Egunerokotasunetik atera, eta mozorroa jantzita mundua hankaz gora jartzen da inauterietan. Zoramena nagusitzen da egun batzuetan behintzat. Bihartik aurrera Euskal Herriko txoko askotan ospatuko dituzte inauteriak, eta kolorez jantziko dute ingurua. Badira, tartean, tradizio handia duten herriak; Tolosa (Gipuzkoa) da horietako bat. Sei eguneko egitarau oparoa prestatu dute inauterien harira herrian. Hiriburuetan ere izango da gozatzeko eta ongi pasatzeko aukera.
Tolosa Ordurik gabeko festa
Egia da Tolosan (Gipuzkoa) inauteritan ere orduek aurrera jarraitzen dutela, baina festa gogoz denarentzat hori ez da garrantzitsua. Bide batetik jotzen du denborak eta beste batetik festak. Bihar, osteguna, hasiko dira ospakizunak, goizean, eta asteartera arte jai giroak ez du etenik izango. Igandea eta astelehena izango dira egun handiak.
Bihar eguerdian Plaza Zaharretik botako duten suziriak lehertuko du festa herrian, eta orduan hasiko da eromena. Urtero bezala, zezenketetan jende ugari bilduko da arratsaldeetan, 16:30ean. Txarangak arituko dira bertan giroa alaitzen, eta zezenzale ez direnek ere ederki pasatuko dute parrandaren erdian eta musikarekin dantzatuz. Gauean danbor hotsek hartuko dituzte kaleak. Aurrera Kirol Elkartearen txanda izango da bihar. Ostiralean ostiral mehe ospatuko dute, eta jaialdi berezia antolatu du Arpegi taldeak Leidor aretoan.
Larunbatean, dantzari txikien kalejirak izango dira goizean, eta bazkaldu ondoren, Kabi Alai elkarteko txarangak alaituko du giroa. 22:00etan, Resaka eta Ze Esatek taldeek joko dute txosnetan.
Igandean mozorrotuko dira tolosarrak, eta karrozaz beteko dituzte kaleak. Berrehun baino gehiago prestatu dituzte aurten. Plaza Berrian sokamuturra egingo dute goizean. Iluntzeko dantzaldia Aiz Orratz, Txapel Haundi eta Alcoyano txarangaren eskutik izango da. Berdura plazan izango da, 19:00etan. Ondoren, Jones Brothers eta Oriako txarangak ibiliko dira kalez kale giroa berotzen.
Astelehenean ez dute alferkeriarik izango tolosarrek. Berriz ere karrozak eta konpartsak aterako dituzte kalera, 11:00etan. Gauean, Tolosano Poca Tripa eta Arco Iris txarangekin dantzaldia egongo da. Itziarren Semeak eta La Jodedera taldeek joko dute, berriz, 23:30ean, Plaza Berrian.
Azken eguna izanagatik, giroa ez da inolaz ere motelduko asteartean, ekitaldi ugariz beteta etorriko baita eguna. Sardinaren hiletarekin amaituko dute festa, 23:30ean.
Iruñea Erdi Aroa hiriburuan
1512ko gaztelarren konkista izango da Iruñean mozorro askoren gaia. Hori da konkistaren 500. urteurrenean Gora Iruña! jai herrikoien aldeko plataformak egin duen hautua, eta, horren ondorioz, Erdi Aroko pertsonaiaz beteko dira hiriburuko kaleak. Auzoz auzokoa izaten da festa, eta Alde Zaharrean, Arrotxapean, Sanduzelain eta Txantrean ospatuko dira asteburu honetan. Egitarau propioa izaten du gune bakoitzak, festa giroa, ordea, orokorra.
Bilbo Desfilerik ez, baina festa bai
Bilbon aurten udala eta konpartsak ez dira ados jarri. Jai herrikoiak galarazi nahi izatea egotzi diote konpartsetako kideek alkateari, eta desfilerik ez egitea erabaki dute azkenean. Hala ere, larunbatean erdigunera mozorrotuta joatera animatu dute jendea. Egitarau ofizialaren barruan, karrozen desfilea egingo dute. Hainbat ekitaldi ere antolatu dira horrez gain: Farolin eta Zaranbolasen epaiketa, karrikaldia, aratustodromoa...
Gasteiz Askotariko karrozak
Gasteizen ere ostegunean hasiko dira inauteriak, baina larunbatekoa izango da egun nagusia. Ekitaldiz beteta egongo da egitaraua. Karrozak eta konpartsak 18:30ean aterako dira, Legutioko Atetik. Bere gaia izango du karrozetariko bakoitzak. Gauerdian, sanba kalejira egingo dute parte zaharrean. Asteartean erreko dute sardina.
Donostia Momo jainkosarekin
Momo jainkosa izango da nagusi inauterietan, eta karroza desfilea izango da larunbatean eta igandean. Musika, txarangak, joaldunak... 26 konpartsak hartuko dute parte, eta udalak mozorroak janzteko deia egin die herritar guztiei. Larunbatean rock festa izango da gauean.
Baiona Asiarekin lotutako mozorroak
Aurtengo gaia Asia da, eta kalera kontinente horrekin lotutako mozorroekin ateratzera animatu dituzte herritarrak. Ostiralean, haurren eguna izango da.Gazte Asanbladaren eskutik, trikipoteoa egongo da, Kalostrape ostatutik hasita, 20:00etan, eta gaupasa Patxokin, 00:00etatik aurrera. Larunbatean, zanpantzarraren desfilea antolatu dute, 10:00etan. 16:30ean, karrozak irtengo dira Jean Dauger futbol zelaitik.
Jaiak. Inauteriak
Zoramena hasteko prest
Sei egunean festa giroa izango da nagusi Tolosan. Bihartik aurrera inauterietako egitarau oparoa izango duteEuskal Herriko hiriburuetan ere ekitaldi ugari antolatu dituzte aratusteen harira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu