Merkataritza arloan ezohiko epaiketa izan da hasieratik Hiriko ibilgailu elektrikoaren porrotari buruzkoa. Tramitazioan izan diren korapilo guztiei beste bat gehitu zaie gaur: epea. Deklarazioak egiteko beste bi saio deituta daude —urriaren 31n eta azaroaren 10ean—, eta lekukoren baten agerraldia atzeratzen bada, ez da posible izango epaiketa garaiz amaitzea.
Egutegi estua dute. Azaroaren 13ean epamahia duen beste auzi bat abiatu behar da. Ondoren, aretoa itxiko da, De Miguel kasua egin ahal izateko obrak egitea aurreikusi delako. Epaiketa hori heldu den urtarrilaren 9an hasiko da, eta hamar hilabetez luzatuko da, urriaren 25era bitarte. Horren ondotik heldu beharko litzaioke berriro Hirikoren porrotari.
Falta diren lekukoak entzuteko garrantziari buruz zalantzak agertu ditu aldez aurretik epaileak, eta baita ere gaur. Hain zuzen ere, azaroaren 10ean Armando Gasparrek bidekonferentzia bidez deklaratu beharko luke Alemaniatik, baina ez dago garbi tramitea ordurako eginda egongo den. Maria Trinidad Santos epaileak eskatu dio berriro Cristina Vicente fiskalari argitzeko zer galdetu nahi dion Gasparri. Fiskaltzaren argudioak ez bazaizkio aski iruditzen, lekukoaren deklarazioa ez dela beharrezkoa erabaki dezake epaileak, eta, ondorioz, epaiketa bukatutzat eman. Armando Gasparrek Hirikoren zuzendaritza orokorra hartu zuen 2012an, eta defentsek hari leporatu diote negozio erabaki polemiko batzuen ardura, horien artean, Epsiloni lasterketerako auto bat erosi izana, 600.000 euroren truke.
Gasparrez gain, beste hiru lekuko faltako lirateke. Defentsek aurkeztutako peritu batetik aparte, urriaren 31rako hitzordua eman diote Joan Villadelprat Epsiloneko buruzagi ohiari. Harekin batera, Xabier Legarreta Denokinneko zuzendaria ere deklaratzera deituta dago. Gasparrekin gertatzen den gisara, Legarretaren deklarazioa ere bertan behera utz dezake epaileak, gai berari buruz gutxienez hiru lekukoren iritziak entzun dituela justifikatzen badu.
Agerraldi guztiak azaroaren 10ean amaituko balira, azken saio bat egingo litzateke, akusazioek eta defentsek ondorioak aurkez ditzaten. Kasu horretan ez legoke espazio arazorik, saioa areto txikiago batera lekualdatzeko aukera dagoelako.
Administrazio konkurtsalak porrotaren erruduntzat jo ditu ibilgailu elektrikoa sustatu zuen irabazi asmorik gabeko elkarteko buruzagiak, EAJtik gertuko enpresaburu taldea. Interes orokorrari egindako kaltea 15,7 milioi eurotan kalkulatu dute. Fiskalak diru hori guztia itzultzeko exijitu die akusatuei, eta hamar urterako inhabilitatzea. Estatuko abokatuak, azkenik, zor guztia bueltatzeko eskatu du: ia 19 milioi. Epaiketan akusatuek errudun kalifikazio horren aurka akusatuek aurkeztu duten helegiteari erantzun beharko zaio.