ZIENTZIA. Klima-aldaketaren korapiloak

Eider Carton.
2009ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Bihar, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna ospatuko du Nazio Batuen Erakundeak, eta emozioei zuzenean dei egiten dien leloa aukeratu dute aurtengo: Your Planet Needs You-UNite to Combat Climate Change; hau da, «zure planetak behar zaitu, batu klima-aldaketari aurre egiteko». Leloak eragiten didan 'bai, baina ez' erako erreakzioa alde batera utzita, informazioa zabaltzea da batzuek egin dezakegun gauzetako bat, hori ere bai baita klima-aldaketari aurre egitea. Izan ere, klima-aldaketaz ari garenean, zein eskala handiko eta zein konplexutasun handiko gaiaz ari garen garbi izatea da lanean herenegun hasi behar genuela argi izateko modurik onena. Kasu honetan, gainera, konplexua bakarrik ez, korapilatsua ere bada kontua, klima-aldaketari lotuta ez baita beti erraza informazioa eta desinformazioa bereiztea. Klima-aldaketa, ingurumen-gai oro bezala, ez da zientziaren ezagutzaren esparrura mugatzen; politikagintzak bete-betean jotzen du, eta oso desberdin funtzionatzen duten bi esparru horiek ongi ez bereiztea bihurtu da korapiloaren muinetako bat.

Gai korapilatsu bati aurre egiteko modu oso on bat osagaitan banatzea da: zein diren identifikatu, banaka aztertu, eta gainerako osagaiekin duten eragina jaso. Hain zuzen ere, argitasun handiz egiten dute hori Dessler eta Parsonek, ZIO bildumak aurkeztu berri duen liburuan: Klima-aldaketa globalaren zientzia eta politika. Jatorrizkoa 2006an argitaratu zen, baina han kontatzen direnek ez dute gaurkotasunik galdu (harrezkero IPCCk beste txosten bat argitaratu du, aurrekoetan esandakoak indartzen dituena).

Zer den zientzia eta zer politika bereiztu ondoren, lau galderaren bidez planteatzen dute klima-aldaketaren problema zientifikoa: Aldatzen ari da klima? Giza jarduera da erantzulea? Zer aldaketa gertatzea espero dugu? Zein dira inpaktuak? Lehenengo bi problemek ebazpen garbia dute. Datuek adierazten dute Lurra berotzen ari dela, eta klima aldatzen ari dela: zazpi datu-motaren erregistroek adierazten dute hori, eta banaka eskaintzen duten ziurtasun-maila aldakorra den arren, guztiek joera berbera ematen dute, goranzkoa. Hor, ziurgabetasunaz baliatzen diren klima-eszeptikoek ez dute askorik egiteko. Probabilitatearen legeak aplikatuta ere, zenbatekoa da datu-mota guztiak norabide berdinean oker egoteko aukera, izan ere? Bigarren galderan ere, ziurgabetasun-maila handiagoa den arren, zalantza gutxi dago: iraganeko klima ondo simulatzen duten ereduek ezin dute 1970eko hamarkadatik hona neurtutako berotzea esplikatu, ez bada giza jarduera ere kontuan hartuta.

Hirugarren eta laugarren galderak dira zailtasun eta ziurgabetasun handienekoak. Zer gertatuko den proiektatzeko, populazioak, ekonomia-hazkundeak eta teknologiak izango duten bilakaerari buruzko aurreikuspenak behar dituzte ereduek, eta, puntu horietan, jada, gehiago dira ziurgabetasunak ziurtasunak baino -nahiz eta, eta hori garbi izatea garrantzitsua da, badakigun zein diren-. Berotze geroz eta azkarragoa da probabilitate handieneko etorkizuna, baina zenbat eta noraino, klima-sistemaren sentikortasunaren eta orain hartzen diren erabakien menpekoa izango da. Hori da, hain zuzen, politikaren esparrua, eta erronka ikaragarria daukagu hor, klima-aldaketari aurrea hartu nahi izatekotan. Osagaiak bereiztu eta erlazionatzeko ariketa argigarria eta zintzoa da Desslerren eta Parsonen liburua, eta lezioa garbia, ikusi nahi duen edonorentzat: konplexutasuna eta ziurgabetasuna ez direla itxaroteko aitzakia, alderantziz baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.