EDUKI BABESTUA

Otorduekin osatu dute eskaintza

Jendearen eskaerak bultzatuta, jatetxea eta gastroteka ireki berri dituzte Alkizako Inazio Urruzola txakolindegian.

Oteizaren kubo metafisikoetan inspiratutako eraikina du jatetxeak. INAZIO URRUZOLA TXAKOLINA
2018ko urriaren 15a
10:50
Entzun

Ohiturak sagarra agintzen bazuen ere, «bihotzak eta senak» mahatsera eraman zituzten Xabier Urruzola eta Garazi del Rey, eta txakolingintzan murgildu ziren duela hamar urte, non eta Alkizan (Gipuzkoa), Urruzolaren aitarengandik jasotako XIV. mendeko Garaikoetxea baserrian. Urtebete lehenago, 2007an, Gipuzkoa osora zabaldu zen Getariako Txakolina sor-marka, eta Hernioren magalean ere izendapen horretako txakolina egiteko aukera ikusi zuen bikoteak.

Urratsez urrats joan dira bidea eginez: aurreneko urtean, tramite administratiboak osatu zituzten; hurrengoan, lehen mahastiak landatu; 2012an, lehen Inazio Urruzola txakolin botilak merkaturatu zituzten —Urruzolaren aitaren izena—; eta, 2013an, upategi bat egin zuten. Berri-berria da azken proiektua: jatetxea eta gastroteka ireki dituzte baserriaren ondoan, beste eraikin batean.

Bikotearen esanetan, «naturalki» etorri da espazio hori. «Jendearen eskaeraren ondorio izan da: bisitak-eta egiten hasi ginen, eta ikusten genuen jendeak nahi zuela etorri txakolindegira, mahastiak ikusteko eta txakolina probatzeko». Ardogintzari «keinu bat» egiten dio gastrotekak, eta gune ludiko moduan planteatzen dute. Besteak beste, txakolinaren ekoizpen prozesua nolakoa izaten den ikus dezakete bertaratzen direnek, eta Urruzola upategian egiten dituzten lau ardoak —Inazio Urruzola txakolin xuria eta gorria, Hernio txakolin berezia eta Juanita aparduna— dasta ditzakete, mokadu bat eginez. Baina ez hori bakarrik: munduko beste hainbat herrialdetako sor-marketako ardoak daude gastrotekako kartan, eta ardo bakoitza zein janarirekin uztartzen den azaltzen dute. «Sor-marka bateko parte garen aldetik, iruditzen zaigu beste sor-marka batzuk ere ezagutaraztea dela gureari errespetua erakusteko modurik onena».

Jatetxeak osatzen du eskaintza gastronomikoa. Bi menu prestatu dituzte, aukeran, eta ostiraletik igandera bitartean irekitzen dute —ehun lagunentzat du tokia—. Astegunez joan nahi duenak, berriz, erreserba egin behar du. Jatetxearen bidez, enpresei ere zerbitzu bat eman nahi diete Urruzolak eta del Reyk. «Gune serioetatik urrunago, naturaren erdian eta ardoaren inguruko leku batean, dastaketa bereziak edo beren bilera pribatuak egiteko espazio bat eskainiko diegu, Tolosatik minutu gutxira». Horretarako, bozgorailuz, proiektorez eta abarrez hornitu dute gunea.

Ingurua ez ezik, dotorea da eraikina bera ere, barrutik nahiz kanpotik. Oteizaren kubo metafisikoetan inspiratutako diseinua du. «Inguru hau sagardoarekin egon izan da lotuago, eta gu, XXI. mendean, hortik txakolinera gatoz, eraldaketa batekin. Iruditu zitzaigun Oteiza eta haren diskurtsoa bat zetozela gurekin. Diseinuaren apurketa bat da baserria errespetatzea, eta haren azpian eraikin hau egitea». Barruan, berriz, Koldobika Jauregi eta Angel Uranga artisten lanak ikus daitezke.

Lau txakolin mota egiten dituzte Inazio Urruzola upategian

Laster, laugarrena

Beste proiektu bat ere badute esku artean: abenduan merkaturatuko dute Juanita aparduna —del Reyren amonaren izena darama—. «Beste herrialdeetara-eta bidaiatu izan dugunean, apardunei erreparatu izan diegu, eta ikusi dugu gure mahatsa, Hondarribi Zuria, oso barietate ona dela apardun bat egiteko».

Izan ere, asko bidaiatzen du bikoteak. «Orain dela urte batzuk, jendeari iruditzen zitzaion txakolina ez zela esportagarria, eta guri iruditzen zitzaigun baietz. Gure nahietako bat beti izan da beste herrialde batzuk eta haietako ardoak ezagutzea eta txakolina mundura zabaltzea».Ahalegin horrek izan du bere emaitza, ekoizpenaren erdia baino gehiago esportatu egiten baitute: AEBetan, Japonian, Kanadan, Mexikon, Italian, Frantzian, Txilen, Ingalaterran, Polonian eta Herbehereetan dituzte bezeroak. Oso ohikoa da baserriaren inguruan atzerritarrak ikustea ere. «Bisita asko izaten ditugu: inportatzaileak, haien bezeroak... Euskal Herriko baserriak, parajeak, gure kultura eta abar erakusten dizkiegu, eta hartu-eman hori oso aberasgarria da».

Kontatu dutenez, lan eta inbertsio handia eskatzen du beste herrialde batera sartzeak, eta bide horretan lantaldeak duen garrantzia nabarmendu dute: «Talde oso ona dugu, eta hori oso garrantzitsua da: Gutaz gain, Aintzane eta Nerea daude; lagunartean egin dugu bidea, eta uste sendoa dugu lanerako modu horretan».

Eta garaiak agintzen duen moduan, aurtengo uzta jasotzen ere hasita daude Alkizako mahastietan. Iragarri dute kopuru aldetik «erdipurdikoa» datorrela. «Udaberririk ez du egin aurten, eta lore garaia oso garrantzitsua izaten da; udan ere hezetasun handia izaten da». Lasaitua hartuko dute mahats guztia etxeratutakoan, baina ez atsedena, Urruzolan etengabe ari baitira ideia, proiektu eta merkatu berriak konkistatu nahian.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: inaziourruzola.eus

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.