Komunikazioa. Ekografiak

Zigiluak

Jokin Labaien.
2011ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Besteak beste, bi modu daude zutabe hau eta bere oinarrian dagoen gertakizuna barneratzeko: umorez ala kezkati. Nik lehenaren alde egin dut. Zenbait arrazoi dauzkat horretarako. Batetik, eta kate autonomiko baten inguruan mintzatuko naizen arren, ez delako gurea. Bestetik, behingoagatik, «dena(k) ETA d(ir)a» tesia eta «odolkiak ordainetan» esapidea bat direlako. Azkenik, arrazoi pertsonalak, ohi bezala. Izan ere, hauxe idazten ari nintzen unean, zerua garbi eta eguzkitsu zegoen, eta ez nuen neure burua lainoz betetzeko gogorik.

Iragan asteazkenean gertatu zen Telemadrid katean. Albistegietako aurkezleak ETAko akta famatuak eta iraganeko negoziazio prozesua aurkeztu zituen. Madrilen pil-pilean den gaiari gobernuak sinesgarritasuna falta sumatzen ziola eman zuen aditzera. Bideo bat pantailan. Oharkabean, Rubalcabaren aurpegiaren irudi bat zuri-beltzean; eta, are oharkabeago, ETAko anagrama itsatsi zioten, erdi-erdian, zigilu bat balitz bezala. Segundo batzuen ondoren, muntaia bera; oraingoan, Zapaterorekin. Ikaragarria. Hona bi aukerak: telebista leihotik behera jaurti, ala barrez lehertu, minutu pare batez.

Bada, ordea, Salvemos Telemadrid izeneko plataforma bat, etxe bereko langileek bultzatzen dutena. Haiek salatu zuten gertatutakoa. Albistegietako buruak kargua uzteko eskatu dute. Kazetaritzari, etikari eta deontologia profesionalari egindako mespretxua izan zen haien ustez. Halaber, aniztasun, egiatasun eta objektibotasun printzipioei egindako eraso handiena izan zela salatu zuten. Kateko arduradunen hitzetan, sail bakoitza autonomoa da, eta ofizialki ez dute gertatutakoari buruzko iritzirik. Gertakariak izan dituen erantzunek harritu egin dituzte, hori bai. Egunotan, gaiaz hizketa egiteko elkartuko dira, eta, agian, agiri bat kaleratuko dute, enpresaren politika kontu katramilatsuak etxean barruan konpontzea den arren. Ikaragarria. Bi aukera.

Nik zenbaiti so, umore show-ak irudikatzen ditut. Zirkuak. Hain dira parodiaren imitazio leial, ze distantzia hartzea berezkoa zait. Barrez lehertzen naiz. Baina batzuetan zalantza egiten dut. Bertako langileentzat eta ikus-entzuleentzat benetakoak izango dira. Onenak onenetan. Irentsi egingo dituzte haien desinformazioak, manipulazioak eta fabulak. Haien arabera eraiki ideologiak eta defendatu ikuspegiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.