Euskal ondare gastronomikoa zaindu eta etengabe hobetzen duten artisauak dira. Batzuetan, inguruetako larre berdearen zaporea bere produktuan aurkitu dezakezu; beste batzuetan, belaunaldiz belaunaldi pasatutako egiteko modu baten goxotasuna, galtzear egondako arraza baten nortasuna, sagastietako zukua edota mendiko txakolina.
Alderantzizko esperientzia bizi izatea proposatzen dizugu: ekoizle baten lana lehen eskutik ezagutu, eta, ondoren, haren produktuak Tolosaldeko jatetxe batean dastatu.
Kontua ez da zaporeekin bakarrik gozatzea, baizik eta Rafa, Xabier, Josean, Leire, Andoni, Nekane, Aitor, Josu, Ainhoa eta Garaziren istorioak entzutea eta bizi izatea.
Proposamenak
Hona hemen hainbat proposamen Tolosaldeko gastronomiaren aberastasuna ezagutzeko. Bisita gidatu guztiak 12:00etan hasiko dira.
Gozoa: txokolatearen jatorrira bidaia
Abuztuak 1 (larunbata), Tolosan, 10 euroren truke.
Rafa Gorrotxategi museoa. TOLOSALDEA GARATZEN
Primizian, Rafa Gorrotxategiren Museo berria ikusteko aukera izango duzu. Aitarengandik eta familiarengandik jasotako istorioak kontatzeko esku zabalik hartzen ditu bisitariak Euskal Herriko gozogintzan erreferente den gozogileak. Txokolatea du bere pasioa, baina sekretu gehiago ere kontatuko ditu bisitan. Osatu bisita, haren produktuak dastatuz: menua Botarri erretegian (31,90 euro), Iriarte jatetxean (54 euro) eta Orexako ostatuan (25 euro).
Babarruna: perla beltzaren ingurune pribilegiatua
Abuztuak 8 (larunbata), Urkizun (Tolosa), 10 euroren truke.
Tolosako Babarrun Elkartearen bidez, Tolosako Urkizu auzoan dagoen babarrun landaketa bat ezagutu ahal izango da, eta produktu preziatu horren ereite prozesua. Abuztuan, landarea berde egongo da, eta, zein zainketa egin behar zaizkion ikusteaz gain, produktuari balioa eman eta ikur bihurtzeraino urteetan elkarteak egin duen lana jakinaraziko da. Osatu bisita, haren produktuak dastatuz: platera Bistro IJH - Iriarte jauregian (16 euro) eta menua Ama tabernan eta Iriarte jatetxean (54 euro).
Tolosako babarruna. Bisita gidatu bat, landaketa ezagutzeko. TOLOSALDEA GARATZEN
Babarrun jatea: mahaiaren bueltako heri ohitura
Abuztuak 8 (larunbata), Urkizun (Tolosa) eta Amasan, 45,2 euroren truke.
Bisitatu Urkizu auzoko babarrun sail bat, eta dastatu babarruna eta haren sakramentuak oinarri dituen menua, Roberto Ruiz sukaldariaren Hika jatetxean.
Ibarrako piperra: Udako produktu izarraren aniztasuna
Abuztuak 16 (igandea), Ibarran, 10 euroren truke.
Tolosako babarrunaren bikote izaten da ozpinetako Ibarrako piperra, urte guztian, baita antxoarena ere, hain ezaguna den gildan. Baina udako hilabeteetan piperra landarean ikus daiteke, berde-berde eta fresko. Ibarrako piperrak frijituta jaten dira udan, eta Tolosaldeko kutixirik kutunenetako bat dira. Txumitxa tabernari esker, piperraren sehaskan, Ibarran, landaketa bat ikustera joatea plan ederra da, eta hura jateko zenbat aukera dauden jakitea. Osatu bisita, haren produktuak dastatuz: menua Iriarte jatetxean (54 euro) eta Orexako ostatuan (25 euro).
Esnekiak: Txindoki magaleko landa bizitza
Abuztuak 22 (larunbata), Orendainen, 10 euroren truke.
Txindokira begira dauden larreetako behien esnea da Larreta Esnekiak enpresak ekoizten dituen produktuen oinarria. Baserrian eta baserritik bizitzeko apustua egindako familia baten eskutik, beren eguneroko lana ezagutu daiteke, Orendaingo paraje ederrean. Beraien produktuen prozesua eta lan egiteko modu bat, beren txikian kalitatezko produktu preziatu bat egiten. Osatu bisita, haren produktuak dastatuz: menua Larraitz-Gain jatetxean (24 euro),
Larreta esnekiak egiteko esnea ematen duten behiak. TOLOSALDEA GARATZEN
Euskal Txerria: Bertako arraza leheneratuz
Abuztuak 30 (igandea), Izaskunen (Ibarra), 10 euroren truke.
Ibarrako Izaskun auzoko mendietan libre dabiltza euskal txerriak. Daukaten itxuragatik erraz identifikatzen dira txerri pinto hauek. Euskal Herriko lurrera eta klimara ederki egokitzen diren txerri sendoak dira, baina ia galtzeko zorian izan ziren. Damasoro etxaldearen inguru ederretik, Tolosaldeko balkoi ere baden honetatik eskualdearen ikusmira ederra dago, eta arraza leheneratzeko Izaskungo familiak duen proiektu pertsonalaren nondik norakoak ezagutuko ditu bisitariak. Osatu bisita, haren produktuak dastatuz: menua Iriarte jatetxean (54 euro) eta Orexako ostatuan (25 euro).
Damasoro etxaldeko euskal txerriak. TOLOSALDEA GARATZEN
Sagardoa: barneratu sagardoaren kulturan
Irailak 5 (larunbata), Adunan, 40 euroren truke.
Biztanleko sagardo litro gehien sortzen duen herrian, Adunan, Aburuzak familiako sagardotegiarekin segitzen du. Sagastiak zainduz, bilduz eta sagardogintzan arituz. Euskal Sagardoa jatorri izena duen sagardoa ere egiten dute. Aburuza sagardotegiko sagardogilearekin, sagastia ikusi, ekoizpen prozesua ezagutu eta, nola ez, txotx esperientzia bizi izateko aukera dago. Egin txotx, eta dastatu sagardotegietako ohiko menua.
Aburuza sagardotegia. NAGORE LEGARRETA
Txakolina: tradizioa eta berritasuna, elegantziarekin
Irailak 12 (larunbata), Amasan, 57,2 euroren truke.
Hika txakolindegia upategi modernoa da, Amasa mendian dago, Tolosaldeko Aiztondo ibarrari begira. Paisaian txertatzen den eraikin modernoa da, eta mahastien goialdean dago. Tokiko bertako txakolina freskoa izateaz gain, gorpuzduna da, eta horrek botilan ontzeko bidea ematen dio. Ibili mahastietan barrena, eta dastatu euskal gastronomiako platerez osaturiko menu eder bat.
Hika txakolina dastatzen, txakolindegiko mahastien aurrean. TOLOSALDEA GARATZEN
Txakolina: barnealdeko txakolinaren berezitasuna
Irailak 19 (larunbata), Alkizan, 55 euroren truke.
Inazio Urruzola txakolindegia familia upategi bat da. Garaikoetxea izeneko dolare baserri zahar baten inguruan sortua da, Hernio magalean. Euskal mahastietako altxorra den hondarrabi zuria mahatsa da osagai nagusia beraien txakolinean, baina txakolin bereziak ere egiten dituzte. Txakolingintzatik bizi izateko apustua egindako familia baten historiaren berri jakin daiteke, mahastietan barrena ibiliz eta dolare zaharrean bazkalduz eta gozatuz.
Inazio Urruzola txakolindegiko mahastiak ezagutzeko bisita gidatu bat. TOLOSALDEA GARATZEN
Erreserba egiteko
Erreserba egin daiteke Tolosako turismo bulegoan (Andre Mari plaza, 1), eta baita posta elektronikoz ere ([email protected]), edota telefonoz (943-69 74 13) eta
tolosaldea.eus webgunearen bidez.
• Otorduetarako erreserbak jatetxean bertan egin beharko dira.
• 4 urtetik beherakoek ez dute bisita ordainduko, eta 16 urtera artekoek, 5 euro. Otorduetarako, kontsultatu prezioa.
Gozatzeko, ardura eta segurtasuna
Bisita guztietan segurtasuna bermatuta egongo da. Hauxe da COVID-19 protokoloa:
• Talde bakoitza gehienez 19 pertsonaz osatuko da.
• Maskara erabiltzea derrigorrezkoa da.
• 1,5 metroko tartea gorde beharko da une oro.
• Eskuak desinfektatzeko hidrogela jarriko da eskura.