Asteburuko proposamenak

Zirkua ulertzeko hamaika modu

AndoainEuskal Herriko eta nazioarteko hainbat zirku konpainia bilduko ditu Ikuszirkus Jaialdiak

Circus Klezmer Kataluniako zirku konpainia izango da igandean Ikuszirkus Jaialdian. BERRIA.
Adrian Garcia.
Donostia
2010eko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Ikuszirkus zirkuaren topaguneairitsi da jada Andoainera (Gipuzkoa). Zirkuko bost ikuskizun ikusi ahalko dira Bastero Kultur Etxean hurrengo astean. Herri bakoitzak zirkua era batera ulertzen du, eta aukera paregabea eskaintzen du jaialdiak horretaz jabetzeko. Hainbat herrialdetatik etorritako zirku, antzerki eta dantza taldeek osatzen dute egitaraua.

Kataluniatik etorritako Circus Klezmer taldearen ikuskizuna ikusi ahal izango da igandean, 19:00etan. Europa ekialdeko herrixka judu bateko ezkontza giroa taularatuko du zirku taldeak. Klezmer musika, judu askenazien musika tradizionala, joko dute zuzenean, eta akrobaziak, eskujokoa eta zirkuko beste zenbait ariketekin osatuko dute ikuskizuna. Marc Chagall margolariaren irudietan eta yiddish hizkuntzaren kulturan oinarritzen da lana.

Euskal Zirkoaren Gala ikusi ahalko da hurrengo egunean, astelehenean, 20:00etan. Euskal Herriko lau zirku ikusgarritako egile handienetarikoak biltzen ditu galak. Jon Zabal mago eta mentalistak egingo ditu aurkezpen lanak. Xabi Larreak oreka eta eskujoko ariketak egingo ditu. Ane Mirenek, berriz, bihurrikatze mugimenduekin zirkua egiteko beste modu bat erakutsiko du. Maribel Martinezen aireko lanek gizakiaren hegan egiteko ezintasuna ezbaian jarriko dute. Bukatzeko, Mikel Arregiren diaboloko erakustaldiak osatuko du 70 minutu irauten dituen ikuskizuna.

Le Petit Cabaret konpainiaren Muchas noches buenas gracias lana ikusi ahal izango da hilaren 28an, asteartea, 20:00etan. Madrilgo hiru artistak osatzen dute taldea, eta musika, dantza, abilezia eta eskujokoak uztartuko dituzte oholtza gainean.

Frantziako Akoreacro konpainiaren txanda izango da asteazkenean, hilaren 29an, 20:00etan. Lau musikarien zuzenekorekin girotuko dituzte antzezlaneko akrobazia ikusgarriak. Zirkua egiteko duten modu originala erakutsiko dute Pfffffff izenburuko lanean. Maitagarrien ipuin moderno baten irudikapena da antzezlana.

Tianjin Acrobatic Troupe Txinako zirku konpainiak itxiko du Ikuszirkus Jaialdia. Ibilbide luzeko taldea da, 1948an sortua. Lan ederrak sortu eta lehiari garrantzia eman leloari jarraituz sari andana irabazi dute, batez ere nazioartean.

IKUSZIRKUS JAIALDIA

Zer. Bost zirku ikuskizun. Non. Andoaingo (Gipuzkoa) Bastero Kultur Etxean.

Noiz. Abenduaren 26tik, 30era bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.