Bata mutu eta bestea oso hiztun, laranjaz eta berdez jantzita; halaxe agertu ziren Patxin eta Potxin atzo eguerdian Euskalgunean. Ume ugari zituzten zain, gurasoen begiradapean. Berehala atondu zuten emankizunerako txokoa.
Ezer baino lehen, bi pailazoak bidaia bat prestatzeari ekin zioten. Horretarako zer behar zen galdetu zieten txikiei. Denetarik aipatu zuten umeek; nondik nora joan behar den jakiteko ezinbestekoa izan ohi den mapa ere bai, noski. Haietako batek, ordea, paperezkoa izan beharrean makina bat duela esan zuen ikusleen artetik. Anartz zuela izena kontatu zien, makina horren inguruko azalpen luze-luzea ematearekin batera. Makinak hitz egiten duela, orain ezkerretara eta gero eskumatara jotzeko esaten duela... Dirudienez ez zekien tramankuluaren izena, eta xehetasun guzti-guztiak eman zizkien.
«Anartz, baina zein da makinaren izena? Guk 14:00etan bazkaltzera joan behar dugu, e? Ordurako bukatuko al duzu?», galdetu zion Potxinek. «Aitatxo, beti horrela izaten al da?». Aitak, baietz buruarekin. «Horregatik dauka aitatxok gorpuzkera lirain hori. Inoiz ez duelako bazkaltzen!», egin zuen barre Potxinek. Azkenean ere asmatu zuten zer zuen Anartzek buruan: «GPSa!», bota zuen bere ondoko lagunak.
Maleta prestatzen jarraitu zuten. «Zer gehiago sartu behar da?», Potxinen hurrengo galdera. Arropa aipatzen hasi ziren, minigonak, elastikoak, barruko arropa... Potxinek bere galtzontzilloak atera zituen, bezperan garbitu berriak, umeen barre algara artean. «Politak dira, ezta?».
Pailazoak, pailazo bila
Patxin amarekin telefonoz hitz egiten saiatu zen. Baina ez zuen lortu, inork ez zuen beste aldetik erantzuten. «Noski! Hortz eskuila da eta!», ohartu zen Potxin. Hala, hortzak noiz garbitu behar diren zenbatzen hasi ziren: «Gosaldutakoan, bazkalostean, merienda jandakoan, afaria bukatutakoan... Jaten dugun aldiro, ezta?». Azkenean, lortu zuten bidaiarako maleta prestatzea. Baina, nora joateko?
Patxinek eta Potxinekeuren atzeko aldean jarrita zuten horma irudian agertzen zen zirkura joan nahi zuten. «Zirkuan zer egoten da?», galdetu zieten umeei. «Pailazoak!», erantzun zieten. «Egia! Ba ea azkar etortzen diren», Potxinek. Umeek pailazoak eurak zirela esan arren, bikoteak zain jarraitu zuen.
Bilboko Aste Nagusia. Gure txokotik
Zirkurako maletarekin
Patxin eta Potxin pailazoen ikuskizunaz gozatu eta barre ugari egin dute Euskalgunean egon diren umeek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu