun oso orokorra da, eta, beraz, domeinu askorekin hartzen da, helburu komertzialak eduki ez arren; .net sare eta Internetekin zerikusia duten domeinuetarako da; .info, komunikabideetarako; .edu, hezkuntzarako; .coop, kooperatibeetarako; .gov, gobernu erakundeetarako; .biz (bussiness), negozioetarako -hala ere, Bizkaian asko hartzen da, herrialdearen izenaren lehenengo hiru letrekin bat datorrelako-. Horretaz aparte, lokalizaziorako luzapenak ere badaude, adibidez: Europako .eu, Erresuma Batuko .uk, AEBko .us. Nahasketak ere egin ahal dira, .com.uk, bat aipatzearren. Izen batekin nahi beste luzapen har daitezke, batzuk izan ezik, mugatuta daude eta.

Ostatatze zerbitzua kontratatzerakoan irizpide batzuk begiratu behar dira, prezioaz gain: zenbat leku ematen den, zenbat posta kontu, hileko trafiko edo transferentzia tasa, esaterako. Gainera, oso garrantzitsua da ostatatze zerbitzuaren enpresak egunero ziurtasun kopiak egitea eta egun batzuetan gordetzea; horrela, ustekabe bat gertatuz gero, datuak berreskuratu ahal dira. Posta zerrendak sortzeko aukera edo norberak ziurtasun kopiak egiteko aukera ere oso gomendagarriak dira. Bestetik, laguntza teknikoa ona izatea ezinbestekoa da. Gainera, blog bezalako web aplikazio bat instalatu edo garatu behar bada bertan, datu basea eta programazio lengoaia bat ere ekarri behar du. Kasu horretan, garatu edo instalatuko den aplikazioaren beharrak begiratu beharko lirateke. Wordpress bat instalatzeko, adibidez, MySQL datu basea eta PHP programazio lengoaia ekarri beharko luke zerbitzariak.

Domeinu bereziak: '.tel'

J.A.S.

Domeinu batekin webgune edo posta elektronikoa eduki ahal izateko, ostatatze zerbitzu batean ostatatu behar da. Horren salbuespena .tel domeinuak dira; izan ere, oso domeinu bereziak dira. Domeinu hauek ez dute ostatatze zerbitzurik behar. Hobeto esanda, ezin dira ostatatze zerbitzu batean ostatatu. Baina ostatatze zerbitzua ez izan arren, datuak izan ahal dituzte eta enpresa, elkarte edo banako baten informazioa konfiguratu eta erakutsi ahal da domeinu horietatik. Google eta halako bilatzaileentzat ere ikusgarri dago informazio hori. Beraz, aukera jator bat izan daiteke webgune eta ostatatze zerbitzuan dirua gastatzeko ez dagoenean. Domeinu arruntak baino garestixeagoak badira ere, ez da batere garestia.

Domeinu hauen helburua helbide txartel birtuala izatea da. Bertan, harremanetarako banako, enpresa, erakunde edo elkartearen datuak jarri ahal dira, sare sozialen helbideena barne, eta datu hauek enpresa horren .tel domeinura sartzen den edonork ikusi ahal ditu.

Gainera, nahi izanez gero, vcard formatuan deskargatu ahal dira datu horiek. Vcard formatua kontaktuetarako formatu estandarra da, eta, beraz, vcard hori inportatu daiteke MS Outlook, Thunderbird edo GMail aplikazioetako kontaktuetan, beste askoren artean.

Gainera, enpresa edo elkartearen kideak eta haien datuak ere sar daitezke, eta gero .tel domeinu nagusiaren azpidomeinu bezala ikusi ahal dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.