Piztia eta hezitzailea

Nik ez nuke nahi, inondik ere, kaiola batean sartu eta basapiztia bati aurre egin behar izatea. Nahiz eta esku batekin aulkiari eutsi eta zartailuari bestearekin.
Horrela irudikatzen ditut Peio Etxeberria eta Altuna III.a: piztia eta hezitzailea.
Ez da pilotazale amorratua izan behar jakiteko nork zein eginkizun beteko lukeen.

Nafarra telebistan ikusten dudanean sakatzera abiatu aurretik, mugimendu mantsoz, arnasa poliki-poliki hartuz, pausoak airean emango balitu bezala… halako beldur puntua sentitzen dut ez ote den pantailatik atera eta zuzen-zuzenean nire lepoaren bila etorriko.

Beste irudi bat. Sakan amaigabean den arbola baten adarraren gainean dago etzanda basapiztia. Ingurunea aztergai. Orduak eman ditzake presa egokiaren zain. Behin balizko biktima lokalizatuz gero, mantso-mantso jaitsi da arbolatik. Ez dauka presarik eta belar altuaren artetik zuzenean doa, zelatan, harrapakinari begirik kendu gabe. Bat-batean, ordea, lasterka labur baina esplosiboa baliatuz, jauzi beldurgarria medio, bizkarraren gainean jarri zaio, lepo-hezurrari kosk eginez; eraso hilgarria.

Piztia eta hezitzailea ez dira neurtuko oihanean, kaiolan baizik. Lehendik ere, badute elkarren berri eremu horretan.
Piztia hezitzailea baino lehen sartu da kaiolan. Barruan da eta orro batzuk egin ditu esku batean aulkia eta bestean zigorra daraman etorri berrria ikaratzeko. Tenple handikoa da hezitzailea. Zuzenean begiratu dio begietara piztiari, sorgindu nahiko balu bezala, aztia baita hezitzailea.

Hezitzaileak badaki distantzia mantendu beharko duela; lehenengo araua da, bizirik irten nahi badu. Hurbiletik urrun. Oldarkorra da piztia, odolaren gose da. Arriskutsua!

Aztia ez dator konfiantzaz gainezka, ez da ondo prestatu halako desafio bati aurre egiteko. Eritua datorrela dio. Piztiaren aldeko dema egin dutenek ez dute batere sinesten bete-betean ez datorrela entzuten dutenean. Zortzigarrenez lelo berbera errepikatuz agertzen dela. Aztia baita, bizkorra piztiaren aurrean. Beharko!

Kaiolan daude jada. Tentsioa apartekoa da. Piztiak hezitzailea barruan ikusi duenean mantso-mantso abiatu da, zuzenean ez, bazterretik baizik, burdin-barrei arrimatuta, arnasa poliki-poliki hartzen duela. Aztiaren aurpegia, berriz, zurbil-zurbil dago, gihar bakar bat ere ez du mugitzen. Erasoa noiz hasiko zain, aulkia du esku batean, zartailua bestean.

Ikusgarria izan daiteke datorren igandean, Bizkaia pilotalekuan gerta daitekeena, beldurgarria.

Sua barruan

Kaixo, seme!
Zer moduz Florida aldean?
Ikusi al zenuen joan den igandean, ETBn, Altuna III.a eta Jakaren arteko partida?
Hura eromena, motel!

Biharamunean lagun batekin topo egin nuen kalean eta halaxe esan zidan:
“Altunari ez zaio gustatzen galtzea, alajaina!”.
Inori ez zaio gustatzen galtzea, baina ematen du batzuek min gehiago sentitzen dutela.

Kontua zer da, batzuk lehiakorragoak direla edo jenio biziagokoak? edota biak?
Zuk, adibidez, tantoa galdu arren, ez duzu ezer adierazten. Jokatzen jarraitzen duzu. Ez zara zure onetik ateratzen. Jakak ere, lehengoan, partida osoa, jestu txarrik egin gabe pasatu zuen, azken tantoak arte, bertan behera amildu arte.

Baziren pilotariak, badira eta izango dira, tanto bat galdu ondoren, edo partida amaieran, harrapatzen duten guztia txikitzeko kapaz direnak. Pete Townshend rock gitarra jotzailearen moduan. Hura izan omen zen lehena gitarra pusketan uzten hasi zena agertokian.

Badira tenislariak, baita ere, erraketa lurraren kontra astintzen hasten direnak, eskuan soilik kirtenarekin geratu arte.
Andre Agassik, OPEN izeneko bere autobiografian, kontatzen du izaten zituela halako oldarraldiak partida galdu ostean; inoiz ez irabazitakoan, ordea. Hain zuzen, irabazleek horixe baitute amankomunean, denok bihurtzen garela irabazle onak.

Zuk, Jon, egin al duzu inoiz partida bukatu, aldageletara joan eta xistera hormaren kontra astindu?
Gogoa sentitu, seguru baietz.

Bazen gure garaian Gerrika izeneko puntista bat. Hark bi-pareta bota edo goitik beherakoa, eta ez bazitzaion pilota berak nahi zuen bezala ateratzen, askotan, hartzen zuen xisteraren muturra ezkerreko eskuarekin eta birrindu egiten zuen saskia. Haren amorrazioa!
Zer esanik ez ikusleak zoratzen jartzen zirela show hura ikusita.

Merezi al du horrela jartzea?
Batzuek ezin dute kontrolatu duten jenio bizia, kosta egiten zaie. Altunak, tarteka, egiten ditu bereak. Aurreko igandean telebistaren tramankuluren bati astindu ederra eman zion. Galtzaile txarra delako, galtzea gustukoa ez duelako?

Lazkao Txiki bertsolaria ere jenio bizikoa omen zen, haserretzen zenean, kontuz, edozer gauza esateko prest izaten zen.
Beasainen ba omen zituen hiru lagun, tabernaria eta beste bi, harekin botila ardoa jokatu behar izaten zutenak beti musean.
Behin, tabernaria kontrarioa zuen, eta nonbait hamarreko bat jaso omen zuen tranpaz. Joxe Migel ohartu egin zen eta kargu hartu omen zion. Besteak ukatu.
Orduan Lazkao Txiki, horrelakoetan ohi zuen bezala, oso berotu omen zen. Bere mus-lagunak, hura baretzeagatik-edo, honela esan omen zion:
“Baina, Joxe Migel! Ez adi horrela jarri, ardo botila besterik ez da eta!”
Eta Lazkao Txikik orduan:
“Joño! Hi ere nire kontra! Nik orduan ardo botila batengatik etzeukeat hola jartzerik; eta horrek lapurtzea bai?”
Bota kartak mahai gainera eta alde egin omen zuen handik, sututa. Horrelaxeko jenio bizikoa zen.

Jakak 22 eta 21 galdu ostean, ez zuen denbora larregi pasatu Altuna III.a zoriontzen. Ozta-ozta jarri zion esku bat bizkarrean, Jokinen kaltetutako sorbalda ez ukitzearren edo…
Kartak mahai gainera bota eta ziztu bizian alde egin zuen aldageletara; sua barruan.

Beste bat arte, Jon.

Pitbull eta Pello Errota Gernikan

Zuzeneko emanaldia ematen ari ziren ETB1en, Gernikako Jai-Alai pilotaleku dotoretik, hain justu. “Urriko azken astelehena”, egun handia Gernikan; hori gutxi balitz, Winter Seriesen lehenengo jardunaldia jokatzekoa zen. Pantailatik sumatu zitekeen sekulako giroa zegoela jai-alaiaren katedralean.

Hara! nire artean, kamerak harmailetan jarri zuen fokoa eta bat-batean konturatu nintzen aurpegi haiek ezagunak egiten zitzaizkidala. Are gehiago, ETB1eko kazetariak esan zuenean Jose Anjel Iribar Athleticeko atezain historikoa bertan zegoela, baina ez zuela adierazpenik egin nahi partida lasai ikusi nahi zuelako.

Harrigarriena da Euzkitze ere ez konturatzea zeintzuk zeuden Makatzaren (Iribar) alboan. Ni berehala ohartu nintzen zeintzuk ziren. Pitbull rap-abeslaria eta Pello Errota bertsolaria; honen alboan Mikela alaba ote zegoen ere iruditu zitzaidan, ilea gorriztatuta eta larruzko traje beltz batekin.

Winter Seriesera agertzen dira ospetsuak, artistak, beste kiroletako punta-puntako kirolariak… Jon Ander Peña, esku-huskako izarra ere elkarrizketatu zuten. Baita Onintza Enbeita bertsolaria ere. Iaz, gogoan dut Iñaki Artola eskularia agertu zela edo Iker Vicente aizkolaria.

Iñaki Artolak zestapuntari buruz hitz egin ziolako azaldu ote zen Gernikan Pello Errota? Elkarrekin etorri ote ziren, lehendabizi feria bisitatu, bapo bazkaldu eta pilotalekura gero?
Batek daki.

Bolo-bolo zebilen aspaldian Pitbull Euskal Herrira etortzekoa zela. Nik apenas entzuna nuen izena zen Pitbullena, ez naiz ni musikazale amorratua, atzean gelditu nintzen musika kontuetan, Sinatra, Don Mclean edo Simon eta Garfunkelekin.
Pitbull? Txakur arraza bat zela hori banekien, baina rap-abeslaria, hiru grammy irabazitakoa? Sakira edo Ricky Martinekin orpoz orpo ibiltzen dena?

Miamin (Florida) hazitakoa da Pitbull, jatorriz kubatarra. “Miami” marka, bertako kultura, asko estimatzen duena. Hainbat negozioren jabe egin da, baldin eta Miamirekin zerikusia badute. Miami Grill jatetxe katearen jabea da bera.

Duela aste gutxi, sare sozialetan agertutako albistea zen Pitbullek World Jai-Alai Leaguearen akzioak erosi dituela. Jai-alai Miami inguruko kulturarekin lotuta dagoelako. Florida hegoaldeko ezinbesteko partea delako. Kirol hau orain ia ehun urtetik esistitzen dela Floridako hegoaldean eta bultzada bat merezi duela zioen musikariak.

Irudi batean Pitbull ikusi nuen berebiziko azalpenak ematen Pello Errotari. Zer ote zuen mingainaren puntan Pitbullek? Rap-abeslarien eta bertsolarien arteko desberdintasunak zeintzuk ote diren?
Edo Miamin jokatzen den jai-alai mota eta tradizionalaren arteko diferentziaz ari ziren? Miamin, Magic City Jai-Alai pilotalekuan, 36 metroko kantxa batean jokatzen dute, paretak polimeroekin egindakoa, porlanarekin ezer gutxi ikusteko dutenak; pilotak ere, bestelakoak, plastikozkoak, nolabait esatearren.
Horretaz ari ote zen Pitbull?
Makatza, berriz, isil-isilik, zintzo demonio partida jarraitzen. Goiko eta Leke sekulako jipoia ematen ari zitzaizkien Erik eta Minvielli. Iribar ez da berriketan aritzen den horietakoa; Pitbull ez bezala.

Bitxia egiten zait Euskal Herrian, Ipar eta Hegoaldean, sortu berria duten marka: Jai Alai League liga, alde batetik. Bestaldetik, Miamin, World Jai-Alai League.
Perspektiba kontua?
Gurea lokala, etxetik ibiltzekoa? Floridakoa, aldiz, munduari begirakoa? Denborak esango du.

Bat-batean, ideia zoro bat pasatu zitzaidan burutik. Ez ote da Pitbull Eraman!-en (Gernikako enpresa) akzioak erostera etorri? Miamin egin duen bezala? Bi ligak bat eginda.

Hoberena, Asteasutik pasatzea, Pello Errotaren etxetik, jakiteko nire burutazio horrek funtsik ba ote duen. Zarautzera joan eta Makatzari galdetzen badiot badakit ez didala ezer kontatuko.

Auzi bat, ikuspegi desberdinak

No me llame Ternera dokumentalaren kronikaren laburpena: Sailkapen bat egiten hasita, hiru etapa nagusi dauzka Josu Urrutikoetxearen ibilbideak: 1968tik 1989rakoa da aurrena, ETAko kide gisa aritu zenekoa —ia beti sasian—; 1989tik 2000rakoa bigarrena, preso egon zenekoa; eta, hirugarrena, berriz, 2002tik 2018rakoa, ETAko kide eta geroago haren ordezkari gisa bake eta konponbide politikoaren alde aritu zenekoa eta ETAren desegite garaikoa. Jordi Evole kazetariak No me llame Ternera (Ez nazazu dei Ternera) dokumentalean —Marius Sanchez da beste zuzendaria— hiru etapak aipatu ditu Urrutikoetxearekin (Ugao, Bizkaia, 1950) egindako elkarrizketa luzean, baina, batik bat, ETAren hilketei buruz galdetu dio. Batzuetan nahikoa estu hartu du. Urrutikoetxeak zenbait aldiz erantzun du «sentitzen» duela ETAk jendea hil izana, eta, horrez gain, erakundearen jarduera politikoki kokatzen eta konponbidearen aldeko lana azpimarratzen saiatu da. Auzi bat, film bat, ikuspegi desberdinak. Hain zuzen, atzo estreinatu zuten lana, Donostiako Zinemaldian, Kursaalean, prentsarentzat.♦

Tekla jotzea

BERRIAko analisiaren (2023-8-30) laburpena: Luhusokoa ez zen Luhuson hasi. Euskal gatazkaren ondorioen aterabide prozesuan, memoria kolektiboan txertatu zen Luhusokoa, baina aurreko urteetako hainbat gertakariren eta konpromiso-hartzeren ondorioz gertatu zen. Besteak beste, Graxi Etxebehere zendu berriaren ekinaldiaren ondorioz [ETAren armagabetze prozesuan]. (…) Ipar Euskal Herrian beste dinamika bat zegoen, barneratzaileagoa eta eraikitzaileagoa. Mugarri izan zen 2014ko urrian bakegintzari buruzko Baionako adierazpena, Iparraldeko sentsibilitate guztien parte hartzearekin egin eta aurkeztutakoa. (…) Jose Luis Rodriguez Zapaterok duela bi urte BERRIAko elkarrizketan aipatu zuen 2011n «Oslora joanda, ETAren amaiera bi urtean» egin zitekeela. Pedro Sanchez 2018an heldu zen Moncloara, ETAk bukatu berritan, eta oraindik euskal presoena ez dago erabateko konponbide prozesuan. Egun hauetan Kataluniako auziko amnistiaz ari dira hizketan —Baionako adierazpenak puntu batean bazekarren amnistiarena—, eta ematen du emango duela Madrilek. Aldiz, euskal presoen auzian oraindik ere ez du osorik ezarri legedi arrunta; asko falta zaio. Gaur egun, horixe betetzea baino ez zaio eskatzen. Auzia, politikoa da, Katalunian bezala. Tekla egokia(k) jotzea da kontua. Etxebeherek-eta jo zuten.♦

Belar-giroa heldu da

Eguzki xuri udako solstizioaren kontzerturako egindako testua

(World Weather Network)

Eguzkia behar dugu non eta noiz gauden jakiteko,

harrobi bat izan baino lehenago zer ginen ezagutzeko,

belarra moztu baino lehenago zer behar dugun esateko.

Ezin diogu aurrez aurre begiratu, baina badakigu hor dagoela.

hutsuneak eta absentziak daudela dakigun bezala.

Lore bat behin eta berriz irekitzea da bizitzaren xedea,

baina belar gaiztoei ihes egiten digu begiradak tarteka.

Hatzez seinalatzen dizut eguzkia, begiak itxita.

Nire baitako sekretu bat kontatu nahi nizuke.

Nik ere izar txiki bat daramadala niregan

munduari nola begiratu esaten didana,

denbora nola igaro xuxurlatzen didana.

Ni eta zure arteko laztana da isilean nagoenean.

Hazarazi egiten dizkit lurretik gertu bizitzeko gogoak.

Barrurantz erakartzen ditu nire arrangurak.

Biluzian ez da ikusten ahal,

baina belar galgarrietatik babesten nau.

Belar giroa heldu da, belar-lanak egiteko sasoia.

Belar-lilien gisan igarotzen da jendea.

Ustez ez daude gurekin,

baina eguzkiaren dirdira ere ezin dugu ikusi,

eta sumatu egiten dugu aurpegian.

Dena hasten eta dena bukatzen da aldi berean.

Bakarrik sentitzen gara maiz jendez inguratuta gaudenean.

Belar-lipits batek kili-kilia egiten digu kolkoan orduan,

bihotzetik gertu.

Eguzkia behar dugu

zerbait, ezer gutxi, aldatzen ari dela ulertzeko.

Ez daude zaldiak bazkatzen,

baina harrizko paretetako zartatuetan landare berriak ageri dira orain.

Castillo Suárez
Irudia: Irene Larraza

Arrosak parabrisan

Gauero arrosa bat aurkitzen nuen autoaren aurrealdeko kristalean, parabrisan –-artean, Tampa Jai-Alai-en ari nintzen jokatzen, 1978an. Frontoiko funtzioa bukatu, dutxa hartu eta, gero, aparkalekura abiatzen nintzen automobilaz etxera joateko. Han izaten nuen arrosa lorea nire esperoan. Eguna joan, eguna etorri, gauerdian gertatzen zen; bi hilabete iraun zuen jolasak.

Ez nuen jakin izan nork uzten zidan lore hura. Sikiera ohar bat utzi izan balu, izen bat edota telefono zenbakiren bat (noizbait gertatu izan zitzaidan bezala). Lore bat, oraingoan, arrosa bat, gauero.

Hasiera batean, lehenengo egunetan, pentsatu nuen egun gutxiko kontua izango zela; inondik ere ez, zortzi asteko luzera izango zuenik.

Nire egoa asebeteta sentitu zen halako miresle anonimoaren jokabidearekin; gauak pasa ahala, ordea, misterio hura areagotzen joan zen. Pasatu zitzaidan burutik security guard lagun bati esatea zer gertatzen ari zitzaidan; zelatan egoteko autoen atzean ezkutatuta, ea nor ote zen neska misteriotsua; izan ere, beti lotu izan nuen neska izatearekin, naturalena iruditzen baitzitzaidan gu bizi ginen giroan.

Ez nintzen ausartu; agian, espero nuelako argitzea zein ote zen nire miresle misteriotsua. Alferrik, gauzak zeuden horretan uztea erabaki nuen.
Erritual hark bi ilabete zirauela eta, gau batean, harriduraz eta penaz, ohartu nintzen arrosa falta zela parabrisan. Baten batek ostu dit, pentsatu nuen nire artean. Aldamenetik pasatzerakoan baten batek, arrosa ikusi eta eraman egin du, bere emazte edo andregaiari oparitzeko.

Hurrengo gauen, lorerik ez autoaren aurreko aldean. Ezta ondorengo egunetan ere.

Artean, supermerkatuko erosketak Publix-en egiten genituen. Bazuten bertan lore-denda bat, Carson izeneko neskaren ardurapean. Neska isila, lore-saltzailea.

Nik, Hillsborough Community College-tik ezagutzen nuen Carson, Introduction to English Literature I kurtso berean topo egin genuenetik. Gogoan dut ez izena bakarrik, baita bere abizena ere: MacCullers. Carson MacCullers hain justu. Izen eta abizen hain potenteak ez zihoakion haren itxura hauskorrari.

Apenas hitz egin genuen elkarrekin kurtso osoan; zein baino zein lotsatiagoak gu biok, nonbait.

Egun batetik bestera, ordezko beste neska bat arduratu zen Carsonen lanpostuaz, Publixen. Galdetu nion Joe, Assistant Managerrari, Carsoni buruz. Ea zer gertatu zitzaion aurreko lore saltzaileari.
Joe lagunak, beti irribarretsu agertzen zenak, aurpegi serioa jarri zuen oraingoan.
«Neska jatorra zen Carson», esan zidan Assistant Managerrak.
«Herenegun despeditu egin nuen. Arrosak dozenaka lapurtzen ari zen eta. Penagarria benetan».

Pena, nik hartu nuena.

Erreferenteak

Donostiako Liburu Azokan izan nintzen eta bost minutu pasatu baino lehen banituen poltsikoan bi liburu. Biak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren saltokian erositakoak.

Bata, Salbador Zapirainen, “Ataño”, Tantxangorri kantaria (batuara egokitatukoa) liburu zoragarria. Joan Mari Irigoien zenaren hitzaurre ederrarekin.
Bestea, bigarren liburua: Pilota eta bertsoak Joxemari Iriondok paratutakoa. Biak ala biak Hauspoa sailekoak.

Hirugarren aldiz hasi naiz irakurtzen “Ataño”ren liburua eta, bat nator Irigoienekin esaten duenean: (…) badira liburuak, izan ere, bigarren irakurketan ez hain ederrak iruditzen zaizkigunak, eta badira alderantzizkoak, zenbat eta gehiago leitu, orduan eta hobeak iruditzen zaizkigunak: bada, Txantxangorri kantariarekin hauxe gertatu zait (…)”.
Baita niri ere. A zer liburu ederra!

Irigoienek Atañori egindako elkarrizketaren bat ere aipatzen du. Euskal idazleen artean, Txomin Agirre omen zen bere erreferente kuttuna gai literarioetan.

Pilotan ere denok ditugu erreferenteak, pilotari kuttunak. Nire laguna den Martin taxilariak ere baditu bere erreferenteak. Duela egun gutxi, Donostiako erdigunean egin nuen topo berarekin, Prim kalean, bezero baten zain zegoen bitartean. Martin pilotazale amorratua da, esku-huskako moldea du gogokoen eta sare sozialetan parte hartzeko beti prest agertzen da. Gainera, ez du ahoan bilorik.
Hizketan hasi bezain pronto Altuna III.a hasi zen goraltxatzen. “Jokin bezalakorik, inor ez, ezta Irujo bera ere”, zioen.
Bitartean, nire buru barruko ganbaran Retegi II.aren irudiak hasiak ziren mugitzen txokotik zabalera kantxan bezala eta zerbait esateko gogoari eutsi ezinean… eskerrak orduantxe azaldu zela bezeroa, bestela ez zuen amaierarik izango Martinen bakarrizketak.

Denok ditugu gure erreferente kuttunak.

Zesta-puntan aritzen den Goikoetxeak, erretiroaren bidean dela-eta, duela egun gutxi agur esan ziei herritarrei Aitzuri pilotalekuan, Zumaian.
Han bildutakoentzat, askorentzat, Goiko da xisteraz inoiz aritu direnen artean pilotari handiena. Herriko semea kuttuna izatea ulertzekoa da. Orohar, zesta-puntazale berrientzat ere erreferente nagusia.
Niretzat, aldiz, erreferenteak, xistera kontuak hizpide, nire nerabetasunarekin lotuta daude, Bartzelona garai hartako, 1972, izarrekin: Txurrukarekin, Tximelarekin, Ondarresekin… edo zendu berria den Egurbide I.arekin.
Behin, Egurbide zenak bere autoan eraman ninduen etxera, Tolosara. Aita-semeak bagina bezala.
Ez da harritzekoa, geroztik, Egurbide nire erreferenteen artean kuttunenetakoa bilakatu banuen.

Barne-joera makurrak, direnak eta ez direnak, sartzen dira erreferenteak aukeratzerakoan.
Zergatiaren arrazoiak, askotan, aski irrazionalak. Afinitate kontuak, estiloa, hitzen bat edo keinuren bat; lehendabiziko kolpea nahikoa izaten da norbait kuttunen sailean barneratzeko.

Bada beste elementu bat erreferenteak hartzerakoan.

Txantxangorri kantariaren egileak, batuaz hizketan ari zela, zera zioen: nahi eta nahi ez behar da batua: orain zer batua, hori da diferentzia. Idazteko beharrezkoa dugu, bai, baina euskalkiak hiltzen hasten baldin badira, orduan, gaizki ibiliko gara. Nik, auzi honetan, ikasitakoari segitzen diot eta kitto.

Ikasitakoa soilik ez, ikusitakoa gehituko nuke. Izan ere, erreferenteak hautatzerakoan ikusitakoan oinarritzen gara neurri handi batean. Gertuen daukaguna errazago ikusi eta onartzen dugulako.
Zumaiarrek Goiko dute gogoko mingainaren puntan. Martin taxilariak, Altuna III.a…. Egurbide edo Retegi II.a, aldiz, nik.

Ezinbesteko baldintza da, baita ere, sinesgarritasuna. Erreferenteak ez dira izaten erdipurdikoak.
Ongi azaltzen du Joan Mari Irigoien zenak liburuaren hitzaurrean “Ataño”ren lana goraipatzerakoan.
(…) Literaturaren munduan bada urrezko maxima bat, obra baten balioa eta kalitatea erabakitzen duena —ona edo txarra den, bestela esanda—; bada, mundutxo horren parte sentitzen garenok hainbestetan errepikatzen dugu maxima hori, non, hondarrean, literaturarekin zerikusia duen idazlan bat egiteko orduan, conditio sine qua non bihurtzen dugun. Eta zein da, bada, maxima hori? Hauxe: sinesgarria izatea du aurrebaldintza, baldintza eta ezinbesteko postbaldintza (…).

Erreferenteak, normalean, sinesgarriak egiten zaizkigu.

Pilota eta bertsoak liburuan, gainbegiratu batean ohartu naiz, bildutako bertso asko Iparraldeko bertsolariek osatutakoak direla. Eta Hegoaldekoen hautuak gehienak esku-huskako modalitatearekin lotuta daudela.
Zergatik?
Erraketistei buruz, esaten digu Joxemari Iriondok, ez duela ezer aurkitu. Honela dio Iriondok.
Harrigarri samarra da 1917-1980 artean Madrilen, Bartzelonan, Sevilla, Valentzian, Tenerifen, Mexikon, Filipinetan, Estatu Batuetan eta abarretan jokatu eta hain entzutetsu eta ikusgarri izan ziren ehunka emakume euskaldun erraketista famaturen bertsorik ez aurkitu izana (…).

Ezta ere jai-alai edo atzerrian ibilitako puntistei buruzkoak. Gertuago ibili zirenak, erremontelariei edo palistei buruzkoak, Abrego erremontelaria kenduta, ez dut ezer aurkitu Iriondoren bilduman.

Ez al da fenomeno bitxia?

Bertsolarien jatorriarengatik, behar bada?
Esku-pilota izanik hurbileko moldea?
Zer ikusi eta hura hartu erreferente eta hartaz kantatu?

Egurbide eta Goiko

Bitxikeriak gertatzen dira noizbehinka pilotalekuetan ere. Urrutira jo gabe duela egun batzuk Markina-Xemeingoan, Grand-Slam txapelketaren barruan.
Pilotazaleak bitan zutitu ziren txalo-zaparrada ez ohikoak eskaintzeko. Lehenengoa, jaialdia hasi aurretik, Egurbide (Mutriku, 1939) zenaren alde. Hain justu, bezperan hil baitzen Estatu Batuetako Connecticuten.

Jaialdiaren bukaeran pilotazaleak berriro altxatu ziren euren eserlekutik esku zarta apartekoa eskaintzeko Goikoetxeari. Partida galdu ostean, txapelketatik at geratu ostean, agur esaten ari zitzaiolako zesta-puntaren “Unibertsitateari”. Datorren neguan, Gernikako Winter Series txapelketaren ondorenean, pilota profesionala utziko baitu zumaiarrak.

Goikorekin ziklo baten bukaeraren aurrean gaudela esaten badut, ez dut esango inongo astakeriarik. Bera izan da aurreko koadroetan jaun eta jabe, zer esanik ez buruz buru. Txapelak ezin konta ahala eskuratu ditu.

Egurbideren nagusitasuna ez zen izan hain nabarmena. Habanan egin zuen debuta 14 urterekin (Goikok 15ekin Milanen). Berehala hasi zen estelarrak jokatzen eta hainbat urtetan beti punta-puntan ibilitakoa izan zen. Lehia, ordea, beldurgarria zen aurrelarien artean. Pistón, J. L. Salsamendi, Orbea I.a, Ondarres, “Txino” Bengoa, Alex… geroxeago etorri ziren Bolibarko Txikia eta “Katxin” Uriarte.

Aurrelarien artean, nik ezagutu ditudan jotzaile handienak izan dira Egurbide eta Goikoetxea. Remen bermeotarrarekin batera. Baita era beste pilotari bat gehituko nuke zerrendan: Txarola izenekoa.

Garai desberdinetako kirolariak ezin dira alderatu.
Posible izango ote da gaur edo bihar —bolo-bolo dabilen adimen artifizialaz baliatuz— Egurbide eta Goiko aurrez aurre jokatzen ikustea?
Ez nintzateke harrituko halako zerbait gertatuko balitz. Egurbide eta Goiko birtualak buruz buru borrokan.

Nik aukera izan nuen Egurbiderekin jokatzeko, bera 17 urte zaharragoa izan arren. Bartzelonan gertatu zen, 1972an; Bridgeporteko Jai-Alai pilotalekuan 11 urte geroago. Goikoren kasuan harmailetatik ikustea egokitu zait.

Norekin geratzen naizen? Egurbide edo Goikorekin?

Ikusi zumaiarra bazterrak astintzen, arerioak txikitzen… eta zera etortzen zait gogora. Mutil honi, Egurbideri egokitu zitzaion sailean tokatu izan balitzaio, noraino ailegatuko zen bere joko muga?
Izan ere, kirolari indibiduala arerioaren arabera hazi egiten baita, edo kikildu. Goma elastikoa balitz bezala. Premia larriak eramaten du muturrera askotan kirolaria. Egurbiden erakustaldiak Bartzelonan, Tximelaren laguntzarekin, koadroko hiru onenen aurka… ikusgarriak ziren!
Deskuidatzen zenean, ordea, konfiantza galtzen bazuen, beste aurrelari batek hartzen zuen aginte makila. Txandaka. Halakoxea baitzen orduko top-5ekoa.

Dena dela, erretiro kontuak medio —Egurbide bizialdi honetatik eta Goiko kantxetatik— jaialdi berean txalo-zaparrada galantak jaso zituzten bi erraldoiek. Edozein garaitan, punta-puntan, top-5ean, euren lekua izango zutenak.

Agurra

Hauxe zen zuri agur erratea :

Oihanak nola erretzen ziren ikustea

Eta ni zuhaitz guziak izatea.

Bai eta erortzen hasi zen

Euri gogorra.

Mireia Calafell
Itzulpena: Itxaro Borda
Irudia: Tore F Bos