Komunikazioa. Ekografiak

Zidarrezko bost sastakai

Aritz Galarraga.
2011ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Gaurkoak Vaya semanita ustez berrituari buruzko testua behar zuen. Aktualitateak agintzen du, ordea. Eta gauza batzuk ezin dira pasatzen utzi: gizon batek beste gizon bat hil du Bilboko Santutxu auzoan, eta sei pertsona zauritu. Eta gertaera horren berri eman dute telebistek. Nola gainera. Ostiralean joango da, beraz, Vaya semanita-ren behetik gorako aldaketaz idatzi beharreko testua.

Astelehenean bertan, ETB1eko eguerdiko albistegian, jaso eta eman zuten jada berria. Denok dakigu zer gertatu zen, gertatu zenaren tamaina, eta utziko duen zauria, arrastoa, amorrua. Denok dakigu, ez dugu hemen errepikatuko. Baina, antza, astelehen eguerdian gauzak ez zeuden hain argi. Edo bai: hildakoa bilbotarra zen, hori esan zigun aurkezleak, eta erasotzailea, 31 urteko gizona. Eta ez bilbotarra, bestela esango zuten, pentsatzen dut. Esan gabe esaten ari ziren nongoa zen, kanpokoa, eta, batez ere, kanpotarra. Gure kontzientziak lasaiago uzteko edo. Edo mina kanporatzeko, etsaia kanpoan bilatzeko. Ez dakit. Irudiekin egin zutena are iruditu zitzaidan larria.

«Irudietan gaur goizean Santutxuko metro geltoki inguruan topatu duguna», ahots tonu neutroz esatariak. Eta jarraian jendea lurrean, zauriturik, odoletan, serumarekin, zuri, medikuak artatze lanetan. Irudi behin eta berriro errepikatuak gertaeren narrazioak aurrera egiten dueino. Eta galdera da, beste behin: beharrezkoa al da hori guztia? Larriago egiten dute irudiok berez oso larria den notizia? Zer ekartzen diote, zer gehitzen informazioari? Bestela, ikusleak ez du gertatutakoaren tamaina hartzen? Edo bestelakoak dira intentzioak, nik zer dakit, informazioaz gaindikoak?

Gero agertu ziren gure politikariak. Aho batez gaitzetsi zuten erasoa, noski, kontzentraziora deitu zuten elkartasuna azaltzeko, eta Bilboko Udaleko bandera masta erdian dute, dolu gisa. Oso ondo, eta? Badakigu, ez digute zertan oroitu, politikariak gu babesteko daudela, ironia ikusiko ez balitzait, herritarron zerbitzura daudela. Adibidez, Patxi Lopez: amatxo maitea, maisuetan maisuena, bortxaketa mota guztiak baztertu egin behar direla esanez, borondate hori duela berak, nahiz biolentzia izan terrorista, nahiz matxista, nahiz beste edozein jatorritakoa. Tumatxa. Gaia oso larria ez balitz, barre eroa. Eta zenbat bide geratzen den oraindik egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.