Arrain txiki baten enbrioian nerbio-sistema nola eratzen den ikusi; gizakien hortzetan (plakan) sortzen diren bakterioak islatu; zeta har beldar baten behin behineko oinak behatu; edota arrain zebra baten erretinaren simetriaz gozatu. Argazkilaritza zientifikoa mugak hausten ari da urtez urte. Teknologiak, mikrofotografien bidez adibidez, naturak eskaintzen dituen irudi anitz ikusgai egin ditu. Orain arte ezkutukoak zirela esan daiteke, bai behintzat giza begiarentzat. Wellcome Image sariak zientzia argazkilaritzaren fruitu onenak biltzen ditu urtero, eta aurtengoen artean mikroskopio elektronikoaren azpian lortutako hainbat daude, esaterako erle baten xehetasunak: hiru hanka pare ikus daitezke, bakoitza funtzio jakin batekin, polena lortu eta garraiatzeko.
Biomedikuntza batik bat
Wellcome Trust fundazioak ematen ditu zientziaren alorreko argazkilaritza sari garrantzitsuenak azken 11 urteotan. Batik bat biomedikuntzaren ikerketa sustatu nahi du, eta horregatik atal horretako argazki asko agertzen dira sarituen artean. Laparoskopia baten argazkia ere bada, ordea, bilduma irabazlean. Argazki guztiak jarri dituzte ikusgai Londresen egunotan, eta uztailaren 10 arte iraungo du erakusketak. Bestela, Internet sarean ere ikus daitezke argazki sarituak, 21 denetara; animazio bide bat ere badago www.wellcomeimageawar- ds.org helbidean.
Irudi harrigarrion balioa ez da soilik artistikoa, irizpide teknikoei begira duten ageriko balioa alegia; zientziatik hurbil ibiltzen ez den jendea diziplina horretara erakartzeko duten ahalmena ere nabarmendu dute antolatzaileek. Ikusgarritasunak zientziaren alde joka dezakeela uste dute.
Ezarian. Zientzia
Zientziaren argazki onenak
Orain arte gizakien begientzat ikusezin ziren irudiak ikusgai egin dituzte teknologia berriek. Wellcome Image sariak dira horren lekuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu