ZIENTZIA. «Ezkongabea, lanbiderik gabe»

Irune Lasa.
2009ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Ezaguna da Arkimedesen heriotzaren inguruko elezaharra. Erromatarrek Siracusa inbaditu zutenean, figura geometriko batean erabat kontzentratuta zegoen jakintsuari galdezka hasi zitzaion soldadu bat. Erantzunik gabe, soldaduak zuzenean hil egin zuen Arkimedes.

Istorio hori bere aitaren liburutegiko ale batean irakurri zuen Sophie Germainek (1776-1983). Parisen Frantziako Iraultzaren garaia zen, eta Sophieren gurasoek etxean babesten zuten 13 urteko alaba. Arkimedesen heriotzaz irakurri zuenean, gaztetxoak pentsatu zuen Arkimedes horren harrapatua zeukan gaiak izugarri interesantea izan behar zuela.

Eta, gauero, topatzen zituen matematika liburu guztiak jaten hasi zen. Jakin-min hori, ordea, ez zuten lagundu Sophieren gurasoek, alderantziz. Ohetik jaiki ez zedin arroparik gabe uzten zuten, kandelak kentzen zizkioten, eta gelako berogailua itzali. Oheko arroparekin eta ezkutuan lapurtutako kandelekin jarraitu zuen Sophie gazteak matematika ikasten, noiz edo noiz, hotzak idazteko erabiltzen zuen tinta izoztu bazion ere.

1794an, Germainek 18 urte zituela, Parisko eskola politeknikoa zabaldu zen, baina ez zituzten emakumeak onartzen. Apunteak lortu eta ikasle ohi baten izena erabili zuen Germain gazteak astero problemen erantzunak emateko. Ikastaroaren zuzendariak, Joseph Lagrangek, gazte harekin biltzea eskatu zuen, harrituta baitzegoen hasieran matematiketarako gaitasun gutxi erakutsi zuenak denbora laburrean zenbat aurreratu zuen. Germainek egiazko nortasuna azaltzera behartuta ikusi zuen bere burua. Eta Lagrange, neska gaztearekin miretsita, bere mentore bilakatu zen.

Posta bidezko harremana izan zuen Germainek hainbat matematikarirekin. Hala ezagutu zuen Carl Friedich Gauss. Hannoverren bizi zen matematikari ezaguna hiria frantziar armadak hartu zuenean. Arkimedes gogoan, Sophie Germainek bere familiaren lagun zen Pernetti generalari erregutu zion Gauss babesteko. Eta hala egin zuen generalak. Gauss harrituta gelditu zen, generalak azaldu zionean bizia Sophie Germain izeneko emakume bati zor ziola, ez baizekien nor zen. Gutun batean azaldu zion Germainek egia. Eta Gaussek ere bere miresmena aitortu zion: «Gure ohitura eta aurreritziengatik zure sexuko pertsona batek gizonezkoek baino askoz ere oztopo eta zailtasun gehiago ditu ikerketa korapilatsu hauetan trebatzeko. Eta horiei aurre eginez oztopoak gainditzen eta sakoneraino joaten baldin badaki, zalantzarik gabe adorerik nobleenaren, berebiziko talentuaren eta inteligentzia gorenaren jabe izan behar du».

Besteak beste, Germainek Fermaten azken teoremako kasu berezi bat frogatu zuen, eta hor agertzen dira orain Germainen zenbaki lehenak esaten zaizkienak. Parisko Akademiaren sari bat irabazi zuen azaleren elastikotasunari buruzkoa. Ez zion irtenbiderik eman azaleren problemari, baina bere lanak oinarri izan ziren, adibidez, Eiffel Dorrearen eraikuntzarako aplikatu ziren kontzeptuetan. Haren eraikuntza posible egin zuten zientzialarien izenekin dorrean grabatuta dagoen zerrendan, ordea, ez da ageri Sophie Germain.

Gaussek Gottingengo unibertsitateari proposatu zion Germaini doktore gradoa ematekoa, baina minbiziak lehenago eraman zuen Germain, 1831n. Bere heriotza agiriak hau dio: «Emakume ezkongabea, lanbiderik gabe». I. LASA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.