ZIBERGELA. Esteganografia, informazioa ezkutatzeko teknikak

Esteganografiak informazioa ezkutatzeko eta oharkabean garraiatzeko teknikak ikertzen ditu. Ez da kriptografiarekin nahastu behar, bi adar desberdin dira, baina bateragarriak.

2010eko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Euskadi Digital (http://www.euskadigital.net) irrati digitalaren El Guardian (http://elguardian.euskadigital.net/) irratsaioan esteganografiari buruz mintzatu ziren, eta gai bitxia eta interesgarria delakoan, Zibergela atalaren artikulu hau ere horri buruzkoa da.

Zer da esteganografia deritzon hori

Mezuak edo bestelako informazioa ezkutatzeko teknikak ikertzen dituen gaia da esteganografia. Ezkutatu beharreko informazio edo mezu horiek hainbat elementutan txerta edo ezkuta daitezke. Informazio ezkutatua duten elementu horiek eramaileak dira. Batzuetan, kriptografiarekin nahasten da, baina adar ezberdinak dira. Nolabait esateko, kriptografian informazioa zifratzeko teknikak aztertzen dira, baina, edonork jakin dezake informazioa garraiatzen ari dela. Kasu horretan, informazioaren edukia ezkutatzen saiatzen da, soilik hartzaileak irakurri ahal izateko. Horrela, beste norbaitek informazioa ikusten badu, ezin izango du asmatu informazio horretan zer esaten den, eta ezin izango du informazio hori aldatu. Esteganografiaren kasuan, ordea, informazio bera ezkutatzen da, beraz, informazio hori hor dagoela inor ez ohartzea da helburua. Horrenbestez, kriptografia eta esteganografia bateragarriak dira; hau da, informazio zifratu bat bidali ahal da eramaile batean ezkutatuta. Era horretan, hartzaileak izan ezik, beste inork ez du jakingo eramaile horretan ezkutatutako informazioa dagoela, eta norbaitek hori asmatu arren, gainera deszifratu beharko luke informazioaren edukia ikusi ahal izateko. Adibide bat jartzeagatik, mezu bat txertatu ahal da argazki baten kodifikazio digitalean, eta, orduan, argazkia ikusten duenak argazki arrunt bat baino ez du ikusiko, mezu ezkutuaren hartzaileak, ordea, mezua dagoela jakingo du eta atera ahal izango du.

Esteganografiaren kontzeptua ez da zerbait berria, eta ez dagokio soilik informatikaren munduari. Ziur asko, txikitan, pertsona askok idatziko zuten zerbait limoizko zukuaz paper batean lagun batentzat eta lagun hartzaileak irakurriko zuen mezua pospolo bat piztuta papera hurbilduz. Eta historian ere asko erabili da, garai klasikotik azken gatazka belikoetara arte.

Eramaile digitalak

Informazioa eramaile digital mota askotan ezkuta daiteke. Testu dokumentuetan, esaterako, gizakiek ikusten ez duten zuriuneen bitartez egin daiteke. Irudietan, kolore aldaketa sumagaitz baten bitartez informazioa ezkutatzea teknikoki erraza da. Irudien informazioa gordetzeko era digitalean, pixel bakoitzaren kolorea gordetzen da. Kolore hori zenbaki batekin adierazten da, eta hori 1 eta 0 zenbakien bitartez, sistema bitarrez. Beraz, erabili ahal da argazki baten pixel bakoitzeko azken bita informazio ezkutua gordetzeko. Gizakiek ez lukete ezer nabarituko, kolore aldaketak ezin txikiagoak izango zirelako, baina mezuaren hartzaileak bai, informazioa jaso ahal izango luke. Antzeko zerbait erabil liteke bideo eta audio fitxategietan informazioa ezkutatzeko, gizakion begi eta belarriarentzat sumagaitzak diren informazioak bezala gordeko lirateke.

Esteganografiarako aplikazioak

Esteganografia erabili ahal izateko, aplikazio informatiko asko daude. OpenStego, esaterako, software librea den aplikazio bat da. Aplikazio hau dohainik har daiteke helbide honetatik: http://openstego.sourceforge.net/; webgune horretan OpenStegoren inguruko informazio eta dokumentazio asko ere badago. Plataforma anitzetan erabili ahal da aplikazioa, MS Windows eta GNU/Linux sistemetan soilik probatuta badago ere, Mac Os X eta gisako plataformetan ere erabil liteke. Aplikazio honek irudiak beste irudi batzuetan ezkutatzeko balio du. Gainera, informazioa estutu eta kodetu daiteke, eta pasahitzaren bitartez babestu.

Beste aplikazio batzuk ere badaude, esaterako MP3Stego; aplikazio hori MS Windows sistemetan erabil daiteke, eta testuak MP3 audio fitxategietan ezkutatzeko balio du. Komandoen bitartez erabili behar da, baina ez da zaila; hona hemen, lotura aplikazioa deskargatu ahal izateko eta dokumentazioa ikusi ahal izateko: http://www.petitcolas.net/fabien/steganography/mp3stego/.

Erabil daitekeen beste aplikazio bat wbStego4open da; software librea da, http://wbstego.wbailer.com/ helbidean dago eta MS Windows zein GNU/Linux sistemetan erabil daiteke. Mota ezberdinetako fitxategiak ezkutatzea ahalbidetzen du testu, html eta PDF fitxategietan zein BMP fitxategietan.



Nature Music Radio, ordenagailuaurrean erlaxazio musika entzuteko

J. A. S.

Nature Music Radio irrati digital bat da, eta helbide honetan entzuteko aukera dago: http://www.naturemusicdownload.com/radio.html. Hemendik natura eta erlaxazio musika entzun daiteke, Interneterako sarbidea daukan edozein ordenagailutatik, eta horrela lasaitu ordenagailua erabiltzen den bitartean, bai lanerako, bai aisirako.

Behin irratira konektatuta, hiru giro ezberdin eskaintzen dira, gustukoena aukeratu ahal izateko. Erabiltzeko interfazea oso arina eta erraza da. Gainera, kolorez aldatzeko aukera ematen du. Bertatik, bolumena ere jaits daiteke.

Webgunearen orrialde nagusian, http://www.naturemusicdownload.com/ helbd, irrati hau edozein webgunetan txertatzeko aukera ematen da, hor agertzen den kodea kopiatu eta nahi den webgunearen kodean itsatsi baino ez da egin behar.

Nature Music Download webgune honetan ere erlaxazio eta natura musika har daiteke, baina horretarako izena eman behar da. Izen-ematea doakoa da, eta posta elektronikoa, erabiltzailearen izena eta pasahitza baino ez da eskatzen.

Era berean, erlaxazio musikako CDak eros daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.