Zortzi borrokalari eta idi parea, aurrez aurre

Kick boxingeko zortzi jokalarik idi pare baten aurka dema dute bihar, Urdulizen. Hogei minutuko txandan, 800 eta 900 kiloko harriak mugitu beharko dituzte, hurrenez hurren. Ez dago garbi nork irabaziko duen.

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Idiak ala kick boxingeko borrokalariak? Nor da indartsuago? Pedro Elordui urduliztarrak galdera hori egin zion bere buruari. Duela hilabete inguru hasi zen galderari erantzuteko ideiarekin bueltaka, eta bien artean dema bat egitea pentsatu zuen. Lehia bihar egingo dute, Urdulizen (Bizkaia), Ayoberri sagardotegiko aparkalekuan, 20:00etan.

«Saltsa guztietako perrexila da Pedro, eta proposamenarekin deitu zigunean, aurrera egitea pentsatu genuen», dio Jabier Perezek, Urdulizko Basakick kick boxing taldeko entrenatzaileak. Biharko lehia buru-belarri prestatzen ari dira, jokoan dirurik ez dagoen arren. «Niri ez zait gustatzen horrelako gauzetan dirurik jokatzea. Dema lagunen arteko gauza bat da, eta lehenengo bukatzen duenak irabaziko du. Arratsalde-pasa bat bezala hartu behar da», dio Pedro Elorduik.

Demak ez dirudi oso orekatua, baina bi aldeak berdintzeko, hainbat neurri adostu dituzte. Kick boxingeko jokalariek 100 kilo gutxiago mugitu beharko dituzte, eta Elorduik uste du beharbada idiekiko abantaila dutela. «Nire bizilagun baten idiak dira, oraindik sekula txapelketa edo dema batean parte hartu ez dutenak. Beraz, gerta liteke ikusle kopuruak edo telebistak idiak urduri jartzea ere».

800 kiloak mugitzeko, beraz, lehia orekatua egiten saiatu diren arren, oraindik negoziazioak ez dituzte amaitu dema egin bezperan. «Guk esaten dugu bi pertsonako aldaketak egiteko aukera izan behar dugula, azken finean idiak askoz ere era jarraikorragoan egiten baitituzte plazak», esan du Perezek. Baina Elordui ez dago ziur. Lehia asfalto gainean egingo da, eta euria eginez gero, harria zorura asko itsasten da. Horregatik, eguraldi ona eginez gero aldaketa horiek egin edo ez aztertzen ari dira oraindik. «Probalekuetan epaile lanetan ibiltzen diren nire ezagun batzuekin hitz egingo dut, ea zer esaten didaten», dio Elorduik. Perezen ustez, dema Urdulizko probalekuan bertan egingo balitz, aukera gehiago izango lukete kick boxingeko jokalariek, han harria ez baita horrenbeste itsasten. «Baina dema, nik antolatu dudan heinean, nire sagardotegian egin nahi nuen», erantzun du Elorduik.

Demak hogei minutuko iraupena izango du, eta tarte horretan ahalik eta plaza gehien egitea izango da alde bien helburua. Kick boxingeko mutilek lau entrenamendu egin dituzte orain arte, eta horietan lortu duten markarik onena 40koa izan da. Idiek orain arte egindako probetan 50 plaza inguru egin dituzte. Beraz, hasiera batean, idien alde dago kontua.

Hamaika xelebrekeria buruan

Idiak eta kick boxinga uztartzen dituen demak arraroa ematen du, baina Elorduik antzeko beste hainbat xelebrekeria antolatu izan ditu orain arte. Besteak beste, asto baten aurkako tiraldiak eta Urduliz eta Gatikako mutilen arteko dema. «Tankera horretakoak antolatzea gustatzen zait, eta egun guztia nabil buruari bueltaka horrelako gauzak aurrera eramateko».

2011. urtearen hasieran Tabakoaren Legea martxan jarri zenean, esaterako, tabakoa saltzeko makina zigortu egin zuen. Bere ohiko lekutik kendu, eta tabernako sabaitik zintzilik jarri zuen, kateatuta. «Tabakoaren Legea aldatzen den arte protesta gisa jarri nuen», gogoratu du. Mariano Raxoi Espainiako Gobernuaren agintaritzara iritsi zenean legea aldatuko zen zurrumurruak egon baziren ere, oraindik ez da ezer aldatu, «eta bertan jarraitu beharko du aldatzen duten artean».

Urdulizko Ayoberri sagardotegian egiten diren xelebrekeriak, beraz, ez dira amaituko biharko demarekin. Elorduik hala dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.