Zinemaldia BERRIA eta Hamaikan

‘Z!nemaldi@n’saioa goizero emango dute ‘Berria.info’-n (11:30), eta gauero Hamaika Telebistan (22:00)

Donostia
2012ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Donostiako Zinemaldiaren inguruko Z!nemaldi@n programa eskainiko dute egunero Hamaika Telebistak eta Berria egunkariak, Kursaaletik. Elkarlanean lehen aldiz egingo dute Zinemaldiari buruzko saio bat. Ostiralean hasiko dira, hilaren 21ean, eta hilaren 30ean amaituko dute, azken eguneko balorazioarekin (Urrezko Maskorraren garailearen azterketa eginez). Egunero, 11:30etik 12:30era Berria.info-n emango dute, zuzenean. Eta Hamaika Telebistan, 22:00etatik eta 23:00etara bitartean eskainiko dute. Irailaren 26an ez da emanaldirik egingo, greba dela eta.
Zuzenean eskainiko den Zinemaldiko saio bakarra da, eta euskaraz eskainiko den bakarra ere bai. Inaxio Esnaola Hamaikako aurkezlea eta Urtzi Urkizu Berriako kazetaria izango dira ekoizle eta zuzendariak. Esnaola, gainera, aurkezlea ere izango da. Lara Madinabeitia (Berria) eta Leire Ferro (Hamaika Telebista) ere ariko dira lantaldean.
Programako edukiaren oinarria bi solasaldi izango dira. Bi solasaldi horietako batean, zinema adituak, kritikariak, kazetariak eta zinemaldiko filmak ikusi dituztenak egongo dira; esate baterako, Gontzal Agote Berriako kritikaria. Agotek Sail Ofizialeko filmen kritikak egingo ditu, eta bi egunetik behin egongo da programan. Gehienbat Sail Ofizialeko filmak aztertuko badituzte ere, Zabaltegikoak, Zinemirakoak eta beste sail batzuetakoak ere aztergai izango dituzte. Beste solasaldian, nagusiki, aurkeztuko diren Euskal Herriko filmen zuzendari eta aktoreak izango dira (batik bat Zinemira eta Zabaltegi sailetakoak).

Euskarazko filmak
Euskal Herrian ekoitzitako hainbat film egongo dira Zinemaldian. Horien artean, Zabaltegin aurkeztuko direnak: Fermin Muguruzaren Zuloak, Iñaki Elizalderen Baztan, Oskar Alegriaren Emak Bakia Baita eta Aitor Mazo eta Patxo Telleriaren Bypass (euskarazko fikziozko film bakarra). Bypass aurkeztuko den egunean, Sara Cozar eta Gorka Otxoa aktore protagonistak egongo dira saioan. Bestalde, Zinemira sailean, zortzi lan estreinatuko dira, gehienak dokumentalak. Euskarazkoa Leku hutsak, hitz beteak filma da: Jose Angel Arbelaitzek zuzendutako lana, Bernardo Atxagaren ingurukoa.

Eduki mamitsua eta atsegina
Erreportajeek ere pisua hartuko dute. Donostia saria jasoko duten zuzendari eta aktoreen soslaiak eskainiko dituzte, belodromoan egiten diren proiekzioen inguruko giroa aztertuko dute, atzerriko izarrak elkarrizketatzen saiatuko dira... Inkestak ere egingo dituzte, zinema areto inguruan dauden zinemazaleei. Gainera, Zinemaldian proiektatu gabeko lanen inguruko erreportajea eskainiko dute, Jesus Egigurenen inguruko Memorias de un conspirador eta presoen gaineko Barrura begiratzeko leihoak dokumentalez aritzeko.
Solasaldietan, aztertzen diren filmen irudiak tartekatuko dituzte. Urtzi Urkizu Z!nemaldi@n saioko zuzendariak adierazi du «saio atsegina» egingo dutela: «Saiatuko gara izan ez dadin zinemazaleentzako programa bat soilik». Urkizuk gaineratu du: «Euskal ikusleari begira eginiko saioa da batez ere; horregatik, euskal ekoizpenei garrantzi handiagoa emango diegu». Aurtengo Zinemaldiak oihartzun handia izatea espero dute antolatzaileek, sona handiko Holliwoodeko izarrak baitatoz Donostiara.

‘Berria.info’ webgunean
Berriaren webgunean, saioa zuzenean ikusteko aukeraz gain, eguneko edozein momentutan ikusteko aukera izango da. Era berean, testu guztien bilduma eta argazki bilduma ere izango da Zinemaldiari eskainiko dioten gune berezian. Berriketan.info sare sozialak ere izango du gai espezializatua Zinemaldiarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.