ZIENTZIA. Itsasgorak, argia eta uhinak

Irune Lasa.
2009ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Tongkingo erreinuak itsas portua zuen gaur egungo Vietnamgo Haiphong hiritik gertu. Batsha portura XVII. mendean iritsi ziren merkatari britainiarrak, eta hango fenomeno bitxi baten berri ekarri zuten Mendebaldera. Batshako portua bustitzen zuen itsasoan mareek oso jarraibide bitxia zuten. Hamalau egunetik behin, egun batean ez zen marearik izaten, hots, itsasoaren maila ez zen ez jaisten, ez igotzen. Eta tartean, marea bakar bat gertatzen zen: zazpi egunean itsasoaren maila igo egiten zen, gorena iritsi arte, eta gero atzera mantso-mantso maila jaisteko.

Newtonek bere Principia-n fenomeno horren azalpen bat proposatu zuen. Ozeano mareak bi itsasotatik iristen ziren Batshako portura, Txinako Itsasotik eta Indiakotik, luzera ezberdineko bi ubidetatik zehar. Batetik, marea sei ordura iristen zen, eta bestetik hamabi ordura. Konbinazio horren ondorioa: batetik zetorren itsasgorak bestearen itsasbehera konpentsatzen zuen maiz, eta, horren ondorioz, ilargi hilabete bakoitzean bi alditan (hamalau egunetik behin) itsasoaren maila ez zen aldatzen.

Gaur egun, fenomeno hori uhinen arteko interferentzia kasu bat bezala interpretatzen da. Egia da,halaber, Newtonek ez zuela bere azalpena orokortu, interferentzia uhinen propietate modura ulertuta. Hori Thomas Young britainiarrak (1773-1829) egin zuen.Txikitatik erakutsi zuen Youngek bere adimena. Bi urterekin bazekien irakurtzen. Sei urte bete zituenerako Biblia irakurria zuen, bi aldiz. Latina ikasten hasi zen bere kabuz, eta hamalau urte zituenean jada 12 hizkuntza zekizkien. Rosetta harriaren deskodetzean parte hartu zuen, eta lehenetarikoa izan zen Egiptoko hieroglifikoak deszifratzen.

Medikuntza ikasi zuen, eta bere mediku jardunean piztu zitzaion ikusmenaren inguruko jakin-mina, baita giza ahotsarekikoa ere. Soinua aire bidez igortzen ziren uhinetan zetzala jakina zen ordurako, eta Youngek pentsatu zuen balitekeela argia ere uhinetan oinarritzea.

Eta 1801ean, bere konferentzietako batean, argiaren uhin izaera azalduko zuen, hain zuzen interferentzia kontzeptuaren bidez: argi iturri bakarra hartu eta zatitu egin zuen bi zirrikituren bitartez. Bi uhin iturri zituen horrela, elkarren artean koherenteak zirenak. Fase bereko bi uhin iturrien emaitza pantaila batean ikustean marra argiago eta ilunagoz osaturiko irudia agertzen zen. Zergatik? Uhin iturri bateko eta besteko gailurrak gehitu egiten ziren pantaila jotzerakoan, eta gehikuntza bera gertatzen zen sakonuneekin.

Beraz, argiak izaera ondulatorioa zuen. Baina ez ziren ehun urte igaro Newton hil zela. Hark sutsuki defenditu zuen argiaren izaera korpuskularra (partikula izaera). Eta egun haietan ez zen erraza Newtonen ideiei aurre egitea. Urte batzuk eta beste esperimentu batzuk beharko ziren horretarako. XIX. mendearen amaieran Einstein iritsiko zen, argiak partikula sorta batek bezala ere jokatzen duela erakusteko.I. L.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.