ZIENTZIA. Denbora amaitzen ari zaie

Hurrengoa Aniztasun Biologikoaren nazioarteko urtea izango da. Baina gutxi dago ospatzeko galtzeko arriskuan dauden espezieen aurtengo Zerrenda Gorria begiratuta.

Irune Lasa.
Donostia
2009ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Ugaztunen bosten bat, anfibioen heren bat, narrastien laurden bat eta landareen %70 desagertzeko arriskuan daude gaur egun. Hala jakinarazi du IUCNk (Naturaren Babeserako Nazioarteko Batasuna), urtero plazaratzen duen Zerrenda Gorria aurkeztean. IUCNren zuzendaritzapean, 2009. urterako txostenerako, guztira 47.677 espezieren egoerak ebaluatu dituzte, eta horietatik 17.291 galtzeko arriskuan daudela ondorioztatu.

Kategoria jakin batzuetan sailkatzen ditu IUCNk espezieak haien gaineko arriskuaren arabera: galduak, basa bizitzan galduak, galtzeko zorian, arrisku handian, arriskuan, arriskuan egoteko bidean eta arrisku apalean.

Ugaztunak

Zerrenda Gorriaren arabera, ugaztunen artean 79 espezie galdu dira erabat edo basa bizitzan. Eta arrisku maila ezberdinetan dauden beste 1.412 espezie, horien artean 188 galtzeko zorian. Aurten lehen aldiz agertu da Voalavoantsahabensis arriskuan daudenen zerrendan. Madagaskarko karraskari horia mendialdeko baso tropikalean bizi da, lurrak izateko sua erabiltzen duten nekazarien mehatxupean. Arriskuan dago ere kaspiar foka (Pusa caspica), bere ingurunean egoera okertzen doa.

Hegaztiak

Aztertutako ia 10.000 hegazti espezieen %12 dago galtzeko zorioan edo arriskuan. Eriocnemis isabellae, adibidez, galtzeko zorian dauden espezieetan sailkatu dute aurten lehen aldiz. Kolonbiako hego mendebaldean bizi da kolibria, eta bere ingurunea serioski kaltetzen dute legez kanpoko koka landaketek.

Anfibioak

Talde honek ditu espezie gehien arriskupean. 39 jada galduak daude, erabat edo basa bizitzan. Adibidez, Nectophrynoides asperginis apoa ez dute topatu aurten bere bizitokian, Tanzanian. Kihansi urjauzietan ugariak ziren orain gutxira arte, baina ibaian gora egindako urtegiak eta onddo batek eragindako gaitzak urte gutxian haien gainbehera ekarri du. PanamakoEcnomiohyla rabborum igela, berriz, galtzeko zorian dago. Onddo batek eta turistentzako luxuzko etxeak egiteko basoak garbitu izanak kalte izugarria egin diote.

Ur gezetako arrainak

IUCN gero eta ur gezetako arrain gehiago ari da aztertzen, kezkatuta baitago haien egoerarekin. Chao Phraya and Mekong ibaietan bizi den Pangasius sanitwongsei galtzeko zorian dauden espezieen artean sailkatu dute. Bizitoki dituen ibaietan presak egin dituzte, eta haren arrantza ere intentsiboa izan da.

Ornogabeak

Aurten 1.360 mariorratz eta itsas zaldi gehitu dituzte azterketara. Guztira, aztertutako 7.615 ornogabe espezieen %35 arriskuan daudela ondorioztatu dute.

Narrastiak

1.677 narrasti aztertu ditu aurten IUCNek, eta horietatik 469 galtzeko zorian daudela uste du. Arriskuan dago, esaterako, Varanus mabitang. Filipinetako Panay irlan bizi den baranoa bere habitata galtzen ari da nekazaritzarengatik, eta tokikoek jateko ere harrapatzen dute. Ebaluatutako narrasti espezietatik 22 galdutzat jo dituzte.

Landareak

8.500 dira IUCNek sailkatutako landareetan galtzeko arriskuan daudenak, %70. Horien artean sailkatu dute Andeetan dagoen Puya raimondii. Kitxuaz kitanka deitzen den landareak 80 urtero ekoizten ditu haziak. Zientzialariek uste dute klima aldaketa ari dela kitankaren loretzeko gaitasunean eragiten, eta inguruetan ibiltzen den ganaduak landare berriak jan eta zapaltzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.