Zirraragarria

Bezperako heriotza korrikalari askoren gogoan egon zen atzo, Dolores Agirreren zezenen entzierroan

Alberto Barandiaran.
Iruñea
2009ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Gauza hauek zailak dira baieztatzen, baina atzo beldur giroa zegoen entzierroan. Korrikalarien artean hitz gutxi, eta denek herenegungoa buruan. Ez zegoen Jandillakoen egunean baino korrikalari gutxiago, baina hala ematen zuen, korrikalariek toki gehiago utzi zutelako adardunen artean. Zaila da azaltzen, baina bazirudien zezenak motelago zihoazela. Ez dago baieztapenik, baina atzo beldurra adi zitekeen. Batez ere, Capuchino-k Daniel Jimeno harrapatu zuen tokian bertan korrikalari batek azken zezenari deitu eta adardunak harengana egin zuenean.

Toki bera zen. Han ziren hainbat lagunek jarritako zapi gorriak. Dolores Agirre ganadutegiko azken zezena bazihoan zezen-plazarantz, motel baina lasai, eta gazteak hots egin zion. Eta harengana bihurtu zen adarduna. Gazteak oraindik beste keinu bat egin zion, ferekatzekoa bezala, adarra ukitzekoa, eta animaliak lurrera bota eta han irauli zuen. Harrituta geratu zen, nonbait, gaztea. Ez zen ezer gertatu. Baina beldurra airean zen.

Unaiak, lanean

Lasterketa osoa, ordura arte, lasai samarra izan zen. Irten eta berehala, zezen bat atzean geratu zen, joalduna lagun. Udaletxeko plazan irrist egin eta are gehiago atzeratu zen, eta Estafea kalean hiru zezen sartu ziren aurretik, joaldunez inguratuta. Atzerago, beste bi, eta azkena, bakarrik. Hain zuzen ere, atzean geratutako batek airean gora eraman zuen korrikalaria Udaletxeko plazan, eta kolpe bat baino gehiago izan ziren pilaketen ondorioz eroritako korrikalarien artean. Hor, adardun bat asko zabaldu eta korrikalari bat bi animaliaren artean trabatuta geratu zen. Ez zitzaion ezer gertatu.

Estafetan oso luze joan zen lasterketa, taldea luze-luze eginda. Aurreko anaiek ondo eta arazorik gabe egin zuten lasterketa osoa, baina azken zezenak mantso, motel antzean egin zuen bidea. Estafeta ia osoan, unaiek behin eta berriro dantzatu behar izan zituzten hagak, animaliaren bizkar gainean eskua jarri nahi zuten korrikalarien aurka. Baina hori zen nabarmentzeko bakarra. Zezena Telefonicako zorigaiztoko lekura iritsi zen arte.

Eta han, gazte batek dei egin zion adardunari. Herenegun, Capuchino-k Daniel Jimeno harrapatu eta ia zerraldo utzi zuen toki berean.



Gaur erraustuko dute herenegungo entzierroan h¡l zen gaztearen gorpua

Zapi gorriek apainduta agertu zen atzo Daniel Jimeno zaurituta erori zen tokia; hain zuzen ere, haren gorpua sorterrira, Alcala de Henaresera (Espainia), bidali zuten egun berean. 27 urteko gaztearen zerraldoa atzo goizeko 10:00etan atera zen Iruñetik, gurasoek eta beste senide batzuek lagunduta, eta eguerdirako Madrilen zen. Irteeran, Yolanda Barcina Iruñeko alkatea egon zen. Daniel Jimenoren senideen «adorea» azpimarratu zuen Barcinak.

Jimenoren gorpua gaur bertan erraustuko dute Alcala de Henaresko hilerrian. Gaztea oso ezaguna zen herrian, eta hango peña bateko sortzaileetako bat zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.