113 langileri kontratua eten eta 77 kaleratzeko dosierra aurkeztu du Sunsundeguik

Asientos Esteban Landabengo lantokiak 225 langileren lana 60 egunez erregulatu nahi du, abendura bitartean

Erredakzioa
2009ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Espainiako Lan Ministerioaren arabera, dagoeneko 44.000 langile daude lana erregulatzeko dosierretan Hego Euskal Herrian. Baina gehiago ere izango dira aurkeztu dituzten beste dosier batzuk kontuan hartuz gero. Altsasuko Sunsundeguiko enpresakoa da horietako bat. Autobusen eta trenen karrozeriak egiten dituen enpresak 113 langileri 67 egunetarako kontratua eteteko eta 77 kaleratzeko txostena aurkeztu du. Onartuz gero, ia lan talde osoari eragingo lioke, 260 langile baititu egun.

Langile batzordea dosierraren kontra azaldu da. «Onartezina» dela adierazi du, azpikontratatutako lanak enpresak zuzenean kontratatuta dauzkan langileek egin ditzaketela iritzi diolako. Maiatzean bertan eskaerak %40 jaitsi zirela jakinarazi zuen enpresak, eta, hori dela eta, soldatak izozteko eta aparteko hiru soldatak (aurtengo bi eta 2010eko bat) kentzeko proposamena helarazi zion langile batzordeari. Pare bat hilabeteko dosierren bat aurkeztea ere aztertu zuen, baina ez, ordea, inor kaleratzea.

Autogintzari lotutako Nafarroako beste enpresa batek ere aurkeztu du enplegua erregulatzeko espedientea: Asientos Estebanek. Landabengo lantegi osoari eragingo dio (205 langileri), baita Ikerketa eta Garapen saileko hogei langileri ere. 60 egunetarako izango da dosierra, eta abendura arte egongo da indarrean.

Enpresak, proposamena ezagutarazi den arren, ez du beste zehaztapenik eman baldintzen inguruan. Asientos Estebanek autobusentzako eserlekuak egiten ditu. Haren bezeroen artean, hain zuzen, Sunsundegui dago, baita Irizar ere.

Dosierra luzatu du Sidenorrek

Basauriko Sidenorreko zuzendaritzak enplegua erregulatzeko dosierra luzatzea hitzartu du langile batzordearekin. Ekainaren 30ean amaitzekoa zen, baina abenduaren 31era arte egongo da indarrean. Gasteizko langileek ere onartu dute luzapena, USOk jakinarazi duenez. Azkoitian eta Legazpin, ordea, oraindik ez dute erabakirik hartu.

Amurrioko Tubos Reunidosen, berriz, protestekin jarraitzen dute, enpresan «zalantzazko» etorkizuna dutela salatzeko. Enpresaren egoera «okertu» egingo dela «ziur» dago langile batzordea, eta, horregatik, ekainaren 12, 19 eta 26an egingo diren elkarretaratzeetan eta uztailean Gasteizera egingo den martxan parte hartzera deitu dituzte langileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.