Oporrak Euskal Herrian

Lizarra, oso gertu

Donejakue bidearen babesean jaiotako Erdi Aroko hiri honetan, Nafarroako Erresuma Zaharraren esentzia guztia aurki daiteke. Ondare, gastronomia eta merkataritza aldetik oparoa da Lizarra.

Hilobi Santuaren Eliza. FOTO LIZARRA
2020ko abuztuaren 12a
14:56
Entzun

Lizarra Nafarroako erdialdeko mendebaldean dago, eta Lizarrako merindadeko hiriburua da. Eskualdea naturaz inguratuta dago: Ega ibaia hiriaren bihotzetik igarotzen da, eta Urbasa-Andia eta Lokiz mendilerroak eta Allozko urtegia bezalako toki txundigarriak hurbil daude.

Lizarrako kaleetan zehar ibiltzea denboran bidaiatzea da, eraikin historiko ikusgarriak ezagutzea: eliza erromanikoak eta gotikoak, jauregiak eta jauretxeak. Lizarra bisitatzea interesgarria da, Rua kalean ibiltzea, hiriko kalerik zaharrenean, eta eraikin esanguratsuekin harritzea. Besteak beste, Ruako San Pedro elizarekin, Nafarroako Errege-Erreginen jauregiarekin eta Hilobi Santuaren Elizarekin.

Bertako produktu bikainak

Erdi Arotik, Lizarra ezaguna da jaki bikainak eskaintzen dituelako. Kodex Kalistinoak hauxe zioen hiriari buruz: «Lizarra aberatsa da, ogi ona, ardo ezin hobea eta haragia eta arraina dituelako, eta zorionez beterik dagoelako». Lizarrako gastronomian aipagarriak dira hurbileko baratzeetako barazkiekin egindako jakiak, esaterako zainzuriak, calbote-ak edo gaztain erreak, potxak, garaiko barazki ederrak, txerrikume errea, ajoarrieroa eta gaztak. Lizarrako gozo ospetsuak ahaztu gabe —Puyko Arrokak, San Andresen tarta eta Alpargatak—, inguruko upategietako ardoak eta bertako patxaran ospetsua.

Merkataritza hiriaren izendapena ere badu Lizarrak, izan ere hirian kalitate handiko merkataritza dago, modernoa, baina tradizioa ahaztu gabe. Gainera, urteko ostegun guztietan asteroko azoka tradizionala egiten da eta hileko bigarren larunbatean Plazara! antolatzen da, Lizarraldeko bertako produktuen azoka.

Urteko edozein garai ona da Lizarrara joateko, udazkenean, ganadu azoka sonatua antolatzen denean, edo udaberrian eta udan, Erdi Aroko Azoka eta herriko jaiak izaten direnean. Lizarra bisitarien zain dago, bere historiarekin, folklorearekin eta jendearekin goza dezaten opa die.

Informazio gehiago nahi izanez gero, estellaturismo.com webgunea kontsulta daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.