ZIENTZIA. Ozeanoetako bazter sakonenean

Marianetako fosako Challenger sakonunera, munduko tokirik sakonenera, jaistea lortu zuen joan den igandean urrunetik gidatutako 'Nereus' ontziak.

Irune Lasa.
Donostia
2009ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Ozeano Bareko mendebaldean dago Marianetako fosa, Lurrazaleko tokirik sakonena. Bi plaka tektonikoren muga, bertan egiten dute talka elkarren aurka Marianetako plaka txikiak eta Pazifikoko plakak. Subdukzioaren ondorioz, bigarren plaka lehenaren azpian barneratzen da. Urtean zentimetro batzuk baino ez dira, baina subdukzioak tentsio handiak metatzen ditu. Horrexegatik, Ozeano Pazifikoa inguratzen duen 40.000 kilometroko suzko eraztuna da mundu osoan sumendi erupzio eta lurrikara gehien nozitzen dituen eremua. Eta Marianetako fosa suzko eraztunaren zati bat da.

Fosaren hegoaldean dago Challenger sakonunea. Ozeano Bareko urek 11.000 metroko sakonera dute toki horretan, gutxi gorabehera, ez baita sakonera zehatza zein den jakin oraindik. Alderaketa bat egiteko baliagarria izan daiteke bidaiari hegaldi komertzialek batez beste erabiltzen duten altuera dela 11.000 metro.

11.000 metrora ez, baina ia-ia, urrunetik gidatuta Challenger sakonunean 10.902 metroko sakonerara jaitsi zen joan den igandean Nereus robot ontzia. Ez da sakonera horretara iristen den lehena. 1960an Jacques Piccard eta Don Walsh barnean zeramatzan Trieste batiskafoa izan zen lehena sakonunearen hondora iristen. Bigarrena Kaiko robot japoniarra izan zen. Urrunetik gidatuta hiru alditan jaitsi zen fosara, 1995 eta 1998 urteen artean.

Zerbitzuan dagoen bakarra

Baina bi ontzi horiek jada ez dira existitzen. Trieste batiskafoa1966an erretiratu zen, eta Kaiko itsasoan galdu zen 2003an. Horrexegatik, Nereusen etorrerak garrantzi handia izan dezake ozeanoetako hondoaren ezagutzarako esplorazio zientifikoetarako. Orain arte, Kaiko desagertu zenetik sakonera handiena lortzen duten ontziak 6.500 metrora iristen dira. Nereusek frogatu du behintzat ur handietan ibiltzeko gai dela, 10.902 metroko sakonera iritsi baitu. Ez hori bakarrik, hondoko irudiak bidali ahal izan ditu unean, eta laginak ekarri.

Hori guztia egiteko gai izateko, teknologia aurreratuena du bere barnean ontziak. Beharko, sakonera horretan presioa urazalekoa baino 1.100 aldiz handiagoa baita. Beraz, berebiziko garrantzia dauka ontziaren tamaina, pisua, funtzionaltasuna, eta, zergatik ez, kostua ere zaintzeak.

Buruko ile baten diametroa daukan zuntz optikoak lotzen du Nereus urazalean dagoen itsasontzira. Robotek erabili ohi dituzten altzairuz indartutako kableak hautsi egingo lirateke euren pisuarekin. Hori bai, aukera dago ontzia sokarik gabe ibiltzeko, ibilgailu autonomo gisan. 4.000 litio bateriek ematen diote indarra ontziari. Argazki kamera eta halakoetarako erabili ohi direnen antzekoak dira, baina presio handiak jasateko gai dira.

Woods Hole Oceanographic Institution itsasoaren ikerketan aritzen den erakunde pribatuarena da Nereus. Proiektuaren buru Andy Bowenen ustez, «Nereus bezalako ontziarekin ozeanoko edozein bazter esploratu ahal izango da». Aro berria ekarriko omen du ozeanoetako esplorazioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.