Oporrak Euskal Herrian

Arbailako mendialdean

Altzürükü herritik abiatuta, txango polita egin daiteke Arbailako mendialdera joateko.

Arbailako mendialdeko paisaia bat. ISABELLE MIQUELESTORENA / IPARLA
2020ko abuztuaren 4a
09:42
Entzun

Altzürüküko Urrutia gazteluaren aurrean dagoen aparkalekutik abiatu, eta, baserrien paretik, larre zabalen eta haritz zaharren artean, txango polita egin daiteke Arbailako mendikatera joateko.

Oihanak estaltzen ditu Arbailako mendigunearen bi herenak. Hantxe dago Europako pagadirik ederrenetarikoa, baita aberastasun geologiko eta arkeologiko ugari ere. Altuera ertaineko mendigunea da, eta basoak inguratzen du.

Haitzuloak

Udalerrian, leize zulo asko daude oraindik esploratu gabe. Horietatik ezagunenetariko bat Nebele izenekoa da, 1972tik aurrera esploratua. Halaber, udalerriko lurretan dagoen Xaxixiloaga haitzuloko sabaian Goi Paleolitoko margoak aurkitu dira. Dena den, Altzürüküri buruzko lehen aipamen idatziak XII. mendekoak dira, oraindik ez zenekoak udalerri bat, baizik Urdiñarbe herriko auzo bat.

Altzürükün bertan, bi eraikin interesgarri daude: Urrutia gaztelua eta eliza. Urrutia gaztelua, gaur egungo udaletxea dena, herriaren erdian dago. Bi dorre zirkular dira XVI. mendeko jatorrizko eraikinetik gaur egun ikus daitezkeen aztarna bakarrak.

Eliza, berriz, muino batean dago, eta hilerriak inguratzen du. Haren hiru puntako kanpandorrea eredu hirukoiztarraren arabera eraikia dago, Zuberoako beste hainbat elizaren antzera.

Inguruan otordua egiteko eta lo egiteko tokiak aurkitzeko, Maule-Lextarreko herriko etxearen webgunean kontsulta daiteke (www.mauleon-licharre.fr), edo Mauleko turismo bulegoko telefono zenbakira deitu (559-28 02 37).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.