13 'stock'

Joseba Barandiaran Andueza.
2009ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Biluztu egin da Edorta Jimenez Stock 13rekin eta burtsan ere, 13 (eta gehiago) stock (akzio, ingelesez) gorritu ziren atzo; Ibex-35 (-%2,58) ez zen salbuespena izan. Thanksgiving izanda ostiral beltza aurrikusi edo ez, danbatekoari buruzko aurretiko espekulazioa bazen, harik eta Dubaiko tsunamiak Mundakako olatua haurren jolas bihurtu zuen arte. Burtsak amiltzea ulergarria da: dirua izan baduenak ez ordaintzeari ekiten badio, zer ez ote du egingo dirurik ez duenak? Sexu gogorra da galdera horri erantzutea eta gorri-gorri gelditu ziren Ibex-35eko tropelean, OHL (+%1,35) ez, beste akzio guztiak. 2.099 milioiren salerosketarekin, %3na pasa jaitsi ziren bi banku handienak, %1,82 Edurnezuri eta, okerrago, %5na pasa Arcelor eta Ferrovial eta %4na pasa Cintra, Iberia eta Sacyr. Repsol-YPFk (-%2,51) ez du Ekialde Hurbileko herriekin negozio zuzen asko, baina soka luzea ekar lezake, konfiantzaren kaltetan, Dubaikoen bekatuak.



Quiron Vizcaya. Sabadell (-%2,85) bankuak 55 milioitan erosi du Quiron Vizcaya ospitale berria. Quiron enpresak kudeatuko duen arren, Sabadell bankuaren higiezinen funtsa izango da beronen jabea eta 20 urterako alokatuko dio Quironi.



Renovables (-%0,92) izan zen atzo gutxien jaitsi zen akzioetako bat. Energia berriztagarrien alorrak, dirulaguntza publikoen gainsarien inguruko zalantza duen arren, energia eskariak behera egindakoan nabarmentzen du bere abantaila ere. Haizeak, kasu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.