Aurrekoan genioen hemen gutxi irauten zuela plazeratik eta sentsazioetatik sortutako ongizate azkarrak eta eskuragarriak; zoriontasun egonkorragoa bilatzekotan, eguneroko gauza txiki eta xume horiez gozatzean dagoela gakoa. Urteak eta estalitako lehen ile zuriek aurrera egin ahala, une xume horiek baloratzen ikasten goazela esango nuke; hala izan da, behintzat, neure kasuan eta nire inguruko askorengan ere.
Taldeekin lanean nagoela gai honi ekiten diogunean, etxeko lan atsegin bat agintzen diet: gauero, lo hartu aurretik, egunez gozatutako hiru unez edo pasartez jabetu eta barnean gordetzea. Egunak pasatu ahala, «errepikakorra dela» edo «batzuetan zer topaturik ez dutela» erantzuten du zenbaitek. Ulertzekoa: ez baititugu egunero su festa izateko adinako berriak jasotzen; ulertzekoa ere gertaera zoragarrien araberako zoriona espero denean. Eta, noski: ulertzekoa zurrunbiloan eta erritmo eroan darabilkigun bizimodu honetan. Zer esan nahi dut horrekin? Une xume horien gozamena atzemateko, lehenik… gelditu egin behar dugula!; tartean behin minutu batzuk bada ere. Kanpoko erritmoaren automatismotik atera, eta barnean dagoenaz arreta jarri. Hondoraturik edo gainez egitear egon arte, ez gara konturatu ere egiten zertan diren gure emozioak, gure aldartea... Eta honela gaizki goaz … Badakizu, beraz; hasi gelditzen!
Osasuna. Adimen emozionala
Zoriontsu, nola? (eta II)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu