Oporrak Euskal Herrian

Arbizu, herri polita

Arbizu herri polita eta atsegina da, eta ordoki lasai batean dago, naturaz inguratuta. Hainbat txango antola daitezke herriko eta hurbileko toki interesgarriak ezagutzeko.

Arbizu herriaren ikuspegi bat. ARBIZUKO UDALA
2020ko abuztuaren 13a
16:46
Entzun

ArbizuNafarroako herri polit bat da, atsegina. Naturaz inguratuta dago, eta zenbait mendi hurbil daudenez, ibilaldi ederrak egin daitezke herritik bertatik abiatuta.

Besteak beste, herriko plazatik irtenda, San Juan ermitara joateko. Bertatik inguruko mendien ikuspegi paregabeak daude: Beriain, Urbasa eta Andia, Aizkorri, Aralar… Ermitan XVII. mendeko erretaula barroko bat dago, eta bertan San Joanen irudi bat ikus daiteke, barrokoa eta XVII. mendekoa hura ere. Baselizaren inguruko larreetan ekainaren 23an, San Joan bezperan, erromeria ospatzen dute arbizuarrek, eta meza nagusia biharamunean, ekainaren 24an, santuaren egunean.

San Juan ermitatik Oinez Basoa ikustera joateko bide bat dago. Oinez Basoan zuhaitz ugari ikus daitezke, hegazti migratzaileen behatoki bat ere jarri da martxan, eta egitasmoaren filosofiaz jabetuko dira bisitariak: ingurumena zaintzea eta euskararen berreskuratzea.

Plazatik bertatik abiatuta, Olatzeako zubitik pasatu eta Bidaulera joateko bidegurutzean, hainbat aukera daude: Beriain azpiko Ondatz parajeetara joatea, aurrera segitu eta Unanuko mugaraino joatea, edo Mundiñuko ur biltegira igotzea handik dagoen bistaz gozatzera.

Borden Ibilbidea egitea ere interesgarria da, Aralar mendilerroan barna, lau borda hauek ikusteko: Sandindegi, Herriarena, Artabakar eta Mezeriain. Bidean, beste altxor batzuk ere aurki daitezke: Fagatxabalgo trikuharria, Arbotoneta, Mezeriain eta Trosketako iturriak, zenbait haitzulo, garai bateko artzain etxolen aztarnak eta ikatza egiteko erabilitako harrizko plataformak.

Oinez Basoa. NAFARROA OINEZ

Eraikin historikoak

Herrian bertan eraikin interesgarriak daude. Andre Mariaren eliza XVII. mendekoa da, eta estilo gotikoa du gehienbat, eta ondorengo elementu batzuk ere baditu, batez ere 1813ko sutea dela eta egindako moldaketak.

Elizatik gertu, Fernando Urkia kalearen hasiera markatzen duen tokian, eraikin nabarmen bat dago, Jakaren Etxea edo Jakaantxa izenekoa, Erdi Aroko dorretxe bat.
Fernando Urkia kalean aurrera joanda, badira xarma duten beste zenbait etxe. Ezkerraantxa edo Mendinueta izenekoak, adibidez.

Udaletxea ere eraikin ederra da, herriko plazan dago. Plazan bertan, harrizko iturri bat ikus daiteke, 1850eko hamarkadakoa.

Halaber, Olatzea hotela ere ezagutzeko modukoa da. Udalarena den landa hotel bat da. 2008ko azaroan inauguratu zen, errota zaharra zegoen eraikinean. Bertan, XIX. mendean alea ehotzeko erabiltzen zen tresna zaharra martxan ikus daiteke, eta baita eraikinaren atzealdetik pasatzen den Leziza errekaren uraz baliatuz Arbizu argindarraz hornitzen zuen makineria ere.

Herriari eta inguruei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, txangoak egiteko, eta baita ostatu hartzeko eta otorduak egiteko ere, www.arbizu.eus webgunea kontsulta daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.