Orain arte, norberak bere kasa bisitatzen zuen Deba eta Zumaiako flyschen biotopoa (Gipuzkoa). Gaurtik aurrera, seinaleen bidez gidatu ahal izango dira ibiltariak, ingurua egokitu eta ibilbide sare zabala osatu baitute. 21 kilometrotan banatutako bost ibilbide ireki dituzte. Eusko Jaurlaritzak 2009an biotopoa babestu zuenetik, hainbat saio egin dituzte jendeari parajeak duen garrantzi geologikoaren berri emateko, eta honako hau erabilpen publikorako behin betiko urratsa da. Flyschak nazioartean erreferentzia dira, eta 50 milioi urteko historia gordetzen dute. Ibilbide sarearekin batera, Flysch Biotopoa liburua argitaratu dute.
Urtean 30.000-40.000 bisitari inguru jasotzen ditu biotopoak. Ibilbideen bitartez, han biltzen diren bisitarien kopurua bideratuko dute, eta, bide batez, azpiegitura aproposak emango zaizkie ibiltariei. Zailtasun ezberdineko bost ibilbide osatu dituzte horretarako, biotopoaren inguru guztiak ezagutzeko: Algorri, Elorriaga, Talaia, Sakoneta eta Lapari.
Asier Hilario Zumaiako flyschen biotopoaren koordinatzaile zientifiko eta liburuaren egilearen arabera, kalitatezko mezu dibulgatiboa ematea da garrantzitsuena. «Paisaia begietatik sartzen da, eta mezuak liluratu behar du jendea, ondo landutako mezuak», esan du.
Biotopoko bisitariak ibiltari huts izateaz haratago etxera zerbait ikasita itzultzea nahi dute. Ibilbide guztien hasieran, informazioa eta mapa dituen panelak jarri dituzte, eta behatokirik ikusgarrienetan, bost panel panoramiko. «Ingurua oso berezia da, eta ahal dugun gutxien esku hartu dugu». Ubideak, harresiak eta seinaleak jarri dituzte. Ibilbide batzuetako zatiak lur pribatuetatik pasatzen dira, eta jabeekin negoziatu behar izan dute. 38 interes gune markatu dituzte, gainera, xafla batzuen bidez. Azken puntu horietako informazio sakonagoa Flysh biotopoa liburuan dago azalduta.
«Naturaren kontserbazioak dinamikoa izan behar du, eta kontserbaziorako etorkizunean daukagun tresnarik indartsuena dibulgazioa da», adierazi du Hilariok.
Gida eta informazioa
Edonorentzako moduko liburua idatzi dute horretarako. Ibilbideen azalpen eta deskribapen mardulaz gain, biotopoari buruzko informazio orokorra eskaintzen du. Klima, geologia, flora, fauna, lurraren historia, ekosistemak... Autoz biotopoa bisitatunahi duenarentzako proposamena ere egiten du. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta La Caixaren laguntzarekin argitaratu dute liburua, eta lantalde zabala egon da atzean. Euskal Herriko nahiz nazioarteko hamabi zientzialariren laguntza izan dute, besteak beste.
Deba eta Zumaiako turismo bulegoetan, Algorri interpretazio etxean eta ohiko saltokietan dago salgai, euskaraz eta gaztelaniaz. Hamabi euro ordaindu behar da.
Zumaiako flyschak bertatik bertara
Ibilbide sarea osatu dute Zumaia eta Debako flyschen biotopoan; 21 kilometro egokitu dituzte parajea ezagutarazteko'Flysch biotopoa' gida liburua idatzi dute «kalitatezko dibulgazioa» eskaintzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu