11.000tik gorakoak urtuta

Joseba Barandiaran Andueza.
B.ANDUEZA
2010eko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Zazpi saiotan jarraian igoerak izan ostean, galera eguna iritsi zen atzo. Bezperan elurra urtu zen bergisan desagertu ziren Ibex-35ek (-%0,68) 11.000ko langatik gora pilatuta zituen apurrak. Salerosketa indartsuegirik gabe, 1.821 milioiren akzioak salerosi ziren ohiko merkatuan Ibex-35eko akzioetan, elurrak eguzkitan baino indar gutxiago izan zuten kotizazioek: Ebro Puleva (-%4,83) izan zen eguneko kolpatuena, esnekien negozioa 630 milioian saldu duela jakinarazi ostean eta akziodun dituen zenbait aurrezki kutxek euren partaidetza saltzeko beharra izango ote duten susmopean. Telecinco (+%0,52) izan zen irabazle apurretako bat, gaur akzioko 0,199 euroko dibidendu gordina ordainduko duela ospatuz edo. Bi banku handiek %0,9na pasa galdu zuten, Erresuma Batuan Royal Bank of Scotlanden 320 bulegoren enkantea begiz jo ote duten zurrumurrupean. Edurnezuri (-%0,64) ere indarge agertu zen. Espainiako kontsumoaren elur maluten zain.



Bankinter (-%1) zigortu berri du Madrilgo epai batek, 1,58 milioiren ordaina eman dakien 87 bezerori, Lehman Brothers eta Islandiako bankuen porrotak eragindako galeren ordain gisa. Kaltetuek 10,2 milioiren kalteordaina eskatzen zioten Espainiako banku horri. Kopuruagatik baino, suposatzen duen aurrekariagatik da garrantzitsua epaia: inbertsio baten benetako arriskuen nondik norakoak ezagutzen ote dituzte aurrezle eta inbertsiogileek hainbat produktu kontratatzerakoan? Zenbaterainoko erantzukizuna du bitartekariak? Eta nola frogatu berau?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.