ZIENTZIA. Erregalua

Eider Carton.
2009ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Duela hamar bat egun edo iritsi zitzaidan Mariano Artigas eta William R. Sheak idatzitako liburua: El caso Galileo. Mito y realidad. Liburu aproposa zirudien Galileoren behaketen laurehungarren urteurrena ospatzen ari garen honetan. Azalak atzeraka egin zidan pixka bat, baina ezer larririk ez. Eta interesez ireki nuen, egia esan, barruko orriei begirada bat botatzeko asmoz. Baina egileetako baten lepagora gurutzatu zitzaidan bidean, eta haren biografiara jo zuten nire begiek halabeharrez.

Biografia laburrak zioenaren arabera, Opus Deiko apaiz izandakoa zen egilea -Mariano Artigas-, eta, besteak beste, Templeton Fundazioaren sariduna. Ez dut uste deus esan beharrik dagoenik lehenengo erakundearen ideologiaz eta botereaz. Bigarrena, berriz, ezezagunagoa izan liteke askorentzat. Fundazio estatubatuar bat da Templeton Fundazioa, eta Supporting science. Investing in the big questions daukate lelotzat. Zientzian inbertitzen duen erakunde filantropikotzat saltzen dute beren burua, eta aliantza estrategikoak egiteko abilezia handia izan dute, munduaren aurrean zientzia-erakunde gisa agertzeko. Templeton saria izango da, seguruenik, erakunde horren sona handieneko ekintza. Izan ere, Nobel sariek baino diru-kopuru handiagoa ematen diote urtero «biziaren dimentsio espirituala berresteko ekarpen aparta» egin dion pertsona bati. Zientzialari asko saritu dituzte urte hauetan zehar, gainera. Baina oso fidatzekoak jotzen ditudan iturrietan fundazioari buruz irakurritakoek ez dute deus onik esaten; alegia, science esaten duten tokietan religion egiten dutela benetan.

Erreferentzia horiekin, alarma guztiak piztu zitzaizkidan mitoa eta errealitatea bereizi behar zizkidan opariaren aurrean, eta bigarren egileak emango zion orekaren bila joan nintzen. Azken batean, ez da hain arraroa ere Galileo eta elizaren arteko harremanak hizpide dituen liburu baten egileetako bat apaiza izatea...

William R. Shearen kasuan, berriz, biografiak nabarmentzen zuen «mundu mailan sona duen zientzia-historialaria dela, eta itzal handiko aditutzat jotzen dela aro modernoko pentsamendu zientifikoaren arloan». Alajaina, ez da edonor, beraz. Baina, nor da, zehazki? Izan ere, Sheari buruz gehiago jakin nahian, Googlen bilatu nuen haren izena, eta Wikipediako sarrera iritsi nintzen berehala (bigarren emaitza zen); eta, hara non, liburuaren azalean idatzitako testu berbera aurkitu nuen Wikipedian! Argitaletxekoek aipamena idazteko lan handirik ez zutela hartu pentsatu nuen hasieran, baina, ez; uste dut hori baino askoz hobea dela egia. Ezin dut hala denik ziurtatu, baina apustu egingo nuke argitaletxekoek idatzi dutela Wikipediako sarrera. Zergatik dago, bestela, gaztelaniaz bakarrik mundu mailan sona eta hain itzal handia duen pertsona bati buruzko informazioa?

Bilaketa hark bertan behera utzi zituen mitoaren eta errealitatearen artean bereizteko esperantza apurrak, eta oroitzapen txar batek eman zion heriotza-ukaldia. Ez baitzen hura Encuentro argitaletxeak aurten oparitu didan lehenengo liburua. Liburuaren egunean, apirilean, harribitxi bat agertu zen nire mahai gainean: Quiero dejar de ser homosexual. Casos reales de terapia reparativa. Nonbait, liburuarekin batera atzera bidali nien gutunean ez nintzen nahikoa argia izan, eta haien 'zientzia-liburuak' gomendatzeko pertsona egokia naizela uste dute oraindik Encuentrokoek. Hain zuzen ere, zabalkundean laguntzeko eskatzen zidaten Galileoren liburuarekin batera bidalitako gutunean. Tira ba, egin dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.