Euskal produktuak

Oilaskoa ezin falta

Lumagorri kooperatibak platerera itzuli zituen oilo gorriak duela 25 urte.

Oilaskoek elikadura guztiz naturala daramate. LUMAGORRI
2019ko abenduaren 11
09:28
Entzun

Garai hartan,  beherakada bat izan zen baserriko oilaskoaren ekoizpenean, eta hari buelta emateko asmoarekin sortu zuten hamar bazkide ekoizlek, 1993an, Zeraingo (Gipuzkoa) Lumagorri enpresa. Euskal gastronomia tradizionalean hain preziatua den oilaskoa Euskal Herriko plateretara itzultzeko sortu zen, hain justu, Gipuzkoako kooperatiba. Kalitatezko produktuak ekoizteagatik egin da ezaguna merkatuan, eta Eusko Label zigilua daramate oilaskoek. Gaur egun, 42 baserritako ekoizlek osatzen dute kooperatiba; gehienak Gipuzkoakoak dira, baina Bizkaian eta Araban ere ekoizten dute.

Lumagorri oilaskoak oilasko atlantiko gorriak dira. Baserritarrek, jaio eta egun batera jasotzen dituzte txitak, eta 90 egun bitartean erabat aske hazten, baserri inguruko belardietan. Hazkuntza prozesuan, ezinbestekoa da etxoletako tenperatura epel eta azpiak lehor mantentzea txitak oilo osasuntsu bihur daitezen. Eta hiru aste babesean egin ostean, belardira ateratzen dituzte, aske ibil daitezen.

Ustiategiak, baserriaren kokapena, klima faktoreak eta belardiaren egoera homologatuta daude: etxoletako aireztapena eta argiztapena erabat naturalak dira, ez dute bestelako sistemarik erabiltzen. Elikadura guztiz naturala dute; zerealez osatutako jakiak hartzen dituzte; gutxienez %60, artoa. Ez diete ematen inolako koipe eta gehigarri artifizialik; zelaietako belarretan bazkatzen dira.

Animalien bizi kalitateak eragin zuzena du haragian. Oilaskoak behar bezala garatzeko, behar-beharrezkoa da hazkuntza motela izatea. 90 eguneko hazkuntzarekin, oilaskoek giharrak behar beste garatzen dituzte, eta horrela lortzen dute haragi trinko eta zaporetsua izatea.

Filosofiaren gakoa

Lumagorriren nekazaritza eredua bakarra da: inguruari eusteko eta hura hobetzen laguntzeko asmoz, ingurugiroarekiko errespetutsua, eramangarria, jasangarria eta estentsiboa den ekoizpen jarduera batean oinarritzen da. Landa garapena eta emakumea nekazaritza arloan barneratzea ere bultzatzen du enpresak.

Eusko Labela duen baserriko oilaskoa osorik edo zatika merkaturatzen da, eta, beti, Eusko Label-Kalitatea zigiluarekin adierazten da. Oilasko osoen kasuan, izterrean edo hegalean ezarritako eraztunean ageri dute, eta zatikako piezetan, etiketa zenbakidunean.

Kooperatibak kalitate goreneko baserriko oilaskoa eskaintzen dio kontsumitzaileari: «zer erein, hazten eta jaten dugun, huraxe gara». Bioaniztasuna babesten du, nekazaritza osasuntsuaren aldeko apustua eginez, animaliaren ongizatea eta baserritarren bizi kalitatean lehentasuna jarrita.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.lumagorri.es.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.