Esperantzara kondenatuak daude txerritxo ehiztariak, Gari bezainbat. AEBetako langabezia tasak azken 26 urteetako maximoa jo du; Legazpiko kantariaren jardunekoak, gutxi-asko. Atzeraldiaren amaiera iragarri zutenean, eguzki berritan gaudela esan ziguten. Eta etorkizunak lore asko ditu, baina arantzak ere bai. Ibex-35 (+%0,27) indizeak buelta eman zion langabezia datua ezagutu osteko shock horri eta 11.600 puntuak ez ditu urruti. 2.091 milioiren salerosketan, lore jakin batzuk nabarmendu ziren: Mapfre (+%2,29) eta Iberia (+%4,76) batetik eta, nagusiki, Botinen lore Santander (+%0,76); bankuaren bultzada erabakigarria izan zen atzo. Espainiako Gobernuak 3 mila milioi euroz gorako laguntzak iragarri ditu aeronautikarako, eta horrek Iberia poztuko zuen; petrolioaren aldetik, zimel antzean zegoen Repsol-YPF (=) bederen. Azken hilean, Ibex-35 bera zimel samar agertu den ber gisan: %0,2 baino ez du irabazi. Sortuko dira berriak.
Urre ontzak1.100 dolarreko prezioa erdietsi du lehen aldiz. Kontua da urrea garestitu den edo dolarra merkatu. Bitxigileren batzuk hasiak dira esaten urreak ez duela baliorik galtzen, ezta krisi garaian ere. Lelo ezaguna, ala?
Criteriak (+%0,45) 1.135 milioi irabazi ditu aurten urria bitarte; iaz epe berean baino %17 gehiago. Mila milioiren zorra jaulkiko duela ere jakinarazi du eta, besteak beste, Austriako Erste bankuan %10 bereganatuko du.
16 lore eta gehiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu