Zientziaz beteriko hilabetea antolatu du Elhuyarrek

Astelehenetik ortzegunera erronka zientifikoak proposatuko ditu Elhuyarrek. Ortziraletan, berriz, euskal ikertzaile gazte batekin solasaldia eginen dute zientzian egindako bidea eta sekretuak kontatzeko. 

Eskola bateko ikasleak esperimentuak egiten. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU
2020ko maiatzaren 4a
11:30
Entzun

Elhuyarrek neuronak eta irudimena astintzeko erronkaz betetako #NikEtxeanEsperimentuak egutegia prestatu du maiatzerako. Apirilean izandako arrakastaren ondotik, maiatzean ere esperimentuak proposatzen jarraituko Elhuyarrek, eta, gainera, hemendik aitzinera ortziraletan ikertzaile gazteekin solasaldiak ere eskainiko dituzte. Elhuyarren Bizilabe sarearen webgunean egongo dira ikusgai egutegia, eguneko erronkak eta ikertzaileei egindako elkarrizketaren bideoa.

Elhuyarrek prestatutako erronkek irudimena eta neuronak astinduko dituzte; «mezu sekretuak» enkriptatu eta desenkriptatu, hologramak sortu, barazkietan dauden margoak erauzi, motorrik gabeko hegazkinak eraiki, munduko bitxikeriak behatzeko proposamenak egin, txorientzako jantokiak egitetik txoriak identifikatzera edo naturan denbora errealean ikus ditzaten bideratuko dira, bertzeak bertze. Erronka horiek guztiak etxean dauden baliabideak erabiliz eta etxetik atera gabe egiten ahalko dira. Proposaturiko erronkak orokorrean 10-15 urte bitarteko gazteentzako ekintzak dira, baina gazteagoek ere gurasoekin egiteko proposatu du Elhuyarrek. 

Gazteak inspiratzeko solasaldiak

Gazteen artean zientziarako eta teknologiarako zaletasuna bultzatzeko asmoz, erronkaz gaindi lau solasaldi antolatu ditu Elhuyarrek. Astero euskal ikertzaile baten sekretuak miatuko dituzte, haien proiektuen berri izateko, ikertzaileen bizitza ezagutzeko eta zientziaren munduan egindako urratsen nondik norakoak kontatzeko. Elhuyarrekoek nabarmendu dutenez, gazteentzat inspiratzaileak izan daitezkeen elkarrizketak dira, ikertzaile horien pasioa eta ezagutza transmititzeko asmoarekin. 

Maitane Alonso Monasterio medikuntza ikasle gaztea izango da lehen elkarrizketatua, Zientzia Azokako parte hartzaile izaten hasi eta azkenean bere asmakuntzarekin munduan zehar ibili dena. Bigarrena, Naima El Bani Altuna bilbotarra, Artikoan klima aldaketaren ikerketan dabilena. Hirugarren elkarrizketatuta Itziar Garate Lopez astrofisikaria izanen da, beste planeta batzuetako atmosferak ikertzen dituena, eta azkena, berriz, Lorea Argarate Zubia, telekomunikazio ingeniaria, musikaria eta Big Dataren zalea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.