Hezkuntza

Talentua sustatzen Inmakulada Ikastolan

2023-2024ko ikasturtetik aurrera, osasun familiako hezkuntza-eskaintza areagotuko dute Inmakulada Lanbide Ikastolan, eta goi mailako Protesi Audiologiako teknikari izateko prestakuntza ere emango dute.

Ikasleak pertsona autonomo, kritiko eta iniziatibadunak izan daitezen prestatzen dituzte Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolan. INMAKULADA LANBIDE IKASTOLA
2023ko maiatzaren 9a
12:26
Entzun

Talentua sustatzearen alde egiten du Tolosako (Gipuzkoa) Inmakulada Lanbide Ikastolak, eta aitzindaria ere bada. Izan ere, 2023-2024ko ikasturtetik aurrera, osasun familiako hezkuntza-eskaintza areagotu egingo du, eta goi mailako Protesi Audiologiako teknikari izateko prestakuntza ere emango du. Beraz, Euskal Autonomia Erkidegoan arlo horretako prestakuntza ematen lehena izango da Inmakulada Lanbide Ikastola.

Horrela, osasun arloko espezializazioan oinarrituta, audiologia-ebaluazioa egin eta entzumen-protesiak hautatu eta egokitzeko profesionala izateko prestatuko ditu Protesi Audiologiako teknikari gisa aritzeko asmoa duten ikasleak. Lan munduan behar handiko zikloa da, eta prestakuntza prozesuan Osasuna eta Teknologiak uztartuko dira.

Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolan oso garrantzitsua da talentua eta ekintzailetza sustatzea, Ana Monge zuzendariak azpimarratu duenez: «Arduraz hartzen dugu gaur egun gizartean hain baloratua den talentua sustatzeko enkargua. Ikasle autonomo, kritiko eta iniziatibadunak ezinbestekoak dira informazioaren gizartean. Bizi proiektua izatea, sormena eta adimen emozionala ezaugarri garrantzitsu bilakatzen dira ziurgabetasun garaian. Etorkizuna digitala, eleaniztuna eta globala da, eta, erronka honi aurre egiteko, ekintzailetzan heziko zaituztegu. Aurreko ezaugarri horiek guztiak bilduz, pertsona kooperatibo eta konprometituak izan nahi ditugu gure artean».

Suhar proiektua

Hori guztia lantzeko, Inmakulada Lanbide Ikastolaren tresnarik garrantzitsuena bere hezkuntza proiektua da: Suhar. «Aipatutako ezaugarri horiek lantzeko, espazio anitz eta sortzaileak topatuko dituzue: espazio fisiko egokituak, teknologiaz jantzitako gelak, harremanak garatzeko esperientzia eta proiektu berritzaileak (ikastolan zein ikastolatik kanpo); hori guztia gertutasun eta malgutasun giroan».

Suhar hezkuntza proiektuarekin izango dituzten esperientziekin ikasleek haien talentua garatu ahal izango dute, Mongek azaldu duenez. «Erronkak, ikasketa zerbitzu eta proiektuak (bertako zein nazioartekoak) ditugu ardatz. Dual berria eta aurreratuaren bidez ikastolako ikaskuntzak lan errealitateko bizipenekin kontrastatuz, konpetentzia horiek potentziatzen ditugu. Batzorde autokudeatuek lidergoa eta haien interesak garatzeko aukera izango duzue, ekintzailetasun digitala barne».

Halaber, Erasmus proiektuekin eta ikasleen arteko trukeekin, nazioarteko begirada lantzen dute Inmakulada Ikastolan, «Hazitokia dugu garapen pertsonala lantzeko espazio aproposa. Urteroko boluntariotza azokak gizarte arloko enpresak ezagutu eta haiekin elkarlanean gizartearekin konpromisoa lantzeko aukera eskaintzen dizue».

Ikastolako langileen talentua garatzea ere oinarrizkoa da Inmakulada Lanbide Ikastolan: «Konpetentzia horiek ikastolaren helburuak eta langileen gaitasunak alineatuz lantzen ditugu. Hezkuntza beharrez haratago, gizartearen beharrei ere erantzun behar die langileek. Ikastola ez da agente bakartu bat: auzo, herri eta gizarte ingurune baten parte aktiboa da, eta horrek ikastolako kide guztien konpromisoa eskatzen du elkarrekin hazi, ikasi eta bizitzeko».

Ana Monge zuzendariak Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolan prestatzera animatzen ditu ikasleak: «Zatoz eta hazi, hezi eta gozatu gurekin!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.