Oporrak Euskal Herrian

Ezagutzaren herria, Bergara

Zientziaren sorleku izateaz gain, Bergarak ondare artistiko eta monumental paregabea du. Herriko jauregien eta lorategien artean paseo ederrak egin daitezke, eta ikusitakoarekin liluratu eta gozatu.

Laboratorium museoa Errekalde jauregian dago. BERGARAKO TURISMO BULEGOA
2020ko abuztuaren 19a
09:20
Entzun

Ezagutzaren herria da Bergara. Zientzia egitasmo garrantzitsuak bultzatu izan dira han historian. Horren guztiaren berri jakinarazten du Laboratorium museoak. Besteak beste, Bergaran egon zen Errege Seminarioaren nondik norakoak azaltzen ditu, eta Elhuyar anaiek wolframa nola isolatu zuten azaltzen dute seminarioko bertako laborategietan.

Bergarako Errege Seminarioa aitzindaria eta berritzailea izan zen. Zientzia eta hezkuntza arloetan, XVIII. eta XIX. mendeetan, lorpen harrigarriak izan ziren bertan.

Seminarioko laborategietan, Elhuyar anaiek elementu kimiko berri bat aurkitu zuten, wolframa. Lanean gogor aritu ondoren, 1783ko irailaren 28an lortu zuten wolframa isolatzea. Mundu mailan sona handiko aurkikuntza izan zen. Halaber, XVIII. mendean, beste aurkikuntza garrantzitsu bat egin zuen Errege Seminarioko irakasle eta ikertzaile batek, P.F. Chavaneau frantsesak, platinoa purifikatzea lortu baitzuen, platinoak eduki zitzakeen erabilpen askotarikoak igarri ondoren.

Errege Seminarioa izan zen bezala, Laboratorium museoa bera ere Europako zientzia gune garrantzitsu bat da gaur egun. Horrela, European Physical Society erakundeak Historic Site izendatu zuen, 2018an. Errekalde jauregian dago, zeinak Ingeles estiloko lorategia duen, eta zientzia bilduma ikusgarriak, kimika, fisika eta zoologia arloetakoak; zoologiakoa, mundu guztiko animaliekin.

Olaso Dorrearen lorategia. BERGARAKO TURISMO BULEGOA

Ondare aberatsa

Bergaran interes handiko ondare artistiko eta monumentala dago. Guztira, 34 monumentu katalogatuta daude.  XVI. eta XVIII. mendeen arteko Europako artearen berri jakinarazten dute monumentu horiek. Monumentu horiek ezagutzeko, eta baita herrian dauden jauregi eta lorategi ikusgarriak ere, egokiena da Bergarako turismo bulegoak eskaintzen dituen bisita gidatuetako bat egitea. Erreserbak posta elektronikoz ([email protected]) eta telefonoz (943-76 90 03) egin daitezke.

San Pedro Eliza, Errenazimentuko artelana. BERGARAKO TURISMO BULEGOA

Uztailerako, Bergarako Udalak eta Laboratorium museoak hainbat jarduera antolatu dituzte. Jarduera horiei buruzko xehetasunak www.bergara.eus/eu/node/14599 helbidean jakin daitezke.

Informazio gehiago nahi izanez gero, Bergaraturismo.eus webgunea kontsulta daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.