Zirkua kaiola bihurtzen denekoa

Animaliei Tratu Etikoa Ematearen Aldeko Elkarteak urteak daramatza Gasteizko festetan egoten diren zirkuetako animalien erabilera salatzen; aurten ez da salbuespenik izan.

ATEA elkarteak Gasteizko Udalari salaketa jarri dio, Munduko Zirku Handiari baimena emategatik. JUANAN RUIZ/ARP.
Gasteiz
2011ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Urteak dira Animaliei Tratu Etikoa Ematearen Aldeko Elkarteak (ATEA) Gasteizko Udalari salaketak jartzen dizkiola animaliek parte hartzen duten ikuskizunak baimentzeagatik. Aurrekoetan bezala, aurten ere zirkua salaketa besapean duela etorri berri da. Joan den ostegunean, ATEAk Kontsumo eta Osasuneko Udal Sailari salaketa jarri zion, eta udala egin zuen baimena ematearen erantzule.

Elkarteak, kaleratutako adierazpenean, zirkuaren aurpegi ezkutua ikusteko zailtasunaz ohartarazi du. Izan ere, talde horren iritziz, «jendeak ez ditu lotzen animalien kontrako tratu txarrak zirkuarekin, baina argi dago ikuskizun horiek animaliez baliatzen direla eta haientzat ulergaitzak diren ekintzak egitera behartzen dituztela».

Festetako ohiko ikuskizunak izan dira betidanik zirkuak. Antzina baino gutxiago, baina oraindik ere badira. Gainera, denboraren poderioz geroz eta ikuskizun handiagoak bilakatu dira. Egungo zirkuko emanaldiak geroz eta ikusgarriagoak dira, elkarren arteko lehiaren erakusgarri.

Pailazoak, trapezistak, magoak... lagun eta elementu askok parte hartzen dute zirkuan, baina badaude zirkuaren hastapenetatik milaka haurren arreta erakarri dituzten batzuk: animaliak.

Gasteizko jaiak heltzear daudela, ezarrita dago jadanik Mendizabalako zelaietan Munduko Zirku Handia. Hiria kartelez josita dago dagoeneko. Egin beharreko emanaldiak ondo ikasita edukiko dituzte bertako langile eta animaliek. ATEA elkarteak azaldu duenez, hainbat modu erabiltzen dira gizakiei eta animaliei irakasteko.

Animaliei tratu duina ematearen aldeko elkartearen aburuz, «zirku jakin batek darabilen metodoan sartu gabe», bertan aritzen diren animalia basatiei irakasteko tekniketan «diziplina bortitz eta erasokorra» erabiltzen dute. ATEAk dioenez, «basa animaliez ari garenean, irakasteko modu bakarra minaren bidez horiek izutzea da». Hori dela eta, aurreko urteetan egin duten legez, salaketa jarri diote Gasteizko Udalari, animaliak erabiltzen dituen zirkuari baimena emateagatik.

ATEAk, plazaratu duen adierazpenean, 6/1993 Animaliak Babesteko Legeari erreparatu dio. «Animalien izaeraren kontrako eta tratu iraingarriko jarrerak» debekatzen ditu legeak, besteak beste. Taldearen esanetan, «onartezina da gizakietan tratu txarrak gaitzestea eta animalietan, berriz, tratu horiek onartzea».

«Zirkua, ikuskizun ankerra»

Zirkuko ikuskizunak ikuskatu ditzala exijitu dio elkarteak udalari, eta, era berean, salatu du eskakizun hori orain arte ez dela bete. Zirkua ikuskizun «ankertzat» jo, eta animaliek hil arteko «tratu txarrak, joera naturalen errepresio ikaragarria eta elikadura negargarria» jasan behar dituztela eman duaditzera ATEAk.

Udalak, berriz, zirkuak legedia «guztiz» betetzen duela adierazi du, eta Gasteizko hiriak animaliak erabiltzen dituen zirkuak baimentzen dituela. Hala ere, iazbezala, zigortzeko prozedura ireki dio zirkuari, hirian zehar afixak era desegokian kokatzeagatik. Munduko Zirku Handiak gaurtik hilaren 10era bitartean eskainiko ditu emanaldiak Gasteizen. Zirkuak aurten egin dituen beste emanaldietan elefanteak, zaldiak, guakamaioak eta beste animalia basati batzuk erabili ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.