Baionako bestak. Zutabea
Zuri-gorrien arteketatik
Gizon bakarra da ez dena zuri eta gorriz jantzia. Horrelakoetan ezin diskretuki pasa. Presio soziala handiegia bilakatua da. Gorria edo zuria ez den jantzi bat soinean ukaitea egin daitekeen kontu subertsiboenetako bat da azken urte hauetan Baionako bestetan. Bazter guztiak hasten dira kritikan, zuri eta gorriz zergatik ez den jantzi galdezka, eta lerroen artetik, ordena ematen, ahal bezain laster aldatzeko. Turista delakoan, trufak, eta lekukoa dela ohartzean, mespretxua handiagoa. Eta oihu ozenenak botatzen dituztenak, hain justu, kanpotarrak dira gehienetan. Bitxia da kontua. Pitokeria bat egiten ari delarik norbait, ez da horrelako presiorik sentitzen. Pitokeriak egin daitezke, baldin eta zuri eta gorriz jantzia bada... Burmuinak bakantzetan uzteko askatasuna ere aldarrikatu izan du batek. Zozo izatekoaskatasuna. Zozokeriatik pitokeriara, ordea, non ote muga. Masaren indarra, norberaren askatasuna, non hasten den, non bururatzen. Anartean, zuri eta gorriz jantzia ez den gizon hura, bere bakardadean dago. Baionako herriko etxeko plazan da. Plaza lepo betea. Eguerdi hiru guti dira, eta haurren eguna (joan den osteguna) da. Hiru minuturen buruan balkoian dagoen Leon erregea, besten maskota, iratzarriko dute guztien oihuek. Eta haur guztiak sutan daude. Eta gizona hor, ezin pasatuz. Barkamena eskatzen, uzteko pasatzera, bati eta besteari; politezia ez du ahantzia, baina horrek ez dio presa txikitzen. Hiru minutuak bururatu baino lehen joan beharra du herriko etxera. Bai ala bai. Ezin bestela. Baina ez da iritsiko, argi da. Masarekin sortu amildegia gainditzea ezinezkoa zaio. Guti dira uzten dutenak pasatzen. Bakoitzak duen lekua, txikia bada ere, une horretan urrea balio baitu. Eta zer dela-eta dabil hain presaka? Justifikatu beharra, bide normaletik ez joateagatik. Haurra sortu berria dauka erietxean, eta deklaratu beharra du herriko etxean, zerbitzuak zerratu baino lehen, hots, eguerdia baino lehen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu