Gaspar Mercedes-Benzeko lantegi industrialen presidentea izan zen, eta Hiriko garatzeko fitxaketa izan zen, 2012. urtean. Haren izena behin eta berriro atera da epaiketan. Akusatuen defentsak saiatu dira frogatzen auto elektrikoari lotutako erabaki polemiko batzuk hark hartu zituela —besteak beste, Epsiloni prototipo bat erostea 600.000 euroren truke—. Oraingoz, bertan behera geratu da deklarazioa, eperik gabe. Auzitegiko iturrien arabera, Gasparren justifikazioari buruz idatzi luzea jaso du Maria Teresa Trinidad Santos epaileak, eta hori aztertzen ari da.
Uste baino gehiago ari da luzatzen merkataritza epaiketa, eta orain dela aste batzuk epaileak ohartarazi zuen prozesu osoa urtebete atzeratzeko arriskua zegoela, deklarazioak azaroaren 10erako amaitzea posible ez balitz. Izan ere, Probintzia Auzitegiaren lehen aretoa ari dira erabiltzen saioetarako, eta astelehenetik aurrera beste epaiketa bat hasiko da, epaimahaiarekin. Ondoren, aretoa itxiko da, De Miguel kasuko saiak hartu ahal izateko obrak egin behar baitira.
Gasparren deklarazioa kasurako ezinbestekoa den edo ez ebatzi beharko du orain epaileak. Fiskaltzak deitu zuen lekukoa, eta ez dio uko egin nahi. Beste saio batean aurreratu zuen epaileak bere esku geratuko dela deklarazio hori gabe aurrera segitzea. Informazio nahikoa duela uste badu eta fiskaltzaren argudioek ez badute konbentzitzen, lekukotza ken dezake.
Berez, Gasparrena Hirikoren porrotari buruzko azken lekukotza litzateke. Ondoren, soilik akusazioen eta defentsen azken argudioak faltako lirateke, eta horiek egiteko ez legoke espazio arazorik.
Administrazio konkurtsalak porrotaren erruduntzat jo ditu ibilgailu elektrikoa sustatu zuen irabazi asmorik gabeko elkarteko buruzagiak, EAJtik gertuko enpresaburu taldea. Interes orokorrari egindako kaltea 15,7 milioi eurotan kalkulatu dute. Fiskalak diru hori guztia itzultzeko exijitu die akusatuei, eta hamar urterako inhabilitatzea. Estatuko abokatuak, azkenik, zor guztia bueltatzeko eskatu du: ia 19 milioi. Epaiketan kalifikazio horren aurka akusatuek aurkeztu duten helegiteari erantzun beharko zaio.