Ezarian. Argazkigintza

Zuri-beltzeko ispilua

XX. mendeko lehen 30 urteetako Euskal Herriko argazkilaritza aztertu du Maddi Elorzak 'Iraganaren isipilu' liburuan, Donostiako 'Novedades' aldizkaria oinarri hartuta.

Juan Luis Zabala,
Donostia
2011ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Asmatu zenetik, argazkilaritza beti izan da oso tresna baliagarria iraganaren ezagutzarako. Horren froga da Maddi Elorza Insaustiren Iraganaren ispilu. Euskal Herria eta Novedades aldizkaria, 1909-1919/1928-1929 liburua (Kutxa Fundazioa). Novedades aldizkaria oinarritzat hartuta, XX. mendearen lehen herenean Euskal Herrian egindako argazkigintzaren berri ematen du liburuak, garaiko argazkiz oparo hornituta.

«Memoriaren berreskurapena» eskaintzen du Elorzaren liburuak, Santos Zunzunegi EHUko Ikus-entzunezko Komunikazioko katedradun eta liburuaren hitzaurrearen egileak dioenez. «Liburuak berriro ateratzen du argira —arkeologoek egiten duten moduan— gure gizartea nolakoa zen aldizkaria argitaratzen zen garaian. Iraganaren ispilu dira, beraz, argazkiak, liburuaren izenburuak dioen moduan; zuri-beltzeko ispiluak ia beti kasu honetan.

En torno a la revista Novedades: Fotografía y fotógrafos en el País Vasco en el primer tercio del siglo XX doktorego tesiaren «funtsezko edukiak» jaso ditu liburuan Elorzak, berak liburuaren sarreran dioenez. Bi bertsiotan dago liburua: jatorrizkoa, gaztelaniaz; euskarazkoa, Maramara taldeak itzulia.

Ikerketarako «zailtasunak»

Lanari ekin zionean, 1999an, Euskal Herriko argazkigintzaren historiari buruzko ikerketa egiteko asmoa zuen Elorzak, baina «zailtasun handiak» aurkitu zituen: artxibo pribatuetara ezin irtisi, artxibo publiko asko katalogazio prozesuan… Leopoldo Zugaza Photomuseumeko zuzendariak bideratu zuen orduan Novedades-en eduki fotografikoen ikerketa egitera.

El Pueblo Vasco egunkariaren gehigarri edo osagarri gisa kaleratu zen Novedades, Madrilgo Nuevo Mundo aldizkariaren ereduari jarraituz taxututa. Aldizkaria Donostian argitaratzen bazen ere, Gipuzkoako herrietako, Gasteizko, Bilboko eta Iruñeko albisteak eta argazkiak ere eskaini ohi zituen. Astekaria izan zen hasieran,1909ko ekainaren 27tik 1916ko apirilaren 15era arte; hilabetekaria gero, 1916ko maiatzaren 15etik 1919ko otsailaren 15era arte. Bi aro horietan El Pueblo Vasco egunkariaren zuzendariak zuzendu zuen, Rafael Pikabea Legiak.

Lehen aroan, irudia eta testua bata bestetik ondo bereizita daude. Bigarren aroan, berriz, formatu txikiagoa hartu eta hilabetekari bihurtzearekin batera, testua eta argazkia batuz artikulu ilustratuak osatzen dira, argazkiak testuaren laguntzaile eta osagarri direla.

Etenaldi baten ondoren, berriro kaleratu zen, urtebetez, 1928ko abuztutik 1929ko irailera arte, aurreko zuzendariaren semeak zuzendua, Rafael Pikabea Etxebarriak.

Egilearen izena agerian

Guztira, 402 zenbaki kaleratu ziren, 390 Pikabea Legiaren garaian (1909-1919), eta beste hamabi Pikabea Etxebarriaren garaian. Zenbaki bakoitzak 60 edo 70 argazki inguru batu zituen, gehienak azpian edo ondoan egilearen izena idatzia zutela. «Guztira, 22.000 inguru argazki eskaintzen zituen aldizkariak, eta erraza zen argazki horien haria jarraitzea, bagenekielako zein zen argazki bakoitzaren egilea», Elorzak azaldu duenez.

Novedades aldizkariaren historia kontatzeaz gain, beste hainbat gai ere jorratu du Elorzak liburuan: aldizkariaren testuinguru historikoa; Nafarroan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zabaldu ziren aurreneko argazki denden sorrera eta bilakaera; XX. mendearen lehen 30 urteetako hainbat egunkari eta aldizkariren historiak, irudiak nola erabili ohi zituzten aztertuz bereziki; garaiko argazki lehiaketa eta erakusketen albisteak…

Novedades aldizkarian kolaboratu zuten argazkilarien erreseina biografikoak ere aurkituko ditu irakurleak: Abelardo de la Barrera, Leopoldo Ducloux, Frederic Ducloux, Willy Koch Schoenewiss, Kruz Merino Rubio, Miguel Agirre, Pascual Marin Ruiz, Ricardo Martin, Jose Maria Martiarena, Mercedes Malka, Pedro Lekuona, Toribio Noain Arzak Urkabe, Leopoldo Savignac, Julian Arrillaga, Ciriaco Nieto Linker…

Liburua, izan ere, «beren ekimen enpresarial, profesional edo aristikotik abiatuta, denbora eta leku baten memoria gal ez zedin, funts literario eta grafikoak ezarri zituzten pertsona horiei guztiei egindako omenaldi inplizitua ere bada», Santos Zunzunegik hitzaurrean dioenez. «Azken finean, hemen eta orain, gure iraganaz eta haiekin lotzen gaituzten loturez kontzienteago izateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.