Harrobia ikastola

Harrobia ikastola, lan merkatuarekin elkarlan bete-betean

Bilboko Harrobia ikastola eredu da Lanbide Heziketara heldu den paradigma aldaketan; lan merkatuarekiko harremanak gero eta estuagoak dira: elkarlanean dihardute, edo, bestela, bien arteko muga lausoagoa da.

HARROBIA IKASTOLA
Bilboko Harrobia ikastolako ikasle batzuk. HARROBIA IKASTOLA
2024ko maiatzaren 5a
05:05
Entzun

Lanbide Heziketan aldaketa haizeak dabiltza, eta, jakina denez, haize harroak orbela darama, atsotitzak esaten duen legez. Bilboko Harrobia ikastolan aldaketa horri ekin zioten orain dela urte gutxi batzuk. Horren ardatz nagusiak berrikuntza eta ikerkuntza aplikatua dira.

Berrikuntza definitzea erraza da, eta aldi berean zaila, baina Harrobia ikastolan argi daukate hitzak berekin dakarrela disruptibotasuna, proiektu berriak, erronkak, ikusmolde desberdina edukitzea... Ikerkuntza aplikatuari buruz, zera esan daiteke, ikerketa lanak ikasprozesuaren parte bihurtzea dela, egindako ikerketetatik, azken batean, irakaspenen bat ateratzea dela, ikasle bati esperimentaziotik heltzen zaion irakaspena, alegia.

Ikerketa proiektuak hainbat arlotan

Aipagarriak dira Harrobia ikastolan lantzen ari diren ikerketa proiektuen adibide batzuk. Esaterako, kiroleko zikloan elkarlanean aritu dira Aktiba elkartearekin, Euskal Autonomia Erkidegoko turismo aktibo, nautiko, abentura eta ekoturismoko enpresak biltzen dituen elkartearekin; enpresa horiei sektorearen premiak identifikatzen lagundu diete.

Halaber, eta kirol sektorean bertan, Bizkaiko Jarduera Fisikoko Enpresen Elkartearekin (AVEAF) prestakuntza beharrak identifikatzeko ikerketa bat egin dute kirol lanbideak arautzeko lege berriak ezartzen dituen titulazioen kariaz.

Alabaina, ikerketa proiektuak ez dira mugatzen kirol arlora. Besteak beste, 3D animazioko kideak adimen artifiziala ezartzea ikertzen ari dira beren sektorean; mugimendua digitalizatzen duen jantzi bat testatzen ari dira, ondoren ergonomiari buruzko aplikazio bat garatzeko asmoz. Ikerketa horietatik guztietatik erdietsitako ezagutzak zikloetako ikasleei ezagutaraztea izango da ondorengo helburua.

Baten batek hori goi mailako zikloetan gertatzen dela pentsatu balezake ere, Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleek, erdi mailako informatikako eta goi mailako 3D animazioetako zikloko ikasleekin batera, Arcade motako makina bat eraiki, hardwarea instalatu eta bideojoko bat garatu dute, hurrenez hurren.

HARROBIA IKASTOLA
HARROBIA IKASTOLA

Harreman estua lan munduarekin

Esan bezala, ikerketa aplikatuan ez ezik, berrikuntzan ere murgilduta daude Harrobia ikastolan. Athletic futbol taldeak irabazi berri duen Espainiako Koparen harira, Bilboko futbol klubaren gorespenerako atera zuten gabarran 360 graduko kamera bat jarrita zeukan Harrobia ikastolak, Athleticekin elkarlanean.

Hori gutxi balitz bezala, EITBk martxan jarri duen Artxipelago fikziozko audio serie apokaliptikorako jolas bat garatu dute, Harrobia ikastolan garatutako joko batek basajauna du basoa zaintzearen garrantzia nabarmentzen duen bideojoko bateko protagonista , eta aplikazio bat sortu dute Iker Arrue dantzariarentzat, zortzi kamera nahasten dituen sakelako telefonorako.

Proiektu sozialak

Proiektu sozial batzuk ere abian jarri dituzte Harrobia ikastolan. Esaterako, ospitaleko umeen errutina egokiak (garbiketa, ikasketak) lantzen dituen app bat garatzen ari dira errealitate birtualean, edo Marketin eta Publizitateko zikloan Marketin solidarioa proiektua lantzen dute urtero, non saltoki eta ekintzaile txikiei marketin zerbitzuak eskaintzearen truke, proiektu solidario baterako finantzabidea lortzen duten.

Gero eta ikasle gehiago heziketa dualean

Lan munduarekiko harreman estua ez da hor bukatzen. Izan ere, Harrobia ikastolan, urtetik urtera, gero eta ikasle gehiago aritzen dira heziketa dualean, hau da, aldi berean ikasprozesua eta enpresako egonaldia uztartzen dituztenak.

Horrenbestez, esan daiteke Bilboko erdigunean badela ikastola bat lan mundurako orientazio argia eskaintzen duena, gizartearekin konprometituta dagoena eta erronka berriei ilusioz heltzen diena, berrikuntza eta ikerketa aplikatua ardatz dituena: Harrobia ikastola.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.