Zientzia-kazetaritzaren klasikoetako bat da kazetarien eta zientzialarien arteko ulertu ezina. Zientziaren komunikazioari buruzko jardunaldi, kongresu eta mintegi guztietan ateratzen da gaia, eta, azken boladan maiz samar egokitu zaigunez haietan izatea, berriz ere aditu ditugu aspaldiko argudio ezagunak. «Errazkeriaz, sinplekeriaz, sentsazionalismoz bustitzen dituztela kazetariek zientziarekin, osasunarekin, ingurumenarekin zerikusia duten albisteak, izenburuak bakarrik nahi dituztela, baieztapen biribilak... Zientziak ezin duela hori eskaini, zientzia galderak direlako, erabateko ziurtasunik eza, konplexua delako... Kazetariek berehala behar dituztela iritziak eta balorazioak; eta, zientzialariek, berriz, denbora behar dutela informazioa irakurri, ulertu eta kontrastatzeko...».
Eta denak daudela lanez lepo. Batzuek ezin diote denborarik eskaini gaia txukun dokumentatu eta lantzeari -kazetaritzaren ajeak, badakizue-; eta, besteek, benetako lanari denbora kenduta egin behar dute komunikazioa, garrantzitsua izanagatik ez delako aintzatesten, ez kualitatiboki eta ez kuantitatiboki; ez nagusien aldetik, ez eta lankideen aldetik ere.
Egia esan behar bada, kideen epaiaren kontu horretan badute oraindik zer gainditu zientzialariek. Izan ere, ez luke gertatu behar unibertsitate bateko zoologia sailera deitu, eta ikertzaile batek espezie bat zer denari eta zer ez denari buruz hitz egin nahi ez izatea, ez baita zehazki hori bere gaia. Gutxitan gertatzen da, baina nahi baino gehiagotan, eta zientzialariek badute hor halako beldur bat, hanka sartuko ote duten, eta nabarmen geratuko ote diren lankideen aurrean. Garai batean gehiago entzuten zen «komunikazioan jarduten den zientzialaria ikerketan ona ez den seinale» esaldia, baina nago ez dela jarrera elitista hori beldur-iturri nagusia gaur egun, baizik eta zerikusi handiagoa duela norberaren jakintza-eremua estuegi hartzearekin, eta dibulgazioa ikerketaren zehaztasun-parametroekin neurtzearekin.
Edonola ere, komunikazioan ere jarduteari publikoki geroz eta garrantzi handiagoa ematea ez da aski, eta oso beharrezkoak dira akademian hura aitortzeko eta bultzatzeko neurri praktikoak ere. Izan ere, zientzia-kazetariez gain, zientzialariak ezinbestekoak dira komunikabideetan. Ezinbestekoak dira era batera edo bestera zientziarekin eta teknologiarekin zerikusia duten egiazko kezkak esplikatzeko, eta gezurretako suak itzaltzen laguntzeko. Eta azkeneko hori ez da edonolako lana. Izan ere, arrazoibide zientifikoa baino askoz errazago zabaltzen dira zentzugabekeria sasizientifikoa, ideia sentsazionalista bat, konspirazio-ukitua duen albiste bat, alarma bat... Halako gaien zerrenda luzea egin liteke, baina, adibiderako, hor daukagu eremu elektromagnetikoen aurkako mugimenduaren goraldia, eskatuz kentzeko WiFi sistemak eskoletatik, eta telefono mugikorretako antenak teilatuetatik. Esku artean ditugun datuek bestelakorik adierazten duten arren, arriskuaren ideiak erabat busti du gizartea, eta larriena da zientzia-soinua duen diskurtsoen bidez iritsi dela, neurri handi batean.
Horregatik dira ezinbestekoak zientzialariak komunikabideetan, arrazoibide zientifikoak busti dezan gizartea, zientzia-soinuko diskurtsoekiko iragazgaitz egin arte; kalte bikoitza egiten baitute diskurtso horiek. Aurrebaldintza bat gutxienez behar dute, ordea, eta da kazetariek paretik kentzea objektibotasun-soinuko arau moduko bat. Zientzia-kazetaritzan, behintzat, neurria ez baitago argumentuen % 50eko ordezkaritzan. Biek teoria hitza eramanagatik, eboluzioaren teoria eta diseinu adimendunaren teoria ez dira konparagarriak, eta klima-aldaketari buruzko eztabaida orekatu bat ez da 'aldeko' eta 'kontrako' bina pertsonarekin osatzen. Eta uhin elektromagnetiko kaltegarriak neutralizatzeko partxeak ontzat ematen dituen pertsona bat ez da baleko aditu bat.
ZIENTZIA. Deabruaren abokatuarena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu