Osasuna. Elikadura

Zuntzaren balioa

Funtzio fisiologiko garrantzitsuak betetzen ditu zuntzak gure organismoan. Onura asko eragiten ditu zuntzaren kontsumoak, esaterako, gaixotasun ugari saihesten laguntzen du. Hala ere, zuntza gehiegi kontsumitzeak hainbat kalte eragin ditzake, eta neurrian jatea komeni da.

Adituek diote fruta eta barazkiez gain ogi eta labore integralak egunero hartzea komeni dela. BERRIA.
Cristina Perez.
2012ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Ikuspuntu nutrizionala kontuan izanda, zuntza ez da mantenugai bat, metabolismorik ez duelako. Halere, funtzio fisiologiko garrantzitsuak egiten ditu organismoan, esate baterako, hesteen mugimendu peristaltikoen estimulua.

Zuntz dietetikoa begetaletan dago. Gizakiaren heste meheak ez du digeritzen, ez dituelako zuntza digeritzeko behar diren entzimak. Heste lodian, aldiz, zuntzak hartzidura partziala edo totala jasotzen du.

Heste mehean ez daude zuntza digeritzeko behar diren entzimak, baina heste lodian dagoen bakterio florek zuntza hartzitzen dute, eta askotariko substantziatan txikitzen dute, hala nola gasetan eta kate laburreko gantz azidoetan.

Zuntz dietetikoa begetaletan dago bakarrik, eta ez dute findurik egon behar; bestela, zuntza galdu egiten da.

Zuntz disolbagarria eta zuntz disolbaezina

Ezaugarri kimikoak eta organismoan dituen funtzioak kontuan hartzen baditugu, zuntza bi talde nagusitan bereizten da.

Zuntz disolbagarria ura hartzeko ahalmena duten substantziaz osaturik dago. Horiek ur asko xurgatzen dute. Horri esker, zuntza gel moduan puztu egiten da. Heste lodian dauden mikroorganismoek ahalmen handia dute gel hori hartzitzeko. Horrek mikrofloraren osaketari mesede egiten dio, eta mikroflorak gorotzei bolumena eman eta biguntasuna ematen die. Gainera murriztu egiten du gantz eta azukreen xurgatzea; hala,odolean dagoen kolesterolaren eta glukosaren kantitateak kontrolatzen laguntzen du. Zuntz mota hori lekaleetan, frutetan eta barazkietan dago, batez ere, eta haren eragina nabaritzeko ezinbestekoa da ur nahikoa hartzea.

Zuntz disolbaezina ur gutxi hartzeko ahalmena duten substantziek osatzen dute. Beraz, ez dauka ura hartzeko ahalmen handirik. Gainera, ez da hartzigarria, eta mikroflorak ez dio efekturik egiten. Zuntz horren funtzioa arrastekoa da. Hesteen paretak garbitzen ditu, han dauden hondakinak askatuz. Gainera, hesteen mugimendu peristaltikoak estimulatzen ditu. Horrela, gorotzen iragaitza areagotzen da. Horri guztiari esker, zuntz disolbaezinak idorreriaren aurka lan egiten du. Zereal integraletan eta barazki batzuetan dago.

Zuntzak dituen onurak asko dira. Ezagunena idorreriaren aurka lan egitea da, baina beste gaixotasunak ere eragozten ditu, esaterako, dibertikulitisa, gizentasuna, hiperkolesterolemia eta diabetesa. Koloneko minbiziaren prebentzioan ere parte hartzen du zuntzak.

Halere, alde txarra ere badauka zuntz gehiegi kontsumitzeak. Distentzio-abdominala, tripako mina eta haizeak sor ditzake. Beraz, zuntza neurrian hartu behar da, eta gehiago behar denean, apurka-apurka handitu behar da kantitatea, organismoa ohitzeko.

Zuntz disolbagarria zein disolbaezina beharrezkoak dira. Proportzio egokian hartu behar dira.Bi mila kilokaloriako dieta mota batek 35 gramo zuntz izan behar ditu: horietatik 12 gramo disolbaezinak izan behar dute; 23 gramo, aldiz, disolbagarriak. Hau da, 3/1eko proportzioan izan behar da. Zuntza hainbat iturritatik hartzea da hoberena.

Komeni da egunero barazkiak jatea —gordinik ahal bada—, zuritu gabeko fruta —irasagarra, pomeloa, banana, sagar ehoa eta limoia izan ezik, astringenteak dira eta—eta ogi eta labore integralak —oloa, zekalea, arroza, garia...—. Komeni da astean hirutan hauek jatea: lekaleak, dilistak, garbantzuak, babarrunak, babak eta ilarrak.

Likido ugari edan behar da, eguneko gutxienez 1,5-2 litro. Ura, salda, infusioak, eta zuku naturalak. Horrela zuntzaren onurak gehiago aprobetxatzen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.