ZIENTZIA. Munduko zazpi unitateak

Eider Carton.
2009ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Duela bi urte, munduko zazpi mirari berriak aukeratzeko bozketa bat izan zen. Izan ere, Antzinako zazpi mirarietatik sei desagertuta daude aspaldi, eta Gizako piramide handia da zutik dirauen bakarra. Eta turismoa bultzatzeko, edo batek daki zertarako, lehiaketa xelebre hura egitea bururatu zitzaien batzuei; azkenean, bozketa-sistema ireki baten bidez, mundu modernoko zazpi mirariak aukeratu genituen (zituzten). Egia esan, ez naiz batere gogoratzen zein diren giza ahalmenaren ikur berriak, baina berdin dio, beste zazpikote bati buruz hitz egiteko aitzakia besterik ez baitira.

Beste zazpikotea zazpi unitatek osatzen dute: metroak, kilogramoak, segundoak, kelvinak, ampereak, molak eta kandelak. Guztiek batera, oinarrizko unitateen taldea osatzen dute. Frantziako Iraultzaren ondoren zehaztu ziren, Neurrien eta Pisuen Nazioarteko Bulegoan, ordena eta koherentzia pixka bat jartzeko grinak hartuta, lan handia egin baitzen garai hartan sistematizazioaren alde. Eta, ez, ez dute antzinako mirarien xarmarik eta handitasunik, baina hauek ere bizitu dituzte gorabeherak.

Oraintxe bertan, esaterako, zaharberritze-aldi bizi batean murgilduta daude. Hain zuzen ere, zazpitik lau berritu nahi dituzte 2011n Neurrien eta Pisuen Nazioarteko Bulegoak egingo duen biltzarrerako. Sortzetiko lanari eusten dio erakunde honek oraindik ere, eta hark landu eta erabakitzen ditu zientziaren estandarizazioarekin lotura duten gai gris baina funtsekoetako batzuk. Kasu honetan, zein den oinarrizko unitateen definizioa. Definizio berria eduki zain daudenetatik, kilogramoak dauka behar handiena, zalantzarik gabe. Izan, ere, munduko zazpi unitateen Gizako piramide handia da kilogramoa. 1901ean (!!) onartutako definizioari eusten dio oraindik ere: nazioarteko kilogramoaren prototipoak duen masa da kilogramo bat, hau da, platinoz eta iridioz egindako zilindro batek duen masa. Horixe da kilogramo bat; Paris ondoan kontu handiz gordetako prototipo batek ematen du haren neurria. Baina Gizako piramide handiak ez bezala, definizio horrek ez du antigoaleko gauzen distiratik batere. Alderantziz, ernegatu ere egiten ditu metrologoak dagoeneko arazoak ematen hasia den zaharkin horrek, eta dagokion tokira eraman nahi dute lehenbailehen, museo batera, alegia. 1983an metroaren makil-itxurako prototipoa gorde zuten museo berdinera, hain zuzen ere.

Definizioa berritu behar dela esatea gauza bat da, ordea, eta definizio berri egokiagoa aurkitzea beste bat. Metrologoek garbi dute zer nahi duten: unitateari balio aldaezina emango dion definizio bat. Behin finkatuta, gaur, bihar eta etzi berdina izango den bat.

Nola lortzen da hori, ordea? Garbi dago prototipo batek ez duela balio, oso ondo kontserbatuta ere aldaezin mantentzea ezinezkoa baita. Horregatik, metrologoek konstanteetan oinarritutako definizioak bilatzen dituzte, eta horrexetan ari dira kilogramoarekin eta kelvinarekin. Avogradoren zenbakia eta Plancken konstantea dira kilogramoaren definizioa osatzeko konstante hautagaiak, eta Boltzmannen konstantea kelvinarentzat. Arazoa da konstanteak ere neurtu egin behar direla, eta, beraz, neurketa-errore bat izango dutela, eta, beraz... ez direla aldaezinak? Bada, neurri batean hala da, nahiz eta oso neurri ñimiñoan izan, konstanteak ikaragarrizko zehaztasunez neurtzen baitituzte metrologoek.

Ez dut zalantzarik, Gizako piramide handia eraikitzea sekulako lana izan zen; baina hau ez da gutxiagorako, ikusgarritasunean lehiatzeko batere aukerarik ez duen arren. Edonola ere, Gizako piramidea urrun antzean geratzen bazaizu, jakin ezazu Parisko Arts et Métiers museoan ikusgai daudela laster antzinakoak izango diren oinarrizko unitateen prototipoak. Egin diguten zerbitzuagatik bakarrik, merezi dute bisita jasotzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.