Gorbeia mendia, Gorbeia Parke Naturala eta inguruko herri xarmagarriak Arabako eta Bizkaiko lurraldeen artean banatuta daude. Baina Gorbeia bakarra da, inguru aberats, natura, historia eta ondare aldetik. Ez dago batere masifikatua, eta ezin hobea da lasaitasunaz eta aisialdiaz gozatzeko, paseatzeko eta osasuna zaintzeko. Aire garbiaz eta paisaia ederrez gain, gastronomia, museo eta ostatu apartak aurki daitezke Gorbeian.
Oinez eta bizikletaz txangoak eginez, ezagutzeko aproposak dira Gorbeiako inguruak. Horretarako, ongi adierazita dauden ibilbide ugari egin daitezke. Oinez egiteko, zenbait motatako ibilbideak daude: laburrak (1 eta 2 ordu bitartekoak), ertainak (2 ordu ea 3 ordu eta erdi bitartekoak) eta luzeak (4 eta 5 ordu bitartekoak). Bizikletaz egiteko, berriz, 4 ordu inguruko ibilbideak dira.
Txoko sinestezinak
Oinez, familiarekin, lagunekin edo bakarrik paseo bat eginez, txoko sinestezinak aurki daitezke, paisaia zoragarriak, argazki saio paregabeak egiteko modukoak. Oinez, bailara ederretan barna, mendi ikusgarrien magaletan, hariztien, pagadien eta bestelako baso oparoen artean, eta erreka liluragarrien ondoan.
Uribarri Ganboa, Urrunagako, Zolloko eta Undurragako urtegien eta Saldropoko hezegunearen ikuspegi ederrez goza daiteke, eta naturaren beste ur altxor batzuk ere ezagutu: Nerbioiko ur jauzia —Iberiar Penintsulan dagoen handiena—, Goiuriko eta Aldabideko ur jauziak eta Lamioxineko urmaela.
Halaber, antzinako gurdibideak eta galtzadak ageriko dira txangoetan, menhirrak, karobiak, elur-zuloak, haitzuloak ere bai, eta eraikin historiko harrigarriak. Besteak beste, Oroko Andra Maria Santutegia, eta Jugatxiko baseliza, eta Arlobi eta Kurtzeganeko menhirrak.
Hori guztiaz gain, ibilaldietan memoria historikoa berreskuratu ahal izango da, 36ko gerrak utzitako aztarnak eta zenbait gertaera ezagutzeko aukera egongo baita.
Bidaia politak bizikletaz
Bizikletaz ere, ibilbide ederrak egin daitezke, bidaia politak. Izan ere, pedalei emanez ere, zenbait txango egin baitaitezke. Esaterako, ibilbide hauek: Itzulia Uribarri Ganboako urtegiaren inguruan, Vasco-Navarro trenbideko ibilbide berdea (Gasteiz-Arlaban), Gorbeiako Parke Naturala eta Otxandio-Barazar.
Murgiatik Gorbeiara bizikletaz igo daiteke. GORBEIA-EUSKADI
Ibilbide guztien ezaugarrien eta gainerako xehetasunen berri jakiteko, eta Gorbeiari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, gorbeiaeuskadi.com webgunea kontsulta daiteke.
Halaber, Murgian eta Orozkon dauden turismo bulegoetan argibide guztiak atsegin handiz ematen dituzte egun zoragarri batzuk igarotzeko Gorbeian.