Zinemarako birziklatzen

Plastikozko eta metalezko ontziak biltzeko makina berria jarri dute Iruñean, eta zinemarako sarrerak eskura daitezke hartan birziklatutako pieza kopuruaren arabera.

Ontzien truke zinemara joateko balio duten puntuak ematen ditu Iruñeko zabor makinak. IÑIGO URIZ/ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Iruñea
2011ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Zabor truke zinemara joatea.Proposamen hori egin du Iruñerriko Mankomunitateak. Plastikozko eta metalezko ontziak biltzen dituen makina berria jarri dute Alde Zaharrean, eta han birziklatzera botatako piezen truke zinemara joateko aukera du jendeak. Errazak dira matematikak: ontzi bakoitzak puntu bat ematen du, eta, 90 puntu lortuz gero, zinemarako sarrera bat jaso daiteke hiriko zinemetan. Norberaren esku dago gero, zaborraren truke zer-nolako filma ikusi erabakitzea.

Halako truke sistemak ez dira ohikoak Euskal Herrian, Jabier Torrens Iruñerriko Mankomunitateko presidenteak dioenez. Bai, ordea, Europa Iparraldean. «Garai batean hemengo dendetan erabiltzen zen sistemaren antzeko zerbait dute han. Botilak erostean estra moduko bat ordaintzen zen ontziagatik, eta diru hura itzuli egiten zen gero botilabueltatzean. Hori da Europan egiten dutena, eta horretarako asmatu zituzten orain Iruñean jarri dugun makinaren gisakoak».

Eredu hobea da hori Torrensek dioenez. Gehiago birziklatzen da hari esker. «%30 ingurukoa da hemen birziklatzen diren ontzien kopurua. Beste %70 materia organikoarekin joaten da zabortegietara. Europa Iparraldeko truke sistema erabiltzen duten herrialdeetan, berriz, %80 ingurukoa da birziklatzen diren ontzien kopurua. Jendeak badaki haiek erostean estra bat ordaindu duela, eta, itzuli ahal izateko gune asko dituztenez, erabili egiten dituzte».

Eredu hori iruindarrei ekartzea da Iruñerriko mankomunitatearen asmoa, eta, horretarako, amu izan daitezke zinemarako sarrerak, haien ustez. «Pedagogia pixka bat egin nahi dugu», dio Torrensek. «Eskatu egiten dugu truke sistema hori, askoz ere eraginkorragoa delako, eta onartu berri den Nafarroako Hondakinen Kudeaketarako Plan Integralean ere aipatzen da gomendio hori».

Oraingoz, erantzun ona izan du makinak. Bi aste eskas daramatza martxan, eta mila bat ontzi bildu ditu eguneko. Hiritarrak makinan sartzen dituen ontziak eskaneatu egiten ditu makinak, eta identifikatu egiten du aluminiozkoak edo altzairuzkoak edo zer plastiko motatakoak diren. Horren arabera, bereizi eta zapaldu egiten ditu, eta errazago biltzen dira hondakinak.

Bezeroen kontu lortutako sarrerak

Zaborrak biltzeko makinaren aurrean du Juan Pascualek taberna, eta handik heldu da, poltsa bete lata duela. «Oso ideia ona da. Oraindik ez dut zinemarako sarrerarik, baina baditut puntu batzuk jadanik. Bezeroen kontu joango gara langileok zinemara».

Bigarren aldiz ari da Ana Muñoz ontziak makinan sartzen. «Beti bereizi izan dugu zaborra etxean», dio. «Orain lehen ezer jaso gabe egiten genuenaren truke zerbait ematen digute, eta oso ideia ona iruditzean zait». Ona ideia, bai, baina, dioenez, praktika ez da hain ona. Oraingoan zaborrarekin bueltatu beharko da etxera Muñoz. Blokeatu egin da makina. «Huts ere egiten du inoiz», dio. «Hobeki funtzionatu behar luke».

Torrensek azaldu du zergatik blokeatu zaion: «Makina doitzen gabiltza oraindik. Badira makinak identifikatzen ez dituen hainbat plastiko mota, eta etorkizunean horiek ere kontuan hartzea da helburua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.