Finantza krisiaren amaiera bertan ikusten du Laboral Kutxak. Horren lekuko da urte honen amaierarako eginda daukaten aurreikuspena: euskal ekonomia %1 haztea espero du. Baina hazkunde horri begiratu beharrean, indartu beharra ikusten du finantza erakundeak. Horregatik, nazioartean beharrean ari diren enpresa txiki eta ertainak laguntzeko finantzabidea zabaldu du. 1.000 milioi euro emango ditu kreditutan, eta 2.000 enpresa inguru laguntzea aurreikusten du Josu Arraiza merkataritza sarearen zuzendariak.
Kreditu horietatik 350 milioi Bizkaiko enpresentzat izango dela aurreikusi du Laboral Kutxak, 250 milioi Gipuzkoakoentzat, 150 milioi Araban izena emandakoentzat, 100 milioi Nafarroakoentzat, eta gainerako zenbatekoa kanpoko sukurtsalentzat. “Gure bezeroen edozein behar asetzeko eskainiko dira kreditu horiek, eta horien prezioa beharraren araberakoa izango da”. Enpresa txiki eta ertainentzako kreditu bidea zabalik da jada, eta urte amaierara biartean eskainiko dute.