Egutegia eta deklarazioa emango duten pertsonen zerrendak zehaztu ditu Maria Teresa Trinidad Santos epaileak, auziko lehen bistan. Akusatuen galdeketak eta lekuko eta perituen deklarazioek sei saio hartuko dituzte, hasiera batean. Azken saioa egongo da akusazioek eta defendatzaileek euren ondorioak aurkezteko. Zazpi saio horietan galdera bati erantzun beharko diote: konkurtso "erruduna" izan zen Hirikorena? Beste era batera esanda: sustatzaileek izan zuten diru publikotik 18 milioi euro irentsi zituen proiektuaren erorketaren ardura? Baiezkoa nagusitzen bada, diru hori itzultzeko eskatu dute administrazio konkurtsalak, fiskaltzak eta estatuko abokatuak.
Porrotaren lau arduradun eta hamar konplize identifikatu dituzte akusazioek. Jesus Etxabe enpresaburua, Iñigo Antia EAJko zinegotzi ohia, Jose Luis Bengoetxea eta Fernando Atxaerandio. Laurak astebete barru deklaratzera deitu ditu epaileak. Haien defentsak eskatu du agerraldirik egin behar ez izatea. Izan ere, fiskaltzak sustatzaileen aurka aurkeztu duen kereilan lau akusatu nagusiak dira —beste bi ere sartuta daude prozeduran: Jose Barreira eta Francisco Javier Calera—, eta defentsak argudiatu du ez dutela zertan deklaratu behar, esandakoa beste epaiketa batean euren aurka erabiltzeko arriskua legokeelako. Epaileak ez du eskaera onartu, ordea, eta galdeketak baimendu ditu.
Konplizeen artean hamar bat sozietate izendatu dituzte. Launorte, Universal Araba, Sociedad Alavesa de Inversiones, Lanbide, SAPA, SAPA Operaciones, Maser, eta Denokkin. Azken horren zuzendaria, Luis Miguel Macias Eusko Jaurlaritzako sailburuorde ohia, zerrendan dago, partikular gisa, Carlos Javier Fernandez Isoirdekin batera. Maciasen abokatua ere saiatu da hura epaiketatik at uzten, baina epaileak aurrera segitzea erabaki du, eta akusazioari galdekatzeko aukera emango dio.
Villadelpraten deklarazioa
Irailaren 29an lekukoen deklarazioak hasiko dira. Horien artean egongo da Joan Villadelprat enpresaburua eta Epsilon proiektuko arduraduna, besteak beste. Hirikoko langile ohiak eta auzian sartuta dauden enpresa ezberdinetako ordezkariek hartuko dute hitza, hasiera batean hiru saio hartuko dituzten deklarazioetan.
Konkurtsoaren administratzailea, Francisco Javier Escobosa, eta Alex Arriola SPRIko zuzendaria pasako dira auzitegitik, halaber, kasu honetan Hirikoren kudeatzaileek enpresaren konkurtso eskaera behar baino beranduago egin zuten aztertzeko. Azken saioa, hasiera batean, urriaren 27an egingo da, akusazioen eta defendatzaileen azken argudioak entzuteko.
Merkataritza arloko epaiketatik aparte, fiskaltzak abiatutako kereila dago martxan. Diru publikoa "euren alde desbideratzeko" sozietate sare bat eratzea egotzi die Arabako fiskalak, Josu Izagirrek, sei akusaturi. Sei delitu dira, guztira: ondasun publikoen bidegabeko eralgitzea, agiri faltsutzea, administrazioari iruzurra, dirulaguntza publikoen iruzurra, bidegabeko jabetzea eta kapitalak zuritzea. Prozedurak aurrera jarraitzen du, baina oraingoz ez dago epaiketarik.
Hiriko ibilgailu elektrikoaren finantzaketa ia guztia Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren kutxatik atera zen. Zienzia eta Berrikuntza Ministerioak 14,75 milioi euro jarri zituen, bi akordioren bidez, eta Jaurlaritzak 2,6 mililioi euro bideratu zituen. 2013. urtean arazo ekonomikoetan sartu zen, baina konkurtso eskaera urte erdi geroago iritsi zen, 2015. urtean.