NDF Nazioarteko Diru Funtsak aurreikuspen ekonomikoak eguneratu ditu gaur, lehen aldiz Erresuma Batuak Europako Batasunetik ateratzearen alde bozkatu zuenetik. Oraindik ere brexit-ak izango dituen benetako efektuak zeintzuk diren neurtzea oso zaila dela onartu du funtsak, ziurgabetasuna nagusitu delako. Ekonomia globalari presio gehiago sartuko diola ohartarazi du, baina, momentuz, horren eragin ekonomikoa mugatu du. Hondamendirik ez dute irudikatzen kalkulu gaurkotuek.
Bozketa gertatu baino lehen mundurako aurreikuspena igotzeko prest zegoen NDF, urteko lehen erdian uste baino indar handiagoa izan duelako hazkundeak eurogunean eta Japonian, besteak beste. Hobekuntza hori seko geldituko du brexit-ak, Erresuma Batutik eta eurogunetik at eragin eskasa izango duela onartuta ere.
Hala, ekonomia globalaren hazkunde prebisioari hamarren bat kendu dio funtsak. Munduko BPG barne produktu gordina %3,1 handituko da aurten, eta %3,4 datorren urtean. Aldaketa nagusia Erresuma Batuaren prebisioari dagokio. Aurten bi hamarren eta 2017an bederatzi galduko lituzke. Erorketa aipagarria bada ere, eragile batzuk iragarritako atzeralditik urrun legoke oraingoz herrialdea: %1,7ko hazkundea 2016an, eta %1,3koa heldu den urtean. Hau da, galdeketaren emaitza eta guzti Alemania, Frantzia edo Italia baino gehiago hazteko moduan ikusten du NDFk Erresuma Batua.
Galdeketaren efektuek isla izango dute eurogunean, baina ez dute hondamendirik eragingo. NDFk prebisioa igo du 2016 urterako —%1,6—, eta bi hamarren kendu dizkio 2017rako, igoera %1,4ra mugatuta. Alemaniari egin zaio berrikuspen esanguratsuena. Orain arte espero zena baino lau hamarren gutxiago haziko da euroguneko ekonomiaren motorra (%1,2). 2017 urterako prebisio berrian Espainiak bi hamarren galdu ditu, eta Frantziak nahiz Italiak, hamarren bat.
Hiru aukeretatik aldekoena
Brexit-aren ondorioei buruzko irakurketan tentuz jokatu nahi du NDFk. Emaitzen osteko informazioa oso mugatua da, eta oraingoz alternatiba baikorrenari eutsi diote ikertzaileek. Hau da, irteera negoziatzeko prozesu lasaia izango dela, truke ekonomikoei traba handiak ez zaizkiola jarriko, zehar efektu politiko mugatuak daudela, eta finantza merkatuetan ez dagoela aparteko zurrunbilorik.
Ondorio txarragoak iragartzen dituzten beste bi kalkulu alternatiboekin alderatuta, aukera zentrala hori dela defendatu du Maurice Obstfeld funtseko ekonomia kontseilari eta ikerketa departamentuko buruak. "Aukera alternatiboetan pisu gutxiago jarri izanaren arrazoi nagusia da finantza merkatuek ondo eutsi diotela galdeketaren osteko asteetan", zehaztu du. Merkatuen erreakzio neurritsuek eta banku zentralen prestutasunak berehalako finantza krisi baten arriskua urrundu dute, NDFren aburuz.
Bigarren iragarpenean kontuan hartu dute finantzazio baldintzak gogortzeko eta enpresen nahiz kontsumitzaileen konfiantza gehiago murrizteko aukera, edota Erresuma Batuko finantza zerbitzuen parte bat eurogunera lekualdatzea. Efektu gehiago lituzke horrek, eta hazkundeari koska bat gehiago hartuko lioke, bai munduan bai ekonomia aurreratuetan.
Hipotesi txarrenak kontuan hartzen du finantza arazoak eta konfiantza urraketa handia, eta negoziazioen ondorioz EBren eta Erresuma Batuaren arteko harremana bueltatzea MME Munduko Merkataritza Erakundearen oinarrizko arauetara. 2017 urtean ekonomia aurreratuen hazkundea erdira jaitsiko luke hipotesi hori gauzatzeak, eta Erresuma Batua atzeraldian eroriko litzateke. Edonola ere, aukerarik txarrena gauzatzeko arriskua urrun ikusten du funtsak.